Getxoko San Nikolas ikastolak antolatuko du 2024ko Ibilaldia

Maiatzaren 26an ospatuko dute Bizkaiko ikastolen festa, udalerriko hainbat eremutan. ’Txonbo’ egitera gonbidatu nahi dute.

Ibilaldiaren aurkezpena, Bilbon. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko ekainaren 28a
17:14
Entzun

2024ko Ibilaldiak baditu herria eta antolatzailea. Getxoko (Bizkaia) San Nikolas ikastolak hartu du heldu den urteko Bizkaiko ikastolen festa antolatzeko ardura. Maiatzaren 26an izanen da, udalerriko hainbat eremutan. Txonbo izanen da jaiarentzat aukeratu duten leloa, buruz behera murgiltzea adierazteko Uribe Kostako hainbat herritan erabiltzen den hitzari erreferentzia eginez. Hala, ur zipriztinak irudikatzen dituen logoa erabiliko dute.

Orain dela hilabete egin zuten aurtengo Ibilaldia Ondarroan (Bizkaia), eta haren balorazio ona egin dute. Heldu den urtekoa 46. jaialdia izanen da, eta hainbat helburu finkatu dituzte antolatzaileek:euskararen sustapena bultzatzea, sexuari eta generoari lotutako rolak gainditzea, antolatzen dituzten ekintza guztietan jasangarritasuna bermatzea, ikastola komunitate osoaren eta herriko eragile guztien partaidetza eta behar ezberdinak dituztenen inklusioa. «Ibilaldian txonbo egin nahi dugu. Txonbo bizikidetzara, abenturara, Getxora, euskarara... eta aurretik adierazitako balio ezberdinetan murgildu edo txonbo egin gura dugu».

Unai Elorriaga ikastolako guraso eta euskal idazle ezagunak egindako ikerketaren emaitza da txonbo hitzaren erabilpena. Gaztelaniaz ere erabilpen handia du, eta askok uste izan dute mailegu gisa iritsi zela euskarara, baina alderantziz da. Horregatik ere azpimarratu nahi izan dute.

60 urteko ikastola

1963an sortu zen Getxoko San Nikolas ikastola, Bilboko lehenengo Ikastola klandestinoaren ideia harturik. Bederatzi familiak abiatu zuten. Begoña Abaitua andereñoaren gidaritzapean hamabi ikasle hasi ziren euskarazko irakaskuntza jarraitzen. San Nikolas Irakaskuntza Zentroa deitu zuten ‘ikastola’ izena bera ezkutatzeko. Urteen poderioz, ikasle kopurua emendatu eta ikastolaren dimentsioa handitu egin zen. Heldu den urteko Ibilaldiaren aurkezpena baliatu nahi izan dute urteetan proiektuan inplikatutako guraso eta irakasleak eskertzeko. Gaur egun, 1100tik gora ikaslek , 700 familia aktibok eta 140 langile inguruk osatzen dute San Nikolas Ikastola kooperatiba elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.