AMPARO LOPEZ

«Gidarien hanka-sartzeek eragiten dituzte istripuen %60»

Asier Iturriagaetxebarria.
2003ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gidarien eskubideak babesteko lan egiten du EAE eta Nafarroako RAC-k. Amparo Lopez RAC-ko Mugikortasun zuzendariaren ustez, Hego Euskal Herriko errepideen hobetzeak zerikusia dauka istripuen gutxitzean. Gainera, istripu gehienak gidarien hanka-sartzeak eragiten dituztela jakitun denez, arreta handiagoarekin ibiltzeko eskatu die gidariei.

Gero eta gutxiago dira Hego Euskal Herrian istripuetan hiltzen direnak, eta istripu kopurua ere gutxitu egin da. Zergatik gertatu da hori?

Istripuen arrazoiak gidariak, autoak eta azpiegiturak direla kontuan hartuta, istripuak gutxitzeak aurreko hiru aldagaien hobetzeak ekarri duela ulertu behar dugu. Konponbideak ere hortik etorri behar du. Lehenengo, gidariok kontzienteagoak izan behar dugu, eta ibilgailu motordun bat gidatzea arriskutsua dela jakin behar dugu. Gero, gidariok trafikoari buruzko heziketa gero eta hobea daukagula uste dut. Ibilgailuak ere hobeak dira, baita azpiegiturak ere.

Istripuen arrazoietan zenbateko garrantzia dauka errepideen egoerak?

Istripu baten arrazoietan zati txiki-txikia izaten du errepidearen egoerak. Ehunekoa oso txikia izaten da, %10 baino gutxiagokoa.

Hala ere, gune beltzak edo arrisku handiko errepide zatiak asko dira.

Jakina. Gune beltzak egon badaude, eta dena hobetu daiteke. Ez gaude hildakorik gabeko hilkortasun tasan, eta, beraz, egoera hobetzeko lan egin behar dugu oraindik.

Azterketen arabera, gidariak beraiek izaten dira istripu gehien eragiten dutenak.

Hori horrela da. Istripuen ehuneko oso handia, %60-70etik gora, gidariek egiten dituzten hanka-sartzeen ondorio izaten dira. Arreta galtzea, hanka-sartzeak, lege-hausteak... Horiek dira istripuak eragiten dituzten arrazoi nagusiak, eta errealitate horri ezin diogu, inolaz ere, bizkarra eman.

Istripuen arrazoiak aipatzean, gehiegizko abiadura sarri aipatzen da. Hala ere, Alemanian, adibidez, ez dago abiadura mugarik, eta han istripuak gutxiago dira.

Ez dago abiadura mugarik, baina kontuan izan behar da errepidearen egoeraren arabera egokitzen dutela abiadura muga. Bestalde, Alemaniako errepideak gainezka daude beti, eta ia ezinezkoa da abiadura handi-handietan ibiltzea. Beraz, ezin da hain erraz esan abiadura mugarik ez dutela. Inoiz ez dugu ahaztu behar istripua zenbat eta abiadura handiagoan izan, kolpea handiagoa izaten dela, eta autoa gelditzeko distantzia ere handiagoa dela.

Zer egin behar dute gidariek, gidariak babesten dituzten elkarteek eta agintariek egoera hobetzeko?

Errepideetako segurtasunaren eta hezkuntzaren alde lan egiteko, alde guztien konpromisoa egon behar da. Euskadi eta Nafarrako RAC-k behintzat konpromiso hori hartu du, Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Errepideetako Segurtasunerako Plan Estrategikoan buru-belarri ari garelako lanean.

Administrazio publikoak bultzatuta, hainbat kanpaina egiten ari dira, batez ere gidariak kontzientziatzeko. Kanpaina horren atzean egoera konpontzeko benetako asmoa erakusten dute administrazioek edo dena kanpora begirako irudia da?

Euren asmoak benetakoak dira, eta, gainera, gero eta gehiago eta hobeto ari dira lanean. Hala ere, garrantzitsuena koordinazioa dela uste dut, egoera hobetzeko lanean ari garen guztiok ildo beretik joatea. Horrela, herritarrari helduko zaion informazioa berbera izango da, eta ez zaio desitxuratuta helduko. Hala ere, nire ustez, ondo ari gara lanean, Administrazioak eta bestelako erakundeak gero eta kontzientziatuago gaudelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.