Gero eta atxikimendu eta dei gehiago biltzen ari da Bilboko manifestazioa

GazteHerriak, Zutik-ek eta hainbat herritako gizabanakok bat egin dute 'Egin dezagun urratsa' ekimenarekin

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Egin dezagun urratsa ekimenak deituta larunbatean Bilbon euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egingo den manifestazioa atxikimendu gehiago ari da biltzen azken orduotan, eta dagoeneko atxikimendua eman eta manifestaziora dei egin duten hainbat taldek euren erakundeetako ordezkari nagusiak Bilbon izango direla ere iragarri dute.

Hainbat gazte erakunde biltzen dituen GazteHerriak atzo egin zuen bat manifestazioarekin, eta Euskal Herriko gazteei dei egin zien «urratsa egitera». Euskal preso guztien eskubideen alde, baina bereziki preso gazteak gogoan izanda, «aski da!» oihukatzera dei egin du GazteHerriak: «Gazteok aspaldi esan genuen herri honen sufrimendua gainditu beharra zegoela, baina estatuek ez dute gure ahotsa entzun, presoen egoera muturreraino eramanez erantzun baizik».

Zutik-eko Gorripidea ildoak ere bat egin du larunbat arratsean Bilbon egingo den manifestazioarekin.

Erakundeak ezeze herritarrak ere batu dira deia egiteko. Sakanakoak, adibidez, Etxarrin batu ziren Egin dezagun urratsa ekimeari atxikimendua adierazteko.

LABek aurreko egunetan egin du bat manifestazioarekin. Atzo, berriz, Bilbon ordezkaritza zabala izango dela esan zuen, Ainhoa Etxaide idazkari nagusia buru dela Batzorde Exekutiboko eta Nazio Batzordeko kideekin.

Debeku eskaera gehiago

AVT, PP eta UPDren ondotik, atzo Covite biktimen elkarteak manifestazioa debekatzeko eskatu zuen, eta ohar bera erabili zuen manifestazioarekin bat egin duten Realeko jokalariei erasotzeko. Horren harira, ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeajokalarion defentsan agertu zen atzo, eta elkartasuna adierazteaz gain jasaten ari diren «lintxamendu mediatikoaren» aurrean babesa eskaini zien, eta gauza bera egin dezaten eskatu zien zaleei, Realari eta Realeko jokalariei. ESAITek etziko manifestaziora joango dela ere iragarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.