'Gaztezulo' aldizkariari eman diote prentsa idatziaren Argia saria

'Orain' telebista saioa, 'Ahotsak.com' ataria,'Ni ere euskaraz' kanpaina eta 'Ekaitz perfektua' irratsaioa saritu dituzte

Saritu guztiak Anton Mendizabalen garaikurra eskuetan dutela. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Usurbil
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
«Euskal gazteek beren burua imajinatzeko eduki duten tresna garrantzitsua izateagatik», Gaztezulo aldizkariak jaso du 2011ko prentsa idatziaren Argia saria. Aldizkariak hamar urte daramatza kioskoan, eta urte hauetan egin duen lana aitortu nahi izan dute. Aurtengo beste sarituak hauek izan dira: Ahotsak.com webgunea, Fermin Etxegoien idazle eta kazetariak Gaztea-n zuzentzen duen Ekaitz perfektua irratsaioa, Donostiako Euskara Patronatuaren Ni ere euskaraz kanpaina eta ETB3ko Orain saioa.

Atzo egin zen sari banaketa Usurbilgo Atxega jatetxean (Gipuzkoa). Aitor Furundarena trikitilariak girotu zuen ekitaldia. Sarituek Argia-ko langileen eskutik jaso zuten aitortza eta Anton Mendizabalek egindako garaikurra. Gaztezulo-koJone Fernandezek adierazi zuen sariak hamar urte hauetan egindako lana biribiltzen duela: «Aurrera egiteko indarra eta hauspoa ere ematen digu, murrizketen ondorioz zailtasunez betetako garaiak baitira. Etorkizunean ere, Euskal Herriko gazteentzako topagune erabilgarria eta interesagarria izaten jarraitzea espero dugu». Urte hauetan aldizkarian parte hartu duten langile eta kolaboratzaileei eta euskararen normalizazioan lanean ari diren guztiei eskaini zien saria.

Aurtengo denboraldian garaiko ehun diskorik onenak aukeratzeko eta bakoitzari saio bat eskaintzeagatik egindako apustu «arriskutsuagatik» eman diote Fermin Etxegoien kazetari etaidazleak Gaztea-angidatzen duen Ekaitz perfektua irratsaioari irratiko Argia saria. Epaimahaiaren arabera: «Bai aukeraketa, bai saio bakoitza mimo handiarekin egin ditu. Euskal Herriko zein atzerriko musika uztartu ditu, disko oso ezagunak gomendatuz batzuetan, eta ezagunagoak izan beharko luketenei lekua eginez besteetan. Hori ezinbestekoa da musikaren inguruan kultura zabalagoa izan dezagun». Argia saria jasotzea ohorea dela adierazi zuen, eta eskerrak eman zizkien Gaztea-ko egungo eta lehenago zuzendariei. «Formula honetan sinetsi zuten, eta irrati komertzial batean hori ez da erraza».

Interneteko egitasmoen artean, Ahotsak.com webgunea saritu dute, «euskararen ahozko ondarea gorde eta berreskuratzeko egindako ahaleginetik». Ekimena martxan jarri zutenetik 3.094 adineko pertsona elkarrizketatu dituzte. Haien testigantzak bilduz 5.000 bideotik gora, eta ia 2.000 audio artxibo jarri dituzte sarean. «Proiektuan lagundu diguten erakunde eta norbanako guztiei eman nahiko nizkieke eskerrak. Haien laguntza ezinbestekoa izan da kontaktuak lortzeko, hiztunen zerrendak osatzeko, elkarrizketak egiteko... », nabarmendu zuenekimeneko bultzatzaile Asier Sarasuak. Baina, batez ere, elkarrizketatuak izan diren adinekoak izan zituen gogoan. «Haien etxeko ateak ireki, eta testigantzak kontatu dizkigute. Proiektua haiena da». Urte hauetan egindako lanari eutsiko diote etorkizunean ere. «Sarean lan egiten jarraituko dugu, sarearentzat, eta haren filosofiarekin. Izan ere, ahozko euskal ondarea euskaldun guztiona da».

Publizitatea eta telebista

«Euskararen aldeko kanpaina batean milaka herritarren konpromisoa lortzeagatik», Donostiako Udalaren Euskara Patronatuaren Nik ere euskaraz kanpainak jaso du publizitateko Argia saria. Ainhoa Beola patronatuko buruak gogorarazi zuen 14.000 inguru izan direla kanpainarekin bat egin duten herritarrak, eta «milaka gehiago» direla euskaraz bizi eta hazi nahi duten pertsonak. «Kanpaina honen bidez konpromiso hori indartu nahi izan dugu. Dena den, guztion lehendakari omen denak aste honetan bertan euskararen inguruan esan dituenak esan ondoren, oraindik ere batzuei gogorarazi egin behar zaiedugun nahi hori».

Eskertuta jaso zuten telebistako Argia saria ETB3ko Orain saioko kide Natxo Escobarrek eta Iker Trebiñok. «Gu oso txarrak gara hizketan. Hobeto moldatzen gara irudiaren alorrean. Horregatik, zer kontatua duten pertsonei eman nahi izan diegu hitza. Nahiz eta kasu askotan hedabideetan leku eta tarte gutxi duten pertsonak izan». Hain zuzen ere, horren ezagunak ez diren sortzaileei eskainitako arretagatik saritu du Argia-k Orain saioa. «Elkarrizketaren artean dena asmatua zegoela uste genuenean, gainera, ez zela horrela erakutsi dute».

Aitortza eta babes eskaria

Euskarazko komunikabideen lana aitortu, eta erakundeen aldetik haientzako sostengu handiagoa eskatu zuen sariaren karietara egindako hitzaldian Argia-ko zuzendari Xabier Letonak:«Ez da orain zenbaki dantzan hasteko unea. Baina gure erakundeetako aurrekontuak aztertuz gero, edozein euskaltzale zintzok ikusiko du gauza inportante batzuetan zenbat gastatzen den, eta beste gauza inportante batzuetan zenbat. Une honetan instituzioen sostengu handiagoa giltzarria da. Izan ere, gaur egun gure medio asko egoera oso estua igarotzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.