Politika

German Rodriguezen omenezko eskultura inauguratu dute

Sanfermines 78 gogoan plataformak ipini du eskultura. Gogoan izena jarri diote, eta Rodriguez ez ezik, 1978ko sanferminetan gertatutako "poliziaren indarkeria guztia" salatzea du xede. Dola Salazarrek egin du obra.

Eskultura inauguratzeko gaur egin duten ekitaldia. @SF78GOGOAN
2018ko ekainaren 29a
16:27
Entzun

Orreagako Etorbidea eta Karlos III. Noblearen etorbidea gurutzatzen diren lekuan jarri dute Dora Salazarren obra. Lotuta zeukan tapaki gorri-gorria kendu, eta agerian utzi zuten irudia atzo: emakumezko baten gorpua, besorik gabe, eta bururik gabe.

1978ko sanferminetan gertatutakoak oroitzeko hainbat ekitaldi egiten ari dira aurten Iruñean, gertaera latz haien 40. urteurrenean. Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez, zezen plazan, hainbat protestarik pankarta bat ireki ostean tiroka ekin zionean. Beste sei lagun ere zauritu zituzten balaz. Bada garaia, San Fermin sin presos ni presas (Bada garaia, sanferminak presorik gabe) jartzen zuen zabaldu zuten pankarta hark.

Gertaera haiek ahanzturan ez erorteko eskultura berria izango dute beraz, gaurtik aurrera, Iruñean. Gertaerak izan zirenetik 40 urtetara "inpunitateak" jarraitzen duela aldarrikatu dute Sanfermines 78 gogoan plataformako kideek, eta estreinatu berri duten irudia "egia, justizia eta erreparazioa" eskatzeko izango dela gaineratu. 

Gogor salatu dute justizia ez dela berdina denentzat. Horren adibide jarri dituzte Nagore Laffageren kasua, 2016ko bortxaketa, eta baita preso sartutako Altsasuko gazteak ere. 

Jende ugari izan da arratsaldean egin duten ekitaldian. Izan ere, eskulturaren azpian memoriaren kutxa bat sartu dute, eta han idatzita gelditu dira hura egiteko dirua jarri duten 392 norbanako, peña eta elkarteren izenak. 30.000 euro inguru batu dituzte. Askoren artean egindako eskultura da beraz, eta askoren aurrean inauguratutakoa.

Norbanakoen artean, han izan dira Joseba Asiron alkatea, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Harreman Instituzionaletarako Kontseilaria, Rodriguezen eta egun hartan zauritutakoen senitartekoak, eta baita, Iruñean gertatutakoengatik protestan ari zela Donostian poliziak tiroz hil zuen Joseba Barandiaranenak ere.

 

Igandean erreportaje sorta

Hain justu igandean, 1978ko sanferminak gogoratuko ditugu BERRIAn: German Rodriguezen hilketari eta 40 urteotako memoriari buruzko erreportajea, bere soslaia, Joseba Asironen iritzi artikulua, Joseba Barandiaranen kasua, hilarriaren borroka...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.