Martxoaren 8ko greba feministarako ezarriko dituen gutxieneko zerbitzuen berri eman du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako Sailak, eta grebarako deialdia babestu duten sindikatuek salatu egin dute erabakia, bermatuko den zerbitzua neurriz gaindikoa dela iritzita.
Lanuztera deitu duten sindikatuek helegitea aurkeztu dute Jaurlaritzaren erabakiaren kontra. Adierazi dutenez, Jaurlaritzak ezarri dituen gutxieneko zerbitzu mailak "grebara atera nahi duten emakumeen eskubidea" urratzen du.
Sindikatuek ohar bidez ohartarazi dutenez, "adingabeen egoitzetan, heziketa zentroetan eta etxebizitza komunitarioetan jaiegunetako gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, asteburuan aste barruan baino langile gehiago daudenean. Honek praktikan esan nahi du egoitza horietan langile bakar batek ere ezin izango duela grebarik egin".
Sindikatuen iritziz, bereziki larria da adinekoen egoitzetan ezarriko den gutxieneko zerbitzua. Orain arteko grebetan zerbitzuaren %50 ziurtatu den arren, Martxoaren 8an zerbitzuaren %70 bermatzea erabaki du Jaurlaritzak.
Horrez gain, haur eskoletan zuzendari taldeko kide bat eta koordinatzaile bat derrigorrean lanean aritzea agindu du Jaurlaritzak. Sindikatuek nabarmendu dutenez, baina, haur eskoletan ez dago zuzendaritzako langilerik. "Kolektibo horien greba eskubidea guztiz urratzen du. Kolektibo horiek nagusiki emakumeek osatzen dituztela kontuan hartuta, emakumeen greba eskubidearen kontrako eraso zuzena dela uste dugu".
Jaurlaritzaren jarrerak ez ditu sindikatuak harritu, Martxoaren 8rako Jaurlaritzak egin duen "apustua guztiz azalekoa izan delako". Hala ere, "bidegabea" deritzo erabakiari.