Nafarroako Gobernuaren osaketa

Geroa Baik Nafarroako Osasun Departamentua gidatuko du, gobernu akordioaren arabera

PSNk zortzi departamentu gidatuko ditu, Geroa Baik lau, eta Zurekin Nafarroak bat. Alderdi bakoitzak presidenteorde bat izango du.

Geroa Baiko kideak, atzoko bilkurara bidean. IñIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko abuztuaren 8a
17:34
Entzun 00:00:0000:00:00

Gobernu programa adostearekin batera, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak urratsak egin dituzte Nafarroako Gobernuaren egitura berria antolatzeko. Inbestidura saioak aurrera eginez gero, Maria Txibiteren gobernu berriak hamahiru departamentu izango ditu, azken legealdiko kopuru bera. Izan ere, alderdi bakoitzak kontseilari kopuru berari eutsiko dio: PSNk zortzi, Geroa Baik lau, eta Zurekin Nafarroak bat. Halere, oraingoan talde bakoitzak presidenteorde bat izango du; azken legealdian PSNk eta Geroa Baik bana izan zuten. Jakinarazi dutenez, Geroa Bairen esku geratuko da Osasun Departamentua. Koalizioak, ordea, Etxebizitza arloa kudeatzeari utziko dio, Zurekin Nafarroaren mesedetan.

Sozialistek departamentu hauei eutsiko diete: Hezkuntza, Lurralde Kohesioa, Ekonomia eta Ogasuna, Kultura eta Kirola —Turismoa ere barne hartuko du orain—, Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala, eta Eskubide Sozialak eta Enplegua. Horretaz gainera, akordioaren arabera, bi departamentutan banatuko dute Presidentetza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentua, azken legealdian Javier Remirez presidenteordearen gidaritzapean egon dena. Batetik, Presidentetza eta Berdintasun Departamentu bat osatuko dute. PSNren esku egongo da, baina haren barruan kokatutako Berdintasun Institutua Zurekin Nafarroak gidatuko du. Bestetik, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentua osatuko dute. Beraz, Justizia Ahal Dugu-ren eskuetatik PSNra igaroko da.

Geroa Baik, berriz, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuari eutsiko die —azken horren barruan, PSNk gidatuko du Bake, Memoria eta Bizikidetza zuzendaritza—. Horretaz gainera, Industria, Trantsizio Ekologiko eta Enpresen Trantsizio Digitalerako Departamentua gidatuko du koalizioak, eta haren barruan kokatuko dute, besteak beste, proiektu estrategikoen kudeaketa ere. Azken legealdian, bi departamentutan banatuta egon dira afera horiek: Garapen Ekonomikorako Departamentua eta Lurralde Antolaketa, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentua. Era berean, Osasun Departamentuaren ardura ere hartuko du Geroa Baik; azken legealdian Santos Indurain sozialistak gidatu du saila.

Geroa Bairen eskuetatik Zurekin Nafarroaren eskuetara igaroko da, berriz, Etxebizitza Zuzendaritzaren ardura. Zehazki, Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politika Departamentua gidatuko du koalizio horrek. Azken legealdian, Ahal Dugu-k Justizia eta Migrazio Politiken Departamentua zuzendu du.

Duela lau urte egin bezala, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Senaturako hautatu beharreko kidea zehazteko akordioa ere egin dute. Geroa Baik hautatuko du. 2019an, Koldo Martinezen alde egin zuten. Hura Iruñeko Udaleko zinegotzia da maiatzeko bozetatik, eta Geroa Baik ez du adierazi oraindik nor izango den haren ordezkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.