Errausketa. Gipuzkoa Zutik

Gipuzkoa plazatik Gipuzkoa osora

Donostiako kanpalekua desegin, eta erraustegiaren aurkako protesta herri guztietara zabaltzeko apustua egin du Gipuzkoa Zutik-ek. Hilaren 29an egingo dute azken bilkura, hurrengo urratsak zehazteko.

Gipuzkoa Zutik-en batzarretako bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
2016ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Heldu den asteazkenean, estreinakoz antolatu zutenetik hilabete batera, azken batzarra egingo du Gipuzkoa Zutik dinamikak Donostiako Gipuzkoa plazan. Erraustegiaren kontrako protestak, ordea, ez dira geldituko. Kontrara, ugaritu egingo dituzte. Eta zabaldu. Hiriburutik Gipuzkoako udalerri nahiz auzo guztietara. Borroka «hurrengo fasean» sartu dela uste dute Gipuzkoa Zutik-eko kideek.

«Kanpaldi iraunkorra bertan behera uztea erabaki dugu, egitasmo horren helburuak bete ditugula uste dugulako», adierazi du Aritz Lopez Gipuzkoa Zutik-eko ordezkariak. Atzera begira, azken hilabeteko protesten balorazio ona egin du taldeak, okerrak egin dituztela onartu arren: «Pixkanaka, hasierako freskotasuna galduz joan da mugimendua, baina logikoa da hori. Bestalde, 21 egunez erraustegiaren auzia eztabaida politikoaren lehen lerroan jartzea lortu dugu; beraz, pozik gaude».

Mugimenduaren sustatzaileentzat, «esperimentu bat» izan da Gipuzkoa Zutik. «Eta, zorionez, txukun asko atera da». Lopezek nabarmendu duenez, ehunka lagunek babesa adierazi diote erraustegiaren kontrako dinamikari, modu batera ala bestera. Orain, berriz, herrialde osora hedatu nahi dute filosofia hori. «Donostiako kanpaldia hiru astez mantendu izanak balio izan digu herrietan lantalde berriak eta gurearen gisako dinamikak hauspotzeko».

Dagoeneko bilerak egin dituzte hainbat herri eta auzotako taldeekin, eta batzuk martxan dira jada; besteak beste, Debagoienekoa, Errenteriakoa, Lasartekoa, Urnietakoa eta Andoaingoa. «Horiez gainera, Tolosan eta Donostiako zenbait auzotan ere datozen egunetan egingo dituzte bilkurak», azaldu du Lopezek. Haren irudiko, lantalde berri horiek oihartzun mediatiko eskasa izan duten arren «mugimendua sendotzen ari dela frogatzen dute».

Hedatze geografikoaz gainera, aldarrikapenen zabaltzea ere ekar lezake fase berri honek, Gipuzkoa Zutik-en metodologia beste borroka batzuetara heda daitekeela uste baitute dinamikako kideek: «Gure lehenengo batzarretan, aldarrikapen ugari planteatu genituen, baina horien guztien atzean ideia bera zegoen: alegia, politika batzuk egiten direla herritarren %1en alde, gainontzeko %99en kontura. Ideia horren ikur nagusia, Gipuzkoan, erraustegia da, baina beste toki batzuetan beste forma bat har lezake. Gipuzkoa Zutik dinamika baliagarria izan daiteke horiek guztiak biltzeko».

Ertzaintzaren oldarraldiak

Orain arteko protestetan Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak erakutsitako jarrera salatu du Gipuzkoa Zutik-ek. Iragan igandean, esate baterako, Gipuzkoa plazan batzarra egiten ari zirela, bertan eserita zeudenei oldartu zitzaien Ertzaintza. Besteak beste, Gorka Bereziartua Argia aldizkariko kazetariari eraso egin zion ertzain batek: sakelako telefonoa kentzen saiatu, eta lurrera bota zuen. Arropa apurtu zion, eta Ertzaintzaren oldarraldia grabatzen jarraitzea galarazi.

Eraso horrek «harrituta» utzi zituela aitortu du Lopezek, baina halakoak «hasieratik» sufritu dituztela gaineratu du: «Konfrontazioaren argazkia nahi dute etengabe, gure jarduera bortizkeriarekin lotzen saiatzeko. Ahalegindu dira gu zirikatzen, baina ez gara probokazioetan erori. Argi dugu haiek direla indarkeria erabiltzen dutenak, eta ez gu».

Agintari politikoen «urduritasunarekin» lotzen ditu erasook Gipuzkoa Zutik-eko kideak: «Mugimendu honek sortu duen zalapartarekin kezkatuta dabil baten bat. Bereziki gogaitzen dituena batzarrak Gipuzkoa plazan egiten ditugula da: euren gobernuaren etxe aurrean. Amorru berezia ematen die horrek, eta, guretzat, seinale ona da hori».

Han egingo dute azken batzarra, hilaren 29an, datozen asteetan eman beharreko pausoak finkatze aldera. «Aurreko asteazkeneko bileran, proposamen ugari planteatu genituen. Ideia asko ditugu, eta horiek zehaztuko ditugu hurrengo astean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.