"Euskararen geroa Euskadiko Autonomia Erkidegoan datza. Bertan euskara ofiziala da, behar ziren legeak onartuak dira, eta bideak zabalduak eta ordokituak dira euskararentzat. Ez dira meharrak eta aldapatsuak Nafarroan eta Iparraldean bezala. Legeak ahal guztiak ematen dizkio euskotarrari, erran nahi baita Euskal Herrian bizi denari, aukera dezan izan euskaldun ala erdaldun". Berbok Jean Haritxelhar euskaltzainburuarenak dira. Astearte iluntzean egin zituen, Deustuko Unibertsitatean.
Haritxelharrek Euskararen etorkizuneko egoera nola ikusten duen azaldu zuen Deustu Forum ekimenak gonbidatuta. "Baikor" agertu zen baigorriarra, nahiz eta argi utzi zuen normalkuntza ez dela "bakarrik hizkuntzaren zaintzea, bada erabileraren bultzatzea ere", esan zuen. Nafarroan eta Iparraldean "gibelatuak" direla baina "EAEn gauzak hobeki" doazela esan zuen.
Arduratuta bai, kezkatuta, baina, ez: Iparraldean «garai bateko beherakada gainditua» delako, eta Nafarroan "hizkuntza borrokak segitu egiten" duelako. Bideko oztopoen artean bakarra nabarmendu nahi izan zuen Haritxelharrek, hiruzpalau aldiz nabarmendu gainera: "Kezkagarriena da, ene ustez, haurren kopuruaren beherakada ikaragarria. Pentsa dezagun duela 20 urte, 1984an, 40.000 haur sortu zirela EAEn; orain bakarrik 16.000. Zer etorkizun mota sortzen ari gara?", galdetu zuen.
Irakaskuntzan azken 20 urteetan izan diren aldaketek bereziki EAEko hezkuntza ereduetan eman dena, eta hedabideen alorrean edo literaturan egin diren urratsek "joera bat" erakusten dutela ohartarazi zuen: "Ez zen holakorik duela mende laurden bat", azpimarratu zuen."Dakigularik euskaldunen kopurua gehitzen ari dela emeki- emeki, bereziki EAEn, izan gaitezke baikorrak geroari buruz, belaunaldi berrien euskalduntzea delarik seinale ona", gaineratu zuen euskaltzainburuak.Mintzaldian hainbat gaien inguruan aipamen zehatzak egin zituen Haritxelharrek:
EUSKALTZAINDIAren egitekoak. "Normatibizazioa izango da, hemendik aurrera, gure egiteko nagusia. Euskaltzaindiak jorratutako bide luzean gaude oraindik. Euskara batua ez da osoki finkatua, baina segurki doa, beharrezkoa delako. Euskaltzaindiak segitu behar du jadanik hasia duen lana. Euskarak nahi badu izan beste hizkuntzen parekoa, gaurko bitarteko teknologiei lotu beharko zaio".
EUSKARA batua. "Hil edo bizikoa da euskara batutik abiatzea. Gazteei euskara irakasten bazaie, premiazkoa da guztiei bateratu irakastea. Nahi eta behar dugun batasun hori izan dadila behintzat euskara idatziarena, izkribuena. Euskaltzaindia izan da gidari eta bide erakusle, bera izan zelako egin zuena batasuna; hasi idazkerarekin edo ortografiarekin, jarraitu morfologiarekin eta azkenik joskerarekin".
EUSKARA ETA UMEAK. "Egin diren urratsak ikusiz, baikorra naizela esan dut. Baina erran dudan bezala, haurrak ez dira egiten, ez dezagun hori ahantz. Eta haur guti duen herri batek kasu egiten ahal du. Arriskutsua da hori, ez bakarrik ekonomiaren aldetik, baita hizkuntzaren aldetik ere. Egia da dinamika bat sortu dela Euskal Herrian, eta nehork ez du dudarik dinamika baikorra dela. Uste dut emeki-emeki euskaldunon kopurua gero eta gehiago handituko dela, bereziki, haur gehiago egiten badira. Geroa horretan datza".
EUSKARA ESKOLETAN. "Frantziako Gobernua kezkatua da ikastoletan ez direlako bakarrik klaseak ematen euskaraz, haurrak jolastokian ere euskaraz mintzatzen direlako. Hortaz kezkatua da Frantziako Ministerioa, kontra baita dudarik gabe. Ez dakit hemen zer gertatzen den, baina, nire ustez, sei orduz egunean euskaraz ari direlarik, pentsazen dut atsedenaldian ere euskaraz egingo dutela. Bestetik, orain arte ikastoletan eta D ereduan izan diren haurrak handitu dira, ezkondu edo juntatu dira eta bikote horiek ikastoletan ibilitakoak direlarik, horien haurrak ere ikastoletan edo D ereduan ezarriko dituzte. Beraz, kopuruak hazi egingo dira".
DENBORA. "Gure president sozialista azeri zaharrak, François Miterrand zenak, erraiten zuen behar zitzaiola denborari utzi denbora. Nik ere hori uste dut. Ez dezagun pentsa egun batetik bestera aldatzen direla gauzak, eta bereziki hizkuntza kasu honetan. Behar zaio hizkuntzari ere behar duen denbora eman, emeki-emeki behar du egin".
IPARRALDEKO EUSKARAREN ERAKUNDE PUBLIKOA. "Berriki agertu da Frantzian l'Office Publique pour la Politique Linguistique Euskara deitu dutena, eta euskaraz Euskararen Erakunde Publikoa deituko duguna. Irudi luke Frantziako Gobernuak eman nahi diola zerbait euskarari. Dirudienez, horrek bultzatuko du euskara Iparraldean. Hortan sartuak dira bai Kontseilu Orokorra, bai Akitaniako Kontseilua, bai Estatua eta baita Iparraldeko Hautetsiak ere. Ez dakit behar dena, hau da, dirua, izanen duten, behar diren lanpostuak sortzeko. Badakigu ez dituztela behar bezala sortu orain arte. Aldatuko da hori? Urrats bat egin da hitzarmen bereziekin. Bai Ikas Bik, bai Euskaltzaindiak ukan dute diru pixka bat, eta hortan badirudi nahi dutela zerbait egin euskarari buruz. OPPLE horrek nahi badu zerbait egin, beharko dizkio gobernuak behar diren diruak eman, beharrezko lanpostuen sortzeko ikastoletan. Ez badute ematen, ez du balio".
EUSKARA ETA IMMIGRAZIOA. "Etorkin askok eta askok gaztelaniaz badakite. Afrikatik etortzen direnak salbu, jakina. Hego Amerikatik etorritakoek espainola dute ama hizkuntza. Iruditzen zait hemen biziko badira gaztelania ikastea zentzuzkoa dela, baina euskara ikastea ere behar-beharrezkoa iruditzen zait. 60 eta 80ko hamarkadetako etorkinen seme-alabetarik askok eta askok euskara ikasi dute. Horren berri egunotan izan dugu poliziak atzeman egin dituelako Frantzian eta Espainian ETAko kide zirelako. Horiek ere euskara bazekiten".
BETEBEHARRA. "Nik uste dut leku zehatz baten hizkuntza bi egiten badira, badirudi bertan bizi direnen eginbeharra dela hizkuntza bi horiek menperatzea. Aretoan zaudeten erdaldun hutsei esan nahi dizuet zuon seme-alabak euskara ikasten badute, hobeto bizi ahal izango direla Euskal Herrian".
POLITIKA. "Nik esaten dudana da euskara politikaren gainetik dagoela; guztion errespetua merezi duela, eta ezin duela izan politikarako erabilgarri. Besterik da hizkuntza politika. Herri guztiek dute berea, Frantziak badu, Espainiak ere bai. Beraz, euskararentzat ere beharko du egon. Hori ez da politika. Herri hau elebiduna da. Hortaz, normala iruditzen zait jendeak bi hizkuntzak ikastea. Gehiago esango nuke nik. Iruditzen zait hemen bizi direnek hiru hizkuntza jakin beharko luketela".