Gernikako Akordioaren aurkezpenetan parte hartzeari uko egin dio Aralarrek

Ekitaldiak politikoki «kapitalizatu» nahi izatea leporatu die ezker abertzaleari eta Eusko Alkartasunari

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioaren Gasteizko aurkezpenean Aralar falta zen. Ez zen kasualitatez izan, berariaz hartutako erabakia baizik. Gasteizen bezala, igandean Iruñean egingo den aurkezpenean ere ez da egongo Aralar.

Alderdi horretako iturriek adierazi dutenez, «funtsezkoa da bereiztea baketzea eta edozein jarrera edo lehia politiko». Eta, iturri horien arabera, ez da hori gertatzen ari aurkezpen ekitaldien inguruan. Izan ere, Aralarrek ekitaldiok «politikoki kapitalizatu» nahi izatea leporatu die ezker abertzaleari eta Eusko Alkartasunari.

Gernikako Akordioa izenpetu zuten alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek hitzarmenaren edukia hedatzea hitzartu zuten, eta, horregatik, hainbat ekitaldi adostu zituzten Euskal Herriko lurraldeetarako. Aralarrentzat, «baketzea ezin da indar politiko baten sinbolo bihurtu, denon bilgune edo helburu izan behar du», eta baketze eta normalizazio proposamenak «lehia politikotik at egon behar du, eta agente politiko guztiei irekia». Gainera, azpimarratu nahi izan du Gernikako Akordioa ez dela «izenpetu dutenena», Aralarren aburuz «herri osoarena» baita.

Ekitaldietan parte hartuko ez duen arren, Aralarrek esan du datorren astean egingo den osoko batzarrean parte hartuko duela. Batzar hori akordioa izenpetu zuten talde guztiek osatzen dute; talde bakoitzeko ordezkari bat dute.

Urizar, baikor

Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi Pello Urizarrek onartu egin du Aralarrekin «arazo bat edo beste» dutela Gernikako Akordioaren kudeaketaren gainean, baina hurrengo egunetan arazo horiek konponduko dituztela uste du.

Akordioa gizarteratzea funtsezkotzat jo du EAko idazkari nagusiak, aurreko esperientziek erakutsi dutelako «normalizaziorako eta baketzerako oinarrizkoa dela herritarrak prozesuan inplikatzea».

Rafa Larreinaren ustez, berriz, «inork ezin du ulertu» Aralar ez egotea aurkezpen horietan. Mezu labur hori eman zuen EAko kideak, atzo, bere Twitterrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.