Gehiegizko gutxienekoak

Opor garaiak eta gutxieneko zerbitzu ugariek desitxuratu egin dute Renfe, FEVE eta Adifeko langileen greba: eragin txikia izan du geltokietan, erantzuna handia izan den arren.

Bidaiari pilaketarik ez zen egon atzo, beraz, lasaitasuna izan zen nagusi Bilboko geltokietan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Erantzun ia erabatekoa, baina eragin eskasa. Trenbide garraioaren liberalizazioaren aurka Renfe, FEVE eta Adifeko langileek atzo Hego Euskal Herrian egindako lanuzteak ez zuen bidaiari pilaketarik utzi, beharginen parte hartzea oso handia izan zen arren: %75 eta %90 artean kokatu zuten sindikatuek. Udan greba egiteak emaitza desitxuratzea dakar, eta horri gehitu behar zaio gutxieneko zerbitzu asko zeudela ezarrita: aldirietako trenetan, esaterako, %60 izan ziren puntako orduetan.

Lasaitasuna izan zen nagusi, besteak beste, Bilboko bi geltoki handienetan. Renfekoan nabaritu zen gehienbat protesta giroa: kartelak eta pankartak zeuden hormetan zein barandetan, eta txarteldegia itxita egon zen egun osoan. FEVEkoan, zabalik izan zen bezeroentzako arreta zerbitzua, baina bezerorik ez ia; adibidez, Bilbotik Balmasedarako trenik ez zen egon 09:20tik12:20ra.

Opor garaian behera egin dute egunero lanera doazenen joan-etorriek, eta bidaiari gutxiago dago egunotan. Lanean dabiltzan gehienek, gainera, bazuten lanuztearen berri, FEVEko langile batek azaldu zuenez: «Gure bidaiari gehienak egunero datoz Balmasedatik, eta bazekiten gaur greba egongo zela; beraz, martxan egon diren zerbitzuetara moldatu dira». Horren seinale izan zen trenak ateratzeko orduetan bildu zela jende gehien geltokiotan.

Despistaturen bat bazen, halere. «Putxetako [Muskiz] geltokian ez zegoen grebari buruzko ohartarazpenik, eta gaur goizean berandu ibili naiz. Autoz ekarri behar izan naute», esan zuen Susana Mutiozabal erabiltzaileak. Eguerdian joan zen Abandoko Renfeko geltokira, «gauez zein tren egongo den begiratzera».

Justu orduan, 12:00 aldera, elkartu ziren Adif, Renfe eta FEVEko beharginak estazioan, Trenbide publiko eta sozialaren alde. Pribatizaziorik ez lelopean, manifestazioan abiatzeko prest. Haiei begira geratu zen Mike Simons turista ingelesa. «Greban al daude?», galdetu zion kazetariari. Erratuta, Donostiarako tren baten bila zebilen —Renfek ez du zerbitzu hori eskaintzen—, eta azkenik autobusez joatea erabaki zuen. Tartean, ordea, pankartako mezua itzultzen asmatu zuen: «Trenbide garraioa pribatizatzea ez da ideia ona. Gurean duela hogei urte egin zuten, eta denak okerrera jo zuen: segurtasunak behera egin zuen, istripuek gora, teknologia zaharkituta geratu zen... Gainera, hainbat enpresak porrot egin zuten, eta gobernuak erreskatatu behar izan zituen».

Kalitatea jaisteko arriskua

Hain zuzen, Simonsek kontatutakoa gauzatuko den beldur dira sindikatuak. 2013ko uztailean trenbide garraioa liberalizatuko duela, eta urtarrilean FEVE enpresa publikoa desegingo duela jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak orain bi aste. Berehala, 24 orduko lanuztea antolatu zuten CCOOk, UGTk eta trenbide garraioko zenbait sindikatuk; LABek bat egin zuen deialdiarekin; irailaren 17an beste greba egun bat egingo dute. Kaleratzeak ez ezik, zerbitzu publikoen kalitatea eta segurtasuna murriztea ekarriko du neurriak, haren ustez.

«Ez gaude bakarrik gure lanpostuaz eta lan baldintzez kezkatuta; garraio publikoaren segurtasunari eutsi nahi diogu», azaldu zuen atzo Jose Angel Barcenilla CCOOren FEVEko idazkari nagusiak. Lanuzteaz balorazio ona egin zuen, «erantzuna oso handia izan delako», nahiz eta onartu jende asko ez zela «grebaz konturatu». Gutxieneko zerbitzu ugariei egotzi zien hori:«FEVEn urrian tren zerbitzu batzuk kenduko dituzte bidaiari gutxi dauzkatelako, eta gaur gutxieneko zerbitzuak jarri dituzte linea horietan. Kontraesana da».

Espainiako Sustapen Ministerioak errentagarritzat jotzen ez dituen lineak kentzeko mehatxuaz ere mintzatu zen Barcenilla. Bidaiatzeko edo leku batetik bestera mugitzeko beste modurik ez dutenei garraio publikoak ematen dien zerbitzua nabarmendu zuen: «Jendeak aldiriak behar ditu eguneroko joan-etorrietarako». Adibide gisa aipatu zuen Urduña (Bizkaia): «Trena baino ez dago han». Baita FEVEren Bilbo eta Leon (Espainia) arteko linea ere: «Herri batzuetan trena da garraiobide bakarra; hori kenduz gero, autobus pribatua, taxia edo autoa erabili beharko lukete».

Hego Euskal Herrian trenbide bidezko garraio mota guztiak bateratuko dituen erakunde baten beharraz jardun zen Patxi Aguayo, LABek Renfen duen ordezkaria. Horren eskumena edukitzeko, «Madrilek emandako transferentziak aplikatzeko» eskatu zion Eusko Jaurlaritzari. Bestela, pribatizazioaren ondorioez ohartarazi zuen: «Segur aski, langile kopurua murriztuko du, zerbitzuaren kalitatea gutxituko, eta txartelen prezioa garestituko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.