Indarkeria matxista

Genero indarkeriari buruzko webgune berezia argitaratuko du BERRIAk, ostiralean

Indarkeria matxistari eskainitako BERRIAren webgune bereziko irudia.
2018ko azaroaren 20a
20:09
Entzun

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira —azaroaren 25ean izango da—, BERRIAk webgune berezi bat landu du, eta 2003tik aurrera Euskal Herrian gertatu diren hilketa matxistak bildu ditu. Mapa batek erakutsiko ditu hilketa guztiak, eta mapako puntu bakoitzean klikatuta gertaerei buruzko fitxak irakurri ahalko dira: nor hil zuten, noiz, non, zer gertatu zen, hiltzailea nor izan zen... Kasuari buruzko albiste bat ere irakurri ahalko da. Ostiral honetatik aurrera egongo da ikusteko eta erabiltzeko moduan.

BERRIA 2003an sortu zen, eta orduan hasi zen hilketa matxisten datuak biltzen. Hegoaldeko instituzio publikoak ere garaitsu horretan hasi ziren datu horiek estatistiko bildu eta lantzen. Hilketa matxisten datu baseak, hortaz, epe horretatik aurrerako kasuak biltzen ditu. Ostegunean, webgunea martxan jartzearekin batera, papereko edizioan artikulu bat argitaratuko du BERRIAk, hilketa horien berri emanez, eta datuen azterketa bat eginez.

Webgune bereziak, berriz, kontsultarako hiru iragazki izango ditu: urtearen arabera, adin taldearen arabera eta lurraldearen arabera ikusi ahalko dira datuak. Indarkeria matxistak hildako emakumeen eta umeen datuak aparte emango ditu. Arazoaren tamaina bere neurri osoan erakutsi nahi du webguneak, eta memoria ariketa kolektibo bat egiteko zein lanerako tresna ere izan nahi du, ez baitago Euskal Herriko osoko datu horiek biltzen dituen beste gunerik. Datu basea osatzeko irizpideen berri ere emango du webguneak.

Horretaz guztiaz aparte, igandeko papereko edizioan, erreportaje sakon bat argitaratuko du BERRIAk, indarkeria matxistaren adierazpen askotarikoen inguruan. Hilketa matxistak, azken buruan, emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen bortitzena dira, baina indarkeria horren continuum horren erpin bat besterik ez dira, eta arazoari bere osotasunean begiratuko dio igandeko erreportajeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.