Maite Morillo. Ofiziozko abokatua

«Gehiago salatzen dira indarkeria matxistako kasuak»

Doako Justiziaren Behatokiaren XVII. txostena argitaratu dute Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak eta Aranzadi La Ley-k. Bizkaiko datuen arabera, %14 egin du gora ofizioko abokatuen jardunak.

BERRIA.
Irati Alvarez Malaxetxebarria
2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Argitaratu berri da Doako Justiziaren Behatokiaren XVII. Txostena, Doako Justiziaren eta Ofizioko Txandaren egunaren harira. Urtero aurkezten dute, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiaren eta Aranzadi La Ley fundazioaren eskutik. Ia 30 urte daramatza Maite Morillok (Bilbo, 1970) ofiziozko abokatu gisa, eta bulego bat du Bermeon.

Doako Justiziaren Behatokiak egindako azken txostenaren arabera, Bizkaian %14 egin du gora ofiziozko abokatuen jardunak. Sumatu duzue?

Bai, bai, gu iaztik ari gara hazkundea nabaritzen. Bizkaiko Abokatuen Elkargoan ere antzeman genuen; oro har, ofiziozko txandan iristen zaizkigun gai guztietan. Adibidez, atxilotuari laguntzeari dagokionez, bereziki Bilboko barruti judizialetan, atxiloketen kopurua asko handitu da. Genero indarkeriaren arloan ere ugaritu da jarduna.

Noiz hasten da zuen esku hartzea?

Bizkaian atxilotutako pertsonei laguntzeko zerbitzu bat dugu, 24 orduz ematen dena urteko 365 egunetan; hainbat abokatu daude dei horiei egunero erantzuteko. Hau da, udaltzainek edo ertzainek pertsona bat atxilotzen dutenean, guardian dagoen abokatuari deitu behar diote atxilotutako pertsonak epailearen esku jarri aurretik.

Atxilotuari laguntzean ez ezik, beste zerbaitetan ere oinarritzen da zuen jarduera?

Alde batetik, atxilotuari laguntza ematea dago bai, baina, gero, justiziaren barruan gauza gehiago daude ofiziozko txandaren barruan, hainbat arlotan antolatuta dagoelako: arlo penala, zibila... Adibidez, familiei dagokienez, dibortzio gaiak edota adingabeen zaintza aldaketak daude, besteak beste. Lanaren ikuspuntutik, langileen aitorpenak ere badira: kaleratzeak, soldatak, eta abar. Genero indarkeriarako hitzarmen berezi bat ere badago, bai eta bi espezialitate adin txikikoentzat eta atzerritartasun kontuentzat ere.

Zuen zerbitzua doakoa da, ezta?

Bai, bai, zerbitzua doakoa da. Bizkaiko Abokatuen Elkargoak kudeatzen du, baina Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Azken datuen arabera, indarkeria matxistaren inguruko auziak igo egin dira.

Bai, bai, igoera hori ere nabaritu dugu. Nire ustez, kontua ez da auzi gehiago daudela, orain gehiago salatzen direla baizik. Nire ustez, orain gizarte kontzientzia handiagoa dago, eta, lehen seguruenik familia eremuan edo esparru itxiagoan geratzen eta ezagutarazten ez ziren gauza gehiago salatzen dira.

Nolakoa da, batez beste, zuen zerbitzuen eskaera egiten duenaren profila?

Hasieran, egoera ekonomiko zailean dagoen jendea da, abokatu partikular baten kostuari aurre egiteko aukerarik ez duena.

2022an jaitsi egin da ofiziozko txandan lan egiten duten abokatuen kopurua Bizkaian; zure ustez, zer dela-eta gertatzen ari da hori?

Lehenik eta behin, azken urteotan elkargoko kide diren abokatuen kopurua ere jaitsi delako.Agian, zuzenbideko lizentziadunek zuzenbideko jardun profesionala ez den beste eremu batzuk aukeratzen dituztelako. Elkargokide gutxiago daudenez, ofiziozko txandan izena ematen duten pertsonen kopurua ere txikiagoa da. Eta gero, akaso, profesional batzuk dagoeneko baja hartu dutelako, hainbat arrazoirengatik. Baina nik uste dut elkargokide kopurua murrizten ari delako dela, batez ere.

Zure ustez, ba al dago arrazoi berezirik lizentziadunek lan mota hori ez aukeratzeko?

Nire ustez, lan gogorra eta oso sakrifikatua dela pentsa daiteke. Gainera, ofiziozko txandak, nire ustez, talderik ahulenei laguntzeko, gizarte bokazio garrantzitsua behar du. Noski, oso lan gogorra da, eta gero, agian, lizentziadun berriek beste aukera batzuk ere badituzte.

Jaurlaritzak iragarri berri du ofiziozko abokatuentzat %14ko soldata igoera. Zer analisi egiten duzu?


Urte batzuk daramatzagu dagoeneko soldataren igoera edo eguneratze hori eskatzen, egiten dugun lanaren neurriko konpentsazio gisa. Gu profesional liberalak gara; ez dugu lan kontraturik. Geure kontura lan egiten dugu, eta, beraz, egia da ofiziozko txanda boluntarioa dela. Baina horrek ez du esan nahi gure soldata behar den bezala ordaindua dagoela uste dugunik. Protesten eta aldarrikapenen ondoren hau da Eusko Jaurlaritzarekin lortu dugun akordioa. Ez da nahi dugun kopurua, baina printzipioz ondo dago. Justizia administrazioan izandako grebei ere lotuta zegoen lanbide guztirako ordainsari duinagoa eta bidezkoagoa lortzeko aldarrikapena; bestalde, lanarekiko parekidea den soldata igoera eskatzen jarraituko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.