Nabarmena da zezenketek izan duten beherakada. Sare sozialen bitartez hedatu diren argazkiak ikusi besterik ez da egin behar hori ziurtatzeko. Gero eta jende gutxiago biltzen da Bilboko Aste Nagusiko zezenketetara, baina ez horietara bakarrik, beste herrietako zezenketetara ere hedatu da joera hori. Hala nabarmendu dute sare sozialetan erabiltzaileek; "izugarrizko porrota", "lotsagarria", "basakeria" eta "galgarria" gisa izendatu dituzte erabiltzaileek zezenketak.
Bilboko EH Bilduk, esaterako, gaitzetsi egin du Udalak funts publikoaren bitartez zezenketak sustatzea. "Denon diruarekin ari dira sarrerak erosten", adierazi dute, eta zezenketei eusteko jartzen den dirua zenbatekoa den jakin nahi dutela nabarmendu dute. Gainera, goraipatu egin dute hiriak erantzun argia eman izana zezenketak babesteko ahalegin horri: "Bilbotarrok ez dugu zezenketarik nahi".
Hala, beherakada esanguratsu horren datuak argitaratu ditu alderdiak: "Lehenengo hiru zezenketek 4.000 inguru ikusle izan zituzten, eta zezen plazaren edukiera 14.000 pertsonakoa da". Horregatik, nabarmendu dute jendeak ez dituela zezenketak maite: "Zezenketek Bilbon ez dute etorkizunik". Halaber, adierazi dute galera ekonomikoak handiak izan direla; EH Bilduren arabera, 360.000 eurorainokoak. Bide horretan, Vista Alegreren erabileraren gaineko eztabaidari adarretatik heltzea proposatzen du alderdiak, eta, iradoki duenez, herri kontsulta da irtenbideetako bat.
Kasurako, zezenketen aurkako protesta egin zuten iragan larunbatean. Zezen plazaren inguruan bildu ziren manifestariak, eta zezenketekin amaitzeko galdegin zioten Bilboko Udalari. Txistu hotsak eta irainak izan ziren zezenketa ikustera zihoazenak handik igarotzean. Tentsio uneak izan ziren arren, ez ziren izan aurreko urteetan zezenketen aldekoen eta aurkakoen artean izan ziren istiluak. Zezenketa hastean, omenaldia egin zieten Aste Nagusian hil dituzten 54 zezenei.
Gainera, aurtengo protesta abagune erabakigarrian etorri dela nabarmendu zuten antolatzaileek; izan ere, Bilboko Udalak "15 urteko alokairu kontratua sinatu nahi du hemendik gutxira; beste 5 urtez luzatzeko aukerarekin, gainera". Hitzarmen horrek "irregulartasunak" dituela salatu dute, eta, bide administratibotik errekurtsoa aurkeztu dutela. "Tauromakiak ez du lekurik garai berri hauetan, ankerra eta bortitza delako", salatu dute, eta Bilboko Udalari galdegin diote beste alternatiba batzuk bilatu ditzala.
Datu esanguratsuak
Izen alaia badu ere, ez da oparoaldian bizi Bilboko Vista Alegre zezen plaza. 1962. urtean ireki zuten, urte bat lehenago erre zen La Vieja zezen plaza ordezkatzeko. Guztira, 14.725 ikuslerentzako tokia du, eta, gaur egun, entitate pribatu bat eta Bilboko Udala dira haren jabekideak; alegia, biek dute jabetzaren %50. Duela urte batzuk ez bezala, azpiegitura ez da ia ezertarako erabiltzen; zezenketetarako salbu.
Zezenketa horiek, baina, gastu batzuk dituzte, eta, gastu horiei aurre egiteko, diru publikoa erabili ohi dute erakundeek. Datu horiek bildu ditu eldiario.es hedabideak. Kopuru horien arabera, azken zazpi urteetan 16.000.000 euro jarri dira Bilboko Aste Nagusiko zezenketa horiek antolatzeko. Gastu horien artean sartuko lirateke, besteak beste, "toreatzaile eta nobillero", "toreatzaileen segurtasuna", "ganadua" eta beste hainbat kontzeptu.
Hala ere, ez dira horiek gastu bakarrak. Kopuru horri "langileen gastuak" gehitu behar zaizkio, 2.275.000 euro inguru, eta horri 2.700.000 euroan baloratutako beste hainbat kontzeptu: musikariak, albaitariak, medikuak... Badira gastu gehiago oraindik; izan ere, 20.000.000 euroko datu horri 3.700.000 euro ingururen gastu batzuk ere erantsi behar zaizkio, "eraikinaren gastuak" izenpean. Alegia, datuak bildu dituen hedabidearen arabera, azken zazpi urteetan 23.421.748 euro jarri dira zezenketa horietarako; hots, 3.345.964 euro urtean.