Itzubaltzeta gaztetxea zena erre da (Getxo, Bizkaia). Errekaganeko pabiloietan dago eraikina, Gobela metro geltokitik gertu. Gaztetxea itxita bazegoen ere, barrutik bi lagun aterarazi dituzte, eta beste pertsona bat ere irtenarazi dute aldameneko lokal batetik.
Sua 09:40an piztu da, eta suhiltzaileek bi ordu inguru behar izan dituzte hura kontrolpean hartzeko. Eraikinaren azpiegitura egurrezkoa zenez, sua azkar zabaldu da, eta teilatua erori egin da; ondorioz, horrek zaildu egin du suhiltzaileem lana. Ordea, kalte materialak handiak izan diren arren, ez da zauriturik egon.
Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate eraikina zaintzen, eta bazekiten jendea bertan zebilela. Horregatik, udalari eskatu zioten eraikina ondo ixteko: “Koltxoiak ikusi genituen, eta argazkiak egin genituen, udalari erakusteko”. Halere, jendea atera dute gaur goizean.
Metroaren bide ondoan dago eraikina, eta, ondorioz, zerbitzua eten behar izan dute. Leioa eta Aiboako geltokien artean ez dabil trenik, eta Bilboko Metroak ez daki noiz arte iraungo duen etenaldiak. Bi geltokien artean autobus zerbitzua jarri du.