Abenduaren 1ean, etzi, izango da Hiesaren Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, gaixotasun horren prebentzio eta diagnostiko goiztiarraren garrantzia nabarmendu dute osasun agintariek. Eusko Jaurlaritzako zein Nafarroako Gobernuko osasun sailek ohartarazi dutenez, azken urteotan aurrerapenak egin diren arren, oraindik ere kasu asko diagnostikatu gabe daude eta atzematen diren kasuen erdiak baino gehiago berandu diagnostikatzen dira.
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ohartarazi dutenez, diagnostiko eta tratamendu goiztiarra erabakigarriak dira; bai GIBa —giza immunoeskasiaren birusa— duten pertsonentzat, haien bizi kalitatea hobetzen duelako, baita osasun publikorako ere, transmisio katea eteten duelako.
Diagnostiko hori errazteko asmoz, osasun zentroetan ez ezik, farmazietan ere test azkarrak egiteko aukera dagoela gogorarazi dute. Hego Euskal Herriko ehundik gora farmaziatan eskaintzen dira proba horiek: Nafarroan 50, Bizkaian 32, Gipuzkoan hemeretzi, eta Araban bederatzi.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, test azkarrak 2009tik daude eskuragai farmazietan. Orduz geroztik, 33.659 lagin baino gehiago aztertu dituzte eta horietako 233k (%0,7) emaitza positiboa izan dute. Positibo horietatik %13,6 Araban egindako testak dira, %33,3 Gipuzkoan eta %53,1 Bizkaian. Gizonak dira test horien erabiltzaile gehienak, lautik hiru, eta batez beste 36,8 urte dituzte. Proba egin dutenen lautik bat gizonekin sexu harremanak izandako gizonak dira. Testen bidez atzemandako positiboen erdiak kolektibo horretakoak dira.
Bestalde, Nafarroako Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, 2019tik 2023ra bitartean, GIBarekin infektatutako 185 kasu detektatu dituzte, lurralde horretan ere gizonezkoak dira gehienak (%83). Gizonezkoen arteko harremanak dituztenen artean agertu dira positiboen %64, harreman heterosexualak dituztenen artean %31 dira eta drogen kontsumoarekin lotuta %2. Hilkortasunarekin lotutako datuak ere plazaratu ditu Nafarroako Osasun Departamentuak. Hartara, 2019tik 2023ra, birusa zuten pertsonen artean 64 heriotza izan dira.
Bi gobernuek berretsi dute diagnostiko goiztiarrean oso lagungarria dela farmazietan proba egiteko aukera egotea; test horiek azkarrak direlako, anonimoak izanik estigma murrizten laguntzen dutelako eta jende gehiagorengana iristen direlako.
7.300 lagun inguru tratamenduan
GIB birusaren tratamenduari dagokionez, birusa behin betiko desagerrarazten duen medikamenturik ez dagoela jakinarazi dute. Erretrobirusen aurkako tratamenduek birusaren ugalketa blokeatzen dutela eta bizitza osoan hartzen jarraitu behar dela. Guztira 7.281 pertsona daude tratamenduan Hego Euskal Herrian.
Diagnostiko goiztiarrarekin batera, prebentzioan ere indarra jarri behar dela ohartarazi dute bi osasun sailek. Gogorarazi dutenez, GIB birusa preserbatiborik gabeko sexu harremanen bidez transmititzen da nagusiki. Eta GIBa ez ezik, sexu harremanen bidez transmititzen diren infekzioen kutsatzeak areagotzen ari direla ohartarazi dute.
Bestalde, prebentzio neurrien artean ere, GIBaren eraginpean egon aurreko profilaxia estrategiaren eraginkortasuna goraipatu du Osakidetzak. Prebentzio programa horretan mila pertsona parte hartzen ari direla eta emaitza onak izaten ari direla jakinarazi du.