Zientzialari gehienek aukeratzen ez duten bideari ekin dio Amaia Ordiales geologoak (Algorta, Bizkaia, 1985). Ikerketaren munduan sartu beharrean, geologiaren ikuspegi orokorragoa izatea aukeratu du, eta, horretarako, zientzia horri lotutako zerbitzuak eta dibulgazioa eskaintzen dituen enpresa bat sortu du: SciGea. Joan den astean eginiko Geoloegunean parte hartu zuen adituak, eta, bertan, Bizkaiko kostaldeko altxor geologikoak erakutsi zizkien 200 laguni baino gehiagori.
Zerk bultzatu zintuen SciGea enpresa sortzera?
Ideia mojito artean hasi zen, lagun arteko ospakizun batean. Txantxetan hasi ginen komentatzen fosilei eta geologiari buruzko zer edo zer polita egin zitekeela. Izan ere, fosilak etxe atariko harrietan aurki daitezke lasai asko, eta jendeak asko eskertzen du horri buruzko informazioa jasotzea. Ni teknikari lanetan freelance gisa ibilita nengoenez, ikusi genuen posible zela zientzia lanak eta dibulgazioa batera egitea. Oraingoz enpresan ni baino ez nago, baina proiektua aurrera eramateko kolaboratzaile onak izatearen abantaila izan dut, lagun ederrak direnak, gainera. Beraiek dira benetako adituak, eta haien laguntza bilatzen dut beti.
Hilaren 7an Geoloeguna izan zen; zuek Bizkaian izan zineten...
Bai, geologiaren ezagutza zabaltzeko urtero ospatzen den eguna da, eta arrakasta itzela izan da aurtengoa. Bizkaian izen emateak 200 laguneko mugara iritsi zirenez, jende askori eskatu behar izan genion bertara ez hurbiltzeko, lau lagun izanda ezinezkoa egingo zitzaigulako behar bezalako arreta eskaintzea. Adiskide batzuk engainatu genituen, ogitarteko batzuen truke, antolakuntza lanetan laguntzeko.
210 milioi urteko historia kontatu zenuten bertan. Bost minutuan azal dezakezu horixe bera?
Itsaso azpian sortu ziren haitz horiek orain agerian dauzkagu eta haien historia kontatzen digute. Gorrondatxeko hondartzan estratutipo bat dugu, eta puntu hori nazioarteko erreferentzia da, mundu osoko zientzialariek puntu horretara begiratu behar dutelako duela 47,8 milioi urteko garaiari buruzko edozein ikerketa egiterakoan. Bi garai geologikoren arteko muga zehazten duen geruzan urrezko iltze bat jarri dute, eta hortik dator ekitaldiari eman diogun izenburua, Galeatik Sopelara urrearen bila.Bestalde, Sopelako hondartzan ikus daiteke duela 66 milioi urte eroritako meteorito batek sortutako iraungipen masiboaren aztarna. K/Pg muga azaltzen da bertan, Kretazeoa eta Paleogenoaren aldeko muga, hain zuzen. Harkaitzetan erregistratuta dago meteorito horrek sortutako klima aldaketa. Geruzetan itsas fauna anitz baten arrastoa ikusgai dago baina gero, bat batean, aniztasun hori desagertzen da. Ondorengo geruzetan ikusten da gutxika bizia nola berreskuratzen den. Oso espazio tarte txikian azaltzen dira bi gertakari geologiko horiek, baina denbora tarte handia adierazten dute.
Legezkoa al da mendian topatutako fosil bat etxera eramatea?
Tira, momentu batean edo bestean guztiok aurkitu dugu fosil bat eta eraman dugu etxera. Arazoa da bide erdian fosil bat hartu beharrean, rotaflexa hartu eta arrokan txertatuta dagoen fosil bat eta inguruan diren guztiak nahita kentzea. Azken finean, fosil bat historiaren zati bat da; ezin duzu historia hori etxera eraman. Norberak bere kontzientziarekin eztabaidatu beharreko kontua da. Edozein aditurengana jo, eta beraiek esango dizute topatu duzun hori garrantzitsua den.
Paleontologia bereziki landu duzu. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Zehazki mikro-ornodunen paleontologiaren arloan egin nuen karrerako lan gidatua. Tamainatxikiko ornodunen arrastoek iraganean egon ziren klimen berreraikuntza bat egitea ahalbidetzen dute. Bereziki baliagarriak dira oso ugariak direlako, haien fosilak erraztasun handiz kontserbatzen baitira. Espezie batzuk, gainera, oso espezializatuta daude ingurune ekologiko konkretuetara eta horregatik estimazio oso zehatzak egin daitezke.
Nolakoa da, arrisku geologikoei dagokienez, Euskal Herriaren egoera?
Geologiak aberastasuna ematen dio inguruari, baina arrisku batzuk badirela onartu behar dugu,bizi kalitatea ahalbidetzen duen eremu batean bizi nahi badugu bederen. Ibai baten alboan egonda, beti izango duzu uholde bat jasateko arriskua, baina horri aurre egin behar zaio. Ezin dugu garatu gure bizi kalitatea arrisku geologikorik ez duen eremu batean. Tira, geologian, arriskurik gabeko eremu bakarrak basamortuak dira!
Zein da, zure ustez, geologiaren erronka nagusia?
Agian denbora milioi urtez neurtzen duen zientzia batek segundo oro berritzen ari den mundu batean bere lekua aurkitu behar duela. Gero eta arinago bizi gara eta gure gizartearen erritmoa hain frenetikoa da ezen askotan ez ditugu baloratzen denbora adierazten duten gauzak.
Amaia Ordiales. Geologoa
«Geologian, arriskurik gabeko eremu bakarrak basamortuak dira»
Mikropaleontologia aukeratu zuen Ordialesek karrera ikastean, baina jakin-minak naturaren inguruko ikuspegi zabalagoa izatera bultzatu zuen. Horregatik, martxan jarri du SciGea izeneko enpresa proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu