Gernika-Lumoko bonbardaketa

Gernika-Lumo «memoria leku» izendatuko du Espainiako Gobernuak

Felix Bolaños Espainiako Gobernuko ministroa joan da arratsaldeko ekitaldira. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak esan du «justizia errestauratiboko keinuren bat egiteke» duela estatuak

Eskuinetik hasita Bolaños ministroa, Urkullu lehendakaria eta Gorroño Gernikako alkatea. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Gernika-Lumo
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gernika-Lumo (Bizkaia) izango da Espainiako Memoria Demokratikoaren Legeak aurreikusten dituen «memoria lekuetatik» lehena. Atzo arratsaldean jakinarazi zuen erabakia Felix Bolaños Espainiako Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak, Zalloko kanposantuan 1937ko apirilaren 26ko biktimak oroitu aurretik. Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrena zen atzo, eta sarraski hura gogoratzeko ekitaldia baliatu zuen Bolañosek iragarpena egiteko. Lehenengo biderrez, Espainiako Gobernuak ministro bat igorri du bonbardaketaren biktimak omentzera.

«Gernikarron oroimenak inspiratzen du gure demokrazia», esan du. «Bonbardaketak ez zuen lortu bere helburua. Gaur egun, Espainia demokrazia aurreratua eta europarra da, balioena, askatasunena eta eskubideena». Ministroak adierazi du Gernika-Lumoren bonbardaketa «sasoi hartako gobernu legitimoaren» kontra egin zela, eta Bolaños bera ari dela gobernu hori ordezkatzen orain. «Oso sinbolikoa izan zen Gernikako haritza lehendakariek zin egiten diotena eta Euskadiren askatasunaren sinbolo dena zutik gelditzea».

Urteetan Eusko Jaurlaritzak hainbat bider eskatu izan duen arren, Bolañosek ez du barkamenik eskatu Espainiako Gobernuaren partez. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ontzat jo du ministroaren bisita. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean adierazi duenez, «urrats positibo bat» da, baina «arraroa» da izatea lehen aldia, Francisco Francoren diktadura amaitu zenetik 45 urtetik gora igaro den honetan. Gehitu du estatuak oraindik «egiteke» duela «justizia errestauratiboko keinuren bat».

Gehienetan biluzik egoten diren balkoi eta bentanetan xingola beltza duten ikurrinak eskegi zituzten herritar ugarik. Urte asko igaro badira ere, egun hartan gertatu zen «dena» dauka gogoan Crucita Etxabek. 6 urte zeuzkan bonbardaketaren egunean, eta Lumorako bidean harrapatu zuen erasoak. «Karkaban egon ginen lau orduz», gogoratu du. «Gernikara jaistean, dena erreta ikusi genuen. Amak esan zuen: 'Etxeko giltza poltsikoan, baina etxerik ez'». 6 urte zeuzkan haren lagun Marikarmen Agirrek ere. Bonbardaketa hastean, ez zen babeslekuetan sartu; mendira jo zuen. Zorte handiagoa eduki zuen, haren etxeak zutik iraun baitzuen, herriaren kanpoaldean zegoenez gero.

Urtero bezala, hainbat ekitaldi egin zituzten egun osoz Gernika-Lumon, herria suntsitu zuen bonbardaketa eta haren biktimak gogoan hartzeko. Sirena hotsa entzun zen 1937ko apirilaren 26an bonbak erortzen hasi ziren ordu berean. Astrako sirena Oihana Goirienak isiotu zuen, Polonian atxilotuta dagoen Pablo Gonzalez kazetariaren bikotekideak. Pasealekukoa, berriz, Martxoak 3 elkarteak piztu zuen. 16:30ean, lore eskaintza egin zitzaien biktimei hilerrian, eta bertan egon ziren Urkullu eta Bolaños, besteak beste. Gauean, Gernika garretan kale antzerkia egin zuten herritarrek.

Goizean, omenaldia egin zioten George L. Steer kazetari ingelesari. Erasoaren berri eman zuten kazetarietako bat izan zen, eta The Times eta The New York Times egunkarietan argitaratu zuen bonbardaketaren biharamunean idatzitako kronika. Lagundu zuen nazioartean gezurtatzen faxistek zabaldutako bertsioa; alegia, jakinarazi zuen faxistek erre zutela Gernika, eta ez errepublikanoek.

1936ko gerrako gertakari nagusietako bat izan zen Gernika-Lumoko bonbardaketa. 1937ko apirilaren 26an, Alemaniako Kondor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Bizkaiko herri hori bonbardatu zuten, merkatu egun batean, orduan jenerala zen Francoren aginduz. Eraikinen %85 suntsitu zituzten osorik, eta beste askori kalte egin.

Espainiaren «keinuak»

60. urteurrenean eskatu zuen barkamena Alemaniak bonbardaketagatik. Eusko Jaurlaritzak urteetan eskatu izan dio Espainiari gauza bera egiteko, baina Eneko Andueza PSE-EEren buruak argudiatu du Pedro Sanchezen gobernua Espainiako Bigarren Errepublikaren «oinordekoa» dela.

Izan ere, diktaduran, erregimenak aldarrikatu zuen «gorriek eta separatistek» erre zutela Gernika. Diktadura ondoren ere, hainbat historialarik zabaldu zuten ehun eta hirurehun artean izan zirela Gernika-Lumoko bonbardaketan hildakoak. Xabier Irujo historialariak gezurtatu zituen hura eta beste hainbat datu, Gernika: Genealogy of a Lie liburuan. «Guk baditugu 50 dokumentu gutxienez, hildakoak 2.000 baino gehiago izan zirela ziurtatzen dutenak», esan zion BERRIAri. Gernikak 5.000 biztanle zeuzkan orduan, eta, merkatu eguna izanik, herrian 10.000lagun zeudela kontatzen du Irujok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.