Geroko medikuen larrialdia

EHUko medikuntza ikasleak aspalditik ari dira ikasketak euskaraz egin nahian; diotenez, euren eskubidea ez ezik, osasungintzaren euskalduntzea ere jokoan da.

Medikuntzako Batzarreko ordezkariak, Medikuntza eta Odontologia fakultatearen atarian. Euskaraz ikasteko eskubidea dute aldarri. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Leioa
2015eko martxoaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kasualitatea izan da, baina esanguratsua. 112 da larrialdietarako telefono zenbakia, osasun arloko zein bestelako premiaren bat dagoenean markatu beharrekoa. 112 lagunek igaro zuten joan den otsailaren 11ko gaua EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologia fakultatean (Leioa, Bizkaia) euskaraz ikasteko eskubidearen alde.

Larrialdiko deia da ikasleena, ikusten baitute euskaraz ikasteko eskubidea urraturik geratzeaz gain, Osakidetzaren euskalduntzea baldintzatu dezakeela fakultateak zerbitzua euskaraz emateko trebatuta ez dauden profesionalak sortzen segitzen badu.

Medikuntzako Batzarra osatzen duten ikasleek diotenez, arazoa ez da gaurkoa, aspalditik baitator euskaraz ikasteko ezintasuna. Bi ziklo ditu medikuntzak, bakoitza hiru urtekoa, eta, lehenengoan orain arte bermatu antzean izan badute ere euskaraz ikasteko eskubidea —hori ere zailtasunekin; elkarrizketa egin ondoren jakin dute litekeena dela orain arte euskaraz jaso duten ikasgai baten zati batzuk aurrerantzean erdaraz izatea—, benetako problema bigarren zikloko hiru urteetan agertzen da.

Erdara nagusi

Bigarren zikloko hiru urte horiek ez dituzte fakultatean ematen, ospitale batean baizik: Gurutzetan, Basurtun (biak Bizkaian), Donostian eta Gasteizen. Eta hor areagotu egiten dira euskaraz ikasteko zailtasunak.

Ikasleek ikerketa egin dute, ikaskideei galdetuta, erietxe horietako eskoletatik euskaraz benetan zenbat ematen diren jakiteko. Emaitzak etsigarriak dira: Gasteizen, esaterako, den-dena erdaraz ematen dute. Gurutzetan, berriz, laugarren mailan edukien %37 euskaraz dira, eta %37 ele bitan, baina bosgarren mailan euskarazko ikasgaiak %33 baino ez dira, eta seigarrenean, aldiz, erdara hutsez dira denak. Apur bat hobeak dira Basurtuko eta Donostiako datuak, baina kasu onenean ere, euskarazko ikasgaiak ozta-ozta iristen dira %50era.

Iazko ekainean, jardunaldiak antolatu zituzten medikuntza ikasleek Durangon (Bizkaia). Horien emaitza izan zen Eutsi izeneko plana.

«Euskararen gaia gurpil zoro baten modukoa da fakultate honetan», esan du Iker Villanueva Sanchez ikasleak (Durango, Bizkaia, 1995). «Euskaraz ikasteko zailtasunak daude, eta, bestalde, euskarazko matrikulazio tasak ez dira oso handiak. Batxilergoan %80 inguruk D ereduan ikasten dute, baina gero unibertsitatean euskaraz ikasten dugunok ez gara %50era heltzen, mito asko dagoelako eta jende askok uste duelako euskaraz ikasteko matrikulatuz gero arazo gehiago eta emaitza kaskarragoak izango dituela».

Horri erantzun nahi dio Eutsi planak, bi bidetan: ikasketak euskaldunduz eta euskarazko matrikulazioa sustatuz.

Irakasle falta argudiatu ohi da ikasketa guztiak euskaratzeko ezintasunaren arrazoi gisa. Ikasleek, baina, uste dute irakasleen bilaketa aktiboa egin behar dela.«Guk uste dugu ez dela nahikoa deialdi publikoa egitea», dio Iñaki Santamarina Renteria medikuntza ikasleak (Bermeo, Bizkaia, 1994). «Arazo bat baldin badago, ahalegin bat egin beharko da baldintzak betetzen dituzten irakasleak motibatzen».

Eta irakasle euskaldunak kontratatzeko egon daitezkeen oztopo burokratikoak kentzearen aldekoak dira. Santamarina: «Adibidez, Basurtun kardiologia eskolak emateko, kardiologoa izan eta euskara maila txukuna izateaz gain, beharrezkoa da ospitaleari loturiko lanpostua edukitzea. Horrek azalpen bat izan dezake klase praktikoak emateko, baina eskola teorikoen kasuan, ez dakigu zein arazo egon daitekeen beste ospitale bateko mediku bat Basurtura etorri, eskolak eman eta bere lanpostura bueltatzeko. Ez da inolako zentzugabekeria. Leioan, esaterako, Galdakaoko ospitaletik etorritako zirujauek ematen dituzte eskolak»

Borondatea

Ikasleek hainbat kontaktu izan dituzte unibertsitateko arduradunekin. Emaitzak, orain arte,gazi-gozoak izan dira. Medikuntzako dekanotzak, esaterako, ez du borondate handirik erakutsi: «Euskararena ez dute arazotzat jotzen», dio Santamarinak. «Konpontzeko gogoa badutela diote, baina gero ez dago inoiz pausorik. Euskara Batzordea, esaterako, ez da bildu azken bizpahiru urtean. Eta euskararen gaia mahai gainean jartzen dugunean, 'Zer nahiago duzue, hau euskalduntzea edo itoginak konpontzea?' eta zentzurik ez duten antzeko kontuekin erantzuten digute».

Errektoretzarekin ere badute harremana, batez ere euskararen arloko errektoreorde Jon Zaraterekin. «Nik uste dut Zaratek lan handia egiten duela; ez dakit horrek fruiturik emango duen, baina uste dut arazoa konpontzeko borondatea badagoela», dio Santamarinak.

Horrez gain, bestelako ekinbide eta protestak sustatu dituzte, esaterako, beste fakultateetako ikasleekin batera campusean egin zuten manifestazioa. Baina ekitaldirik garrantzitsuenetako bat joan den otsailaren 11ko itxialdia izan zen, medikuntzako batzarraren hamargarren urteurrena zela eta.

Itxialdia ez zen protesta soila. Egun osoan lantaldeak eratu zituzten, hitzaldiak antolatu zituzten, farmazia enpresen gaia edo medikuntzaren ikuspegi androzentristarena eztabaidatu zituzten, eta abar. Protesta horrekin gizarteari jakinarazi nahi izan zioten arazo bat dagoela, «eta ez bigarren mailakoa, dekanotzak dioen moduan».

«EHUk askotan esaten du euskaraz ikasteko aukera bermatzen duela, baina beti ez da horrela izaten», azaldu du Paule Solagaistua Zabala ikasleak (Durango, Bizkaia, 1995). «Egunero ditugu oztopoak. Eta kontuan hartu behar dugu euskaraz ikastekotan hemen izan beharko dela, munduko beste unibertsitateetan ez dute aukera hori emango».

Horri beste kontu bat gehitu behar zaio, eta ez munta txikikoa: euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeak badu eragina osasun zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidean ere. Santamarinak dioenez, «Osakidetzak sekulako dirutza gastatzen du bere burua euskalduntzen, baina unibertsitatetik profesional erdaldunak iristen zaizkien bitartean, alferrikakoa da hori. Ez dugu esaten hori sobera dagoenik, baina ahalegin hori unibertsitatean egingo balitz, denborarekin helburua lortuko litzateke. Unibertsitatea euskaldunduz gero, Osakidetza berez euskaldunduko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.