GERNIKAKO ADIERAZPENA

Gernikako agiriaren sinatzaileek bake biderako oinarriak finkatu dituzte

«Indarkeriarik izango ez den eta normalizazio politikoa garatzeko egoera sortzeko» erabakiak hartzeko eskatu diete ETAri eta Madrili. Ezker abertzalea, EA, Aralar, Alternatiba eta AB izan dira agiria izenpetu duten alderdiak

Ibai Maruri Bilbao.
Gernika-Lumo
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gatazka politikoa aterabide demokratikoetara eramateko aukera berri bat sortu dela iritzita, bake biderako oinarriak adostu dituzte politika, gizarte eta sindikatuen arloko 28 eragilek. Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa izeneko agirian bildu dituzte, eta atzo ezagutarazi zituzten Gernika-Lumoko (Bizkaia) Lizeo antzokian egindako ekitaldian. Ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta agiria izenpetu zuten gainontzeko sindikatu eta gizarte eragileek sinatutakoa betetzeko konpromisoa hartu zuten.

Antzokia mukuru bete zen. Ez zegoen sinatze ekitaldia ikusi nahi izan zuten herritar guztientzat adina lekurik. Oholtza gainean 40 lagun zeuden eserita, akordioa sinatu duten eragileen ordezkari. Denen aurrean Rufi Etxeberria, Pello Urizar, Patxi Zabaleta, Joseba Garai eta Oskar Matute zeuden. Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak egin zien harrera, eta berak bete zituen notario lanak bukaeran. Izaskun Guarrotxenak, Joseba Garaik eta Igor Merak irakurri zuten testua, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Ondoren, banan-banan sinatu zuten eragileen ordezkariek. Etxerat-ek, AAMk eta alderdi politikoetako buruek entzun zituzten txalo zaratatsuenak.

Atzo aurkeztutako akordioak bakerako bide horren abiapuntua edo hastapena zein izan behar den azaltzen du. Hala, sinatzaileek «indarkeriarik izango ez den eta normalizazio politikoa progresiboki garatuko den egoera» sortzeko erabakiak har ditzatela eskatzen diete ETAri eta Espainiako Gobernuari. Erakunde armatuari «nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa». Eta Espainiari, bestalde, Alderdi Politikoen Legea bertan behera uzteko exijitu diote; baita «amnistiara bidean» urratsak egiteko eta «jazarpena eteteko» ere.

Eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatuko diren egoera aldarrikatzen dute sinatzaileek. Horretarako, mehatxuak, tortura eta atxiloketak desagertzea ezinbestekotzat jotzen dute. Egungo espetxe politika etetea ere eskatzen dute: sakabanaketa bukatu, gaixotasun larriak dituzten presoak askatu, legeak ezarritako onurak bete eta 40 urteko espetxealdia ezartzen duen legea bertan behera utzi.

Jarduera politikoagatik epaitutako pertsona eta erakundeen aurkako prozesu judizialak berraztertzeko eskatu dute sinatzaileek. Euren ustez, epaitegi bereziek eta inkomunikazioaren pareko salbuespen neurriek ere enbarazu egiten diote prozesuari.

Negozioazioaren oinarriak

Baldintza horiek guztiak betetzen direla egiaztatzeko zeregina nazioarteko begiraleen esku utzi dute. Edonola ere, sinatzaileenesanetan, «euskal gizartea izango da prozesuaren bermatzaile bakarra».

Agiria sinatu duten 30 eragileen ustetan, horrelako testuinguruan negoziaziori ekiteko gutxieneko baldintzak beteko lirateke. Hala, egindako eskaera horiek guztiak betetzen direnean elkarrizketarako guneak zabaldu beharko direla diote.

Negoziazio politikoa Mitchell printzipioetan oinarritzea proposatzen dute, eta eragile politiko, sindikal eta sozialek baino ez dute parte hartuko elkarrizketa prozesu horretan.

Elkarrizketa horrek «Euskal Herriko kultura politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa» izango du helburu. Euskal errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz eztabaidatuko da. Prozesu horretan barne eredu juridiko-instituzionala eta Frantzia eta Espainiarekiko lotura mota ere aztertuko dira, «independentzia barne». Azkenik, herriak duen borondatea errespetatzeari buruz hitz egingo da.

Gatazka politikoaren ondorioz sortutako «jatorri guztietako» bortizkeria jasan dutenei biktima izaera aitortzen die atzo Gernikan aurkeztutako adierazpenak. Haien arteko adiskidetzea bultzatu behar dela uste dute bultzatzaileek, eta orain arte eragin zaien kaltea konpondu.

Gernika-Lumon geratu da akordioa jasotzen duen agiria. Jose Mari Gorroño alkatearen esku utzi zuten, nolabaiteko zaintzaile izendatuz. Bi emakumek dantzatutako agurrarekin bukatu zen 40 minutu inguru iraun zuen ekitaldia. Adierazpenaren sinatzaileen esanetan, atzokoa «normaltasunera eta bakera eramango gaituzten urratsetan lehenengoa» izan zen.



Agiria

Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa

Hauxe da, hitzez hitz,Bake bidean aterabidedemokratikoen akordioaizeneko agiriak jasotzenduena.

Euskal Herria gatazka politikoa eta indarkeria bake bidera eta aterabide demokratikoetara eramateko aukera baten aurrean aurkitzen da.

Zentzu horretan, bermatutako indarkeriarik gabeko egoera eta normalizazio politikorako hastapena izan beharko da, ondoko edukietan oinarrituta:

- ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa aldarrikatzea, jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa.

- Eskubide zibil eta politiko guztien aitortza, proiektu politiko guztien jarduera eta garapena onartuz, kontuan hartuta giza eskubide guztien aitorpena eta salbuespenik gabeko babesa direla eskubide horiexen oinarria. Ildo horretan, Alderdi Politikoen Legea indargabetzea exijitzen dugu, eskubide nagusien urraketak tresna juridiko horretan oinarritzen direlako.

- Inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea, edozein dela era pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa.

- Euskal preso politikoen aurka aplikatzen den espetxe-politika etetea, konfrontaziorako estrategia gisa erabili da-eta. Era berean, honako neurri hauek hartzea, amnistiarako bidean lehen urrats moduan, gatazka politikoak eragindako preso eta iheslari bat bera ere egon ez dadin:

Preso guztiak Euskal Herrira ekartzea, dispertsioarekin amaituz.

Gaixotasun larriak dituzten presoak aske uztea.

Epaituak izateko zain dauden preso prebentiboei behin-behineko askatasuna ematea.

Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei, baldintzapeko askatasuna ematea.

Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe.

Zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea.

- Jarduera politikoagatik epaituak izan diren pertsona eta erakundeen aurkako prozesu judizialak berraztertzea.

- Jurisdikzio eta epaitegi berezien eta salbuespeneko lege oro indargabetzea, eta horrekin batera, inkomunikazioa bertan behera uztea.

- Militante eta erakunde independentistei politikan aritzeko ezarri zaizkien debeku eta neurri murriztaileak bertan behera uztea.

- Nazioarteko eragileen parte-hartzea sustatzea, giza eskubideen urraketarik gertatzen ez dela egiaztatzeko helburuarekin.

Erakunde politiko, sindikal eta sozialok ETAri zein Espainiako Gobernuari galdegiten diegu erabakiak eta ekimenak har ditzatela horrelako egoera bat sortzearren; alegia, indarkeriarik izango ez dela bermatua izango den eta normalizazio politikoa progresiboki garatuko den egoera.

Era berean, sinatzaileok uste dugu horrelako prozesu baten testuinguruan, non bake eta normalizazio politiko nahikoak lortuak egongo diren, ezinbestekoa izango dela elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko.

Elkarrizketa eta negoziazio politikoa dakartzan prozesu hau ondoko printzipio eta baldintzetan oinarritu behar da:

- «Mitchell Printzipioak» deitutakoetan azaldutako konpromisoek zuzenduko dituzte elkarrizketa eta arlo guztiei buruzko negoziazioak:

Gai politikoak konpontzeko, soilik bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzea.

Alderdien arteko negoziazioaren emaitzetan edota negoziazio prozesuaren norabidean eragiteko asmoarekin egindako indarkeriaren erabilerari edo berau erabiltzeko mehatxuari aurkakotasuna agertzea.

Alderdien arteko negoziazioetan erdietsitako akordio oro errespetatzeko konpromisoa. Era berean, akordioen alderen bat aldatu nahi izanez gero, soilik bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzeko konpromisoa.

- Akordio politikoak lortzeko negoziazio prozesua eragile politiko, sindikal eta sozialen egitekoa baino ez da izango.

- Elkarrizketa politikoaren edukiek Euskal Herriko kultura politiko guztiak barne hartuko dituen akordioa izango dute helburu: euskal errealitate nazionalaren eta erabakitze ahalmenaren onarpenari buruz; barne eredu juridiko-instituzionalari eta, estatuekiko lotura motari dagokionez, independentzia barne; etaherriak duen borondate demokratikoa errespetatzeariburuz.

- Aitortza, adiskidetzea eta erreparazioa gatazka politikoak eta jatorri guztietako bortizkeriek eragindako biktima orori.

Gaur egun, gizarte ereduaren erruz, emakumezkoen eta gizonezkoen partehartzea ez da berdina; hori dela eta, emakumeek subjektu aktiboak izan behar dute konponbidean, gatazka politikoa hurbiletik ezagutu ez ezik horren ondorioak jasan ere egiten baitituzte.

Agiri hau sinatzen dugun erakunde politiko, sindikal eta sozialok bertan azaltzen diren postulatu guztiak geure egiten ditugu eta betetzeko konpromisoa hartzen dugu; halaber, nazioarteko eragileei eduki hauek helarazteko eta euskal gizartean parte hartzea sustatzeko lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, euskal gizarteak ere bere egin ditzan postulatu hauek. Izan ere, euskal gizarteak izan behar du bermatzaile bakarra konponbide demokratikoaren prozesuaren garapenean.



Eragileak:

Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba, Abertzaleen Batasuna, LAB, Hiru, ESK, ELB, EILAS, EHNE, Gernika Batzordea, TAT, Iratzarri, Herria 2000 Eliza, Ikasle Abertzaleak,Giza Eskubideen Behatokia, Alternatiba Gazteak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak, GaztEHerria, Ezker Soberanista, Euskaria, Euskal Herriak Bere Eskola, Etxerat, Bilgune Feminista, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Apaizen koordinakundea.



Ikusmin handia piztu zuen ekitaldiak hedabideetan

Ekitaldiak ikusmina sortu duen erakusgarri, Lizeo antzokian kazetari mordoa elkartu zen. Ekitaldia hasteko bost minutu falta ziren arte ezin izan zuten barrura sartu. Goiko balkoietatik ikusi zuten ekitaldia. Hogei kamera baino gehiago zeuden; tartean, Espainiako eta Herrialde Katalanetako telebistetakoak.



Mitchell senatariaren oinarrizko sei printzipioak

Ipar Irlandako negoziazioetan alde guztiek onartutako oinarrizko sei printzipiodira. Izenak George Mitchell Ameriketako Estatu Batuetako senatariari egiten dio erreferentzia. Ipar Irlandako bake akordioan, desarmatzeari buruzko atalean datoz jasota:

Lehen puntua. «Arazo politikoak konpontzeko bitarteko demokratiko eta baketsuak soilik erabiltzea».

Bigarrena. «Erakunde paramilitarren desarmatze erabatekoa».

Hirugarrena. «Desarmatze hori batzorde independente batek ziurtatu behar duela adostea».

Laugarrena. «Alderdien arteko akordio edo horien lorpenetan eragiteko asmoz, indarra erabiltzeari edo erabiltzearen mehatxuari norberak eta bestek uko egitea».

Bosgarrena. «Alderdien arteko akordioetan adostutakoa errespetatzea eta desadostasunak egon daitezkeen puntuetako edozein aldatzeko bitarteko demokratiko eta baketsuak erabiltzea».

Seigarrena. «Hilketak eta zigor jipoiak amaitu eta horretarako beharrezko neurriak hartzeko eskaria».



Esparru askotako gonbidatu ugari izan ziren ekitaldian

Agerraldia ikustera hainbat lagun bildu ziren. Herritarren artean, besteak beste, Aralarreko Jon Abril eta Aintzane Ezenarro, ezker abertzaleko Tasio Erkizia, EAko Sabin Intxaurraga, Joan Mari Torrealdai euskaltzaina, Adierazi EHko kide Gotzon Barandiaran idazlea eta Eñaut Elorrieta abeslaria eseri ziren.



Gernika, «giza eskubideen eta bakearen herria»

Agiria ezagutarazteko Gernika-Lumo aukeratu dute, duen sinbologiagatik. Jose Mari Gorroño alkateak ireki zuen ekitaldia. Herriak bi ikur dituela esan zuen: Europako demokrazia zaharrenetakoaren sinbolo den arbola eta 1937ko bonbardaketa. «Ordutik Gernika giza eskubideen eta bakearen herria da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.