Bea Sever. Chrysallis Euskal Herria

«Gida ez da bete beharrekoa, baina aurrera begirako arauen oinarria da»

Jon Rejado.
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Gidak aholkuak ematen ditu, hau da, ez da bete beharrekoa. Nola baloratzen duzue?

Lege bat dago, baina ez dago garatuta; legeak ezarri beharko lituzke bete beharreko neurriak. Hori gertatu bitartean, maila guztietan dagoen ezjakintasunari aurre egiteko tresna eskatu genuen; edonora jotzen duzula, inork ez daki ezer: irakasleek, zuzendaritzek, psikologoek, pediatrek... Bete beharrekoa ez bada ere, Jaurlaritzak aurrerago zehaztuko dituen arauek gida izango dute oinarri.

Osasunaren arloan zenbait gomendio jaso ditu.

Egoki irizten diogu Osasun Sailak izan duen jarrerari. Orain arte, genero unitatea psikiatria atalean egon da, eta edozer egiten hasi aurretik bi urteko tratamendu psikiatrikoa eskatzen zen. Azken aldian ez ziren hori egiten ari; horren kontra nahiko borroka egin dugu.

Baina ez da prozesua despatologizatuko, ezta? Hots, gidan transexualitate egoeran daudenak ez dira eritzat hartu, baina, aldi berean, proba batzuk zehazten ditu.

Ebaluazio moduko bat egin beharko dute, baina ez garai bateko bi urteko tratamendua. Alor horretan genuen bat ez etortze nagusia, eta akordio hori lortu dugu. Osasun Sailarentzat ez dira nahikoak pertsonaren eta ingurukoen adierazpenak; nolabait ziurtatu behar zuten transexualitate kasu bat zela. Psikiatriatik probak egingo dituzte, baina bi urteko tratamendua izan gabe.

Hezkuntza alorrean proposatutako aholkuak zuek egindakoak dira, hein handi batean, ezta?

Eusko Jaurlaritzak Chrysallisek egindako gida hartu zuen eredutzat. Hortaz, oso pozik gaude gure umeei ematen dieten tratamenduarekin. Dena den, genero ez-normatiboei buruzko beste erreferentzia batzuk sartu ditu Jaurlaritzak, baina kasu horietarako ez du aholkurik ematen. Alde horretatik, nahasia eta amaitu gabea da gida.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.