Gernika-Lumon (Bizkaia) bart bere emaztea hiltzea leporatuta atxilotu duten gizonezkoa kartzelan sartu du gaur epaileak. Basauriko (Bizkaia) espetxera eraman dute, eta psikiatra batek azterketa medikua egingo dio.
44 urte zituen hildakoak, 48 urte ustezko erasotzaileak. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, labana batekin hil du. Ertzaintzak gizona etxe inguruko taberna batera tabakoa erostera zihoanean atxilotu du, labana eskuan zuen ustezko erasotzaileak.
Bart izan da gertaera, 23:15 aldera, Barrekale kalean -herriaren erdigunean dago-. 11 urteko semearen eta 19 urteko alabaren aurrean egin du eraso gizonezkoak Ertzaintzaren arabera. 11 urteko semea izan da hilketaren berri bizilagun bati lehenengo eta Ertzaintzari ondoren eman diona, Begoña Landa Gernikako Udaleko Berdintasun zinegotziak jakinarazi duenez. 19 urteko alaba Gurutzetako ospitalean dago eta oso larri dagoela jakinarazi dute medikuek; bularrean, iztartean eta besoetan zauriak ditu.
Emakumezkoaren gorpua, berriz, Bilboko Auzitegiko Patologiako Zerbitzura eraman dute. Izaskun izena zuen. Familia Lodosakoa (Nafarroa) da, urteak zeramatzaten Busturialdea eskualdean bizitzen, baina Gernika-Lumon bertan 2007tik zeuden. Bikoteak bost seme-alaba ditu.
Ertzaintzak jakinarazi du ez zutela inoiz emakume haren salaketarik jaso indarkeriagatik. Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, berriz, esan du herrian "integratutako" familia dela.
Gernika-Lumoko Udalak 19:00etan osoko bilkura egingo du emakumearen hilketa gaitzesteko. 19:30ean elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean.
Aurten, Euskal Herrian ustez bikotekideak hil duen lehenengo emakumea izan da. Iaz 5.200 emakumek baino gehiagok salatu zituzten tratu txarrak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Haietatik sei hil egin zituzten bikotekideek.
emakumeen aurkako indarkeria
Gernikan emaztea hiltzea egotzita atxilotutako gizonezkoa kartzelan sartu du epaileak
44 urte zituen hildakoak eta 19 urteko alaba oso larri dago. 19:30ean elkarretaratzea egin dute udaletxe aurrean. Aurten Euskal Herrian ustez bikotekideak hil duen lehenengo emakumea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu