Gernikan eta Baigorrin elkartzera deitu du Independentistak sareak

Gernikako bonbardaketa eta Nafarroako konkista gogoraziko dituzte Aberri Egunean, gertakarien 74. eta 499. urteurrenetanLehen aldiz, egun berean izango dira Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna

Aberri Egunerako prestatutako irudia ezagutarazi zuten atzoko agerraldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Aurtengo Aberri Eguna Gernikan (Bizkaia) eta Baigorrin (Nafarroa Beherea) egitera deitu du Independentistak sareak, lehena «gure askatasunaren ikurra» eta bigarrena «nafar lurralde batasunaren ikurra» direla argudiatuta. Independentziaren aldeko mugimenduarentzat 2012. urterainoko epea «oso garrantzitsua» izango dela iritzi dio sareak, eta, ondorioz, aurtengo eta datorren urteko Aberri Egunak «independentziaren aldeko bultzada zikloan» sartzen ditu plataformak. Apirilaren 24an izango da aurten Aberri Eguna.

Independentistak sareak agerraldia egin zuen atzo Donostian, Aberri Egunerako deialdia egiteko. Jon Andoni del Amok eta Maite Aristegik eman zuten deialdiaren berri. Herrien aukeraketa ez da zorizkoa izan; izan ere, 2012an, 75 urte beteko dira Gernikako bonbardaketa gertatu zenetik, eta 500 urte, Nafarroa konkistatu zutenetik. Horiek «gure herriaren aurkako inposaketa bortitza markatzen duten bi mugarri historiko, menperatzea, zanpaketa eta gure burujabetzaren deuseztea adierazten duten bi gertakizun» direla gogorarazi du Del Amok. Ondorioz, 2012a «erreferentzia urtea» dela azpimarratu du.

Antzeko gertakariak berriz gerta ez daitezen berme bakarra independentzia dela ziurtatu du Del Amok. «Euskal Herri osoa animatzen dugu Baigorri eta Gernika berdez jartzera, eta era tinkoan erakustera 500 urte geroago, 75 urte geroago, Euskal Herria bizirik dagoela; bere askatasunaren sua behin betiko pizteko prest», adierazi du.

Nafarroako egunarekin bat

Berezitasun bat izango du aurten Aberri Egunak; lehenengo aldiz, egun berean izango dira Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna. Apirilaren azken igandean izan ohi da Nafarroaren Eguna, baina egun hori ospatzen hasi zenetik —orain dela 30 urte—, inoiz ez da pazko igandearekin —Aberri Egunarekin— egokitu. Baigorrin egin ohi dute, bertako Basaizea elkarteak antolatuta.

Independentistak sarearen eta Basaizea elkartearen iritziz, bi ospakizunak egun berean izatea «gure naziotasuna aldarrikatzeko eta Nafarroak izan duen eta duen erreferentzia izaera aldarrikatzeko izugarrizko aukera ederra bilakatu da». Hala, bi ospakizunak Baigorrin egingo dira, deialdi ezberdinen nortasuna bermatuz.

Kolore orotako abertzaleentzat

Argi berdea independentziari izango da 2011ko Aberri Egunaren leloa, eta «gainditu nahi dugun egoera ilunetik independentziaren argi berdera» igarotzea da xedea. Gernikan, manifestaldi bat eta ekitaldi politiko nagusia egingo dute eguerdian, eta jaiak eta aldarrikapenek bat egingo dute arratsalde osoan. Baigorrin, Nafarroaren Egunaren ospakizunen barruan egingo dute Aberri Egunaren ekitaldia.

Basaizea elkarteko Argia Oltzomendik ere parte hartu du agerraldian. Esan duenez, Nafarroaren Eguna nafar guztien eguna da, eta hori adiera zabalean ulertu behar dela argitu du, «Zuberoatik Bizkairaino». Halaber, egun abertzale bat dela adierazi du, baina alderdiei dagokionez, neutroa. «Kolore guztietako abertzaleentzako» festa dela ohartarazi du.

Etorkizunari begira, Oltzomendi itxaropentsu azaldu da: «Urte luzez, abertzaleen bereizketa salatu dugu, baina aurten abertzaleen arteko batasun bat atzeman dugu. Esperantza eta elkartasuna nagusi dira».

«Abertzale eta independentista guztientzako» Aberri Eguna antolatuko zuela iragarri zuen Martxoaren 2an Independentistak sareak. Atzo, asmo hori berretsi zuen: «Batasuna eta askatasuna. Baigorri eta Gernika. Batean eta bestean, kolore guztietako independentistak elkarturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.