Gernika Memoriaren Lekuko

Ibon Meñika: «Gernikaren memoria inoizko bizien dago, baina badugu zer landu oraindik»

Meñikak uste du Espainiako Estatuari «gogoeta autokritikoa» egitea dagokiola izan duen ibilbideaz.

Ibon Meñika. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Ibon Meñika. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Urtero legez, egitarau zabala prestatu du Gernika Memoriaren Lekuko plataformak Gernikako bonbardaketaren urteurrena dela eta. Atzo izan zen bonbardaketaren 87. urteurrena, baina ekitaldiak apirilaren 16an hasi ziren, eta maiatzaren 6ra arte beste hainbat izango dira. Izan ere, plataformako kide Ibon Meñika Orue-Etxebarriak (Zamudio, Bizkaia, 1977) azaldu duenez, haien asmoa da «memoriaren alor guztiak» jorratzea, baita zenbaitetan ezkutuan gelditzen diren horiek ere.

Data hauek oso bereziak dira gernikarrentzat, ezta?

Apirilaren amaiera aldera beti nabaritzen da giro berezi bat sortzen dela Gernikan. Egia da apirilaren 26a egun seinalatua dela gernikarrentzat, baina hainbat sektoretatik saiatzen gara arretagunea zabaltzen, egitaraua egun horretaz harago hedatzen eta gainerako egunak ere memoria egiteko egun bilakatzen.

Inor gutxi egongo da Gernikan bonbardatzearen berri ez dakiena, baina, hala ere, memoriaren transmisioa behar beste lantzen dela uste al duzue?

Memoria, beste gauza batzuen artean, transmisioa ere bada: bizi izandakoa, pairatutakoa, ezagututakoa hurrengoei helarazteko modu bat. 87 urte eta gero Gernikaren memoria bizirik badago, hori da, besteak beste, transmisio hori bermatu delako, are gehiago kontuan hartuta Euskal Herriak bizi izan dituen testuinguru bortitzak: gogoratu behar da, esaterako, Gernika Batzordea frankismoaren garaian sortu zela, ahotsa altxatzea eta egia esatea oso erreprimituta zegoen garai batean. Hari hori ez da eten.

Hala ere, horrek ez gaitu erlaxatzera eraman behar. Hain bizimodu azkarra dugun garai honetan, badaukagu memoria lantzeko beharra. Memoriaren zati bat transmititu da, baina guk beti arreta jartzen dugu transmititu edo berreraiki ez diren alor horietan.

Adibidez?

Guk sarri nabarmendu dugu Gernikaren bonbardaketaren osteko garaiak emakume aurpegia duela. Gizonezko asko frontean zeuden, eta ondorengo errealitatean ere, ekonomikoki, etxeetan, transmisio ariketa horretan eta abarretan emakumeek zeregin garrantzitsua bete zuten. Zer ezagutzen dugu azken 80 urte horietako Gernikako emakumeei buruz? Lanketa bat egin da, baina, seguru asko, ez behar bestekoa. Oraindik badaude gauza asko ezagutzen ez ditugunak. Memoria inoizko bizien dago, baina horren beharra ere inoiz baino handiagoa da, eta oraindik badugu zer landu.

Espainiako Gobernuak memoria gune izendatu du Gernika. Zer irizten diozue horri?

Asmoa iragarri zutenean ere iritzia eman genuen, eta nabarmendu genuen izendapen horren atzean badagoela balio politiko, historiko eta instituzional handi bai, eta hori aitortu behar zela. Gernikak duen pisu sinbolikoari dagokion aintzatespen ofiziala emateak badu bere balioa: orain arte egin ez den zerbait egin da, eta hori positiboa da. Bestalde, memoria leku izendatu dituzten tokien inguruko eztabaida sozialik ez da egon, eta ez da aukerarik eman hausnartzeko memoria denon artean zelan eraikitzen dugun eta memoriaren zein arlotan jarri behar den arreta; adibidez, lehen aipatutako emakumeen memoria hori ez dago inon jasota.

Gainera, uste dugu izendapen horrek ezin duela aldendu Espainiako Gobernua hark izan dezakeen erantzukizunetik. Memoriaren eraikuntzan denok ditugu etxeko lanak, eta Espainiako Gobernuak ere bai. Ez da sumatzen inolako ikuspegi kritikorik Espainiako Estatuak izan duen ibilbidearekin, ezta inolako gogoetarik ere alor ofizial horrek bidali beharko lukeen mezuaz ere. Gaur egungo Espainiako Estatuaren eraikuntza Gernikako errautsen gainean egin da, eta hori aitortu eta horretaz gogoeta autokritikoa egin beharko luke Espainiako Estatuak, gobernuan dagoena edozein delarik ere. Legezko izendapen batek ez luke erantzukizun hori baztertu beharko.

«Gaur egungo Gernika berria Palestina deitzen da. Guk gure arduratik ahotsa altxatzeko beharra dugu»

Palestinari elkartasuna adierazteko ekitaldiak ere badaude bonbardaketaren urteurren egitarauan. Zerk lotzen ditu Gernika eta Palestina?

Zoritxarrez, badago lotura bat Gernikatik Palestinara, edo haritzetik olibondora, Gernika-Palestina deialdiak sinbolikoki dioen moduan. Guk gure genozidio saialdia pairatu behar izan genuen, eta, 87 urte geroago, badirudi gizakiak ez duela ezer ikasi eta Gernika berriak sortzen dihardu. Gaur egungo Gernika berria Palestina deitzen da. Guk gure arduratik ahotsa altxatzeko beharra daukagu, eta adierazi behar dugu Gernikan beti egongo garela Palestinako herriarekin, haien mina ulertzen dugula; eta, bestalde, esan behar dugu erantzuleak badaudela, eta ez dugula inoiz onartuko herri bat desagerrarazteko asmo zital hori.

Pablo Gonzalez kazetariaren aldeko ekitaldi bat ere antolatu duzue.

Maiatzaren 3a Prentsa Askatasunaren Nazioarteko eguna da, eta data oso hurbil dago bonbardaketaren urteurrenetik. Iaz Gonzalezen gatibutza salatu genuen, eta aurten ere egingo dugu, gure eskualdekoa delako, injustizia itzela pairatzen ari delako, eta pentsatzen dugulako prentsa askatasunaren aldarria egitea inoiz baino beharrezkoagoa dela. Gatazkak ugaritzen ari dira, eta horrelako testuinguru bortitzetan oso garrantzitsua da kazetaritzaren rola. Gernikan ere, Lauaxeta atxilotu zuten, nazioarteko kazetariak zekartzanean Gernikan izandako sarraskia ikus zezaten. George Steer eta beste kazetari konprometitu batzuk izan ez balira, zer jakingo genuke gaur egun Gernikari buruz?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.