«Gizarteak ez luke eragile pasibo izan behar». Gernikako Akordioaren sinatzaileek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ekitaldiak egin zituzten herritarrei itunaren edukia ezagutarazteko asmoz. Iruñeko ekitaldian, LABeko Saul Arangibelek dei egin zion euskal gizarteari abian den prozesuan «eragile aktibo» izatera, «gatazkaren konponbideak ez duelako erakunde sozialen eta alderdi profesionalen inguruan biratu behar». Horregatik, euskal gizarteari dei zuzena egin dio erantzukizuna bere gain hartzeko prozesua aurrerantz bultza dezan. Horretarako aukera zuzena izango du Bilbon bihar egingo den manifestazioan: «Manifestazio horretan mundu guztiari eskatuko diogu garai politiko berria sostengatzeko».
Atzo eguerdian, informazioa emateko mahaiak zabaldu zituzten Gernikako Akordioaren sinatzaileek lau hiriburuetan: Donostian, bulebarrean; Iruñean, Udaletxe plazan; Bilbon, Plaza Biribilean; eta Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan. Iruñean, kasu, eskuorriak hartu eta alde zaharrean barrena herritarren artean banatu zituzten.
Eskuorri horietan, gizarteari dei berezia egiten zaio parte hartzeko. Saul Arangibelek nabarmendu du gizarteak bultzatu egin behar duela akordioa, «guztien artean» egin dadin. Haren hitzetan, elkarrizketa hori «seriotasunez eta lasaitasunez» jorratu beharra dago, baina, era berean, denbora larregi pasatzen utzi gabe. «Oraingoan, bai, beharrezko baldintzak daude».
Horren haritik, Gernikako Akordioaren sinatzaileen izenean, Arangibelek oso garrantzitsutzat jo du asteon nazioartetik jasotako bultzada. «Sostengu horrek laguntza handia emango digu guztioi gure diskurtsoen edukiak leunduz eta modulatuz joan gaitezen». Horregatik egin dio dei berezia euskal gizarteari. «Gonbidatu egiten diogu jendeari luzatu diegun eskua hartzera eta gizartearekin batera aurrera egitera. Gizarteak bere egin behar du prozesu hau. Ezin da eragile pasibo bihurtu», azpimarratu du Arangibelek.
Saul Arangibelek nabarmendu du, era berean, Gernikako Akordioak gizarte mugimendu, alderdi eta sindikatu asko dituela atzean eta «gatazka armatu eta politikoaren ondorioei zein zergatiei» aurre egiten diela. Arangibelek azaldu du «garai politiko berriak» zabaltzen ari direla eta horren alde ari direla bultzatzen Gernikako Akordioaren sinatzaileak aspaldidanik. Asteleheneko Donostiako bake konferentzia oso baikorra izan dela iritzi dio. «Jada ezin da immobilismoaz hitz egin. Eta oraindik mugimendurik egin ez duten gainontzeko eragileei eskatzen diegu ordua iritsi dela akordio iraunkor, demokratiko eta bidezko baten alde apustu egiteko».
«Galtzaile gabe»
Beste hiriburuetan ere ildo beretik jo dute. Bilbon, kasu, EILASeko Arantza Fernandez de Garaialdek nabarmendu du helburua izan behar duela «galtzailerik gabeko benetako demokrazia» erdiestea. «Galtzaile eta irabazlerik gabeko bake demokratiko batek guztiok egiten gaitu irabazle, gatazka armatuen, inposizioaren eta diskriminazioaren aurrean», azaldu du. Arantza Fernandez de Garaialdek nabarmendu du «une bereziki itxaropentsua» dela eta herritar guztien aldetik parte hartze handia egon beharko lukeela. «Asko dago egiteko bakea eta normalizazio politikoa lortzeko», esan du.
Konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia
Gernikako sinatzaileek gizartea «eragile aktibo» izatera deitu dute
Bilbon bihar egingo den manifestazioak «garai politiko berria» bultzatuko duela azpimarratu dute akordioaren sinatzaileekHegoaldeko lau hiriburuetan ekitaldiak egin dituzte gizarteari ituna ezagutarazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu