Iaz, 105.232 aurretiazko diligentzia abiarazi ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegietan; 2014an baino %3,86 gutxiago izan ziren. Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiaren esanetan, azken urteetako beherako joerari eutsi zaio. Izan ere, 2014an, 109.468 abiarazi ziren; 2013an, 115.520; 2012an, 124.898; eta 2011n, 127.325. Bereziki, Bizkaian nabarmendu da beherakada. Presazko eginbideek ere behera egin dute 2011tik. "Baikor" agertu da Kalparsoro, baina ez du "atsegin hartua" geratu nahi izan. Helburu berriak ipini behar direla iruditzen zaio. Eta horietako bat genero indarkeria eta etxeko indarkeria dira. Bi kasu horiek izan baitira delitu kopuruak gora egin duten bi arloak.
Hain zuzen ere, genero indarkeriari lotutako auzibideek %2,11 egin zuten gora iaz; 5.800 auzibide abiarazi ziren. 1.640 epaitan zigortu zen erasotzailea. Iaz, andre bat hil zuten Araban eta bi Bizkaian. Fiskaltzak proposamen bi egin ditu. Batetik, auzibideak irauten duen bitartean ikertua zaintzapeko askatasunean ezartzea eskatu du Kalparsorok, aldentzeko agindua sarri ez delako nahikoa izaten. Bestetik, ez du nahi delitua aitortu izana aringarritzat hartzea.
Internet eta sare sozialak bereziki aipatu ditu, sexu abusuak egiteko erabiltzen delako gero eta gehiago. "Ez dira kopuru handiak, baina ondorioak oso larriak dira, biktimak normalean adingabeak izaten direlako", ohartarazi du. 2015eko Zigor Kodearen erreformak grabatutako irudiak zabaltzea tipifikatu izana goraipatu du, baina iruditzen zaio oraindik badirela tipifikatu beharreko beste delitu batzuk; adibidez, biktimaren identitatea ordeztea.
Etxe barruko indarkeriaren kasuan, seme-alaben erasoak sufritzen dituzten gurasoen kasuen gorakadak larritu du Kalparsoro. 2014an 495 izan ziren, eta, iaz, 549. Asko kezkatu du erasotzaileak gero eta gazteagoak direla ikusteak. Gora egin du, halaber, seme-alabei erasotzen dieten gurasoen kopuruak: 407tik 472ra.