Soka batek lotutako herrialdea erakutsi dute Tolosan (Gipuzkoa). Agintariak eta alkateak eskutik helduta, hezur-haragizko soka bat irudikatu dute soka dantzaren bidez. Berdintasunezko dantza bat da soka dantza, eta guztiak soka berekoak direla erakutsi dute gaur. Jarduera politikoan izaten duten korapilorik eta zirpildurik gabe, elkarrekin dantzatu eta ospatu dute duela mila urtekoa dela Gipuzkoaren lehen erreferentzia idatzia: Ipuskoa.
Ekitaldia hasi aurretik, alkate batzuk besteak baino lasaiago. Norberaren herrian jaietan-edo dantza egiteko ohitura dutenak, lasaiago; gainerako mordoxka bat, urduriago. Azken entseguak arkupeetan. «Ondo egingo dugu», lasaitu du alkate batek beste bat, hankaren mugimenduei buruzko zalantzak argitu dizkion bitartean. Gipuzkoako 88 alkateetatik 70ek parte hartu dute. Baita Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteak ere.
Ekitaldi sinbolikoa izan da, leku sinboliko batean, Euskal Herria plazan. Plazan, biribilean jarrita, ikusleentzako eta agintarientzako aulkiak. Ekitaldiko aulkien atzean, terrazetako aulki eta mahaiak, beteta. Zeruan, sorbeltzen hegaldi jostariak; baita sorbeltz moderno bat ere, drone bat, ekitaldiaren irudiak grabatzen.
Aniztasun politikoa
Dultzaineroak Gipuzkoako ereserkia jotzen ari zirela, eskutik helduta sartu da agintarien eta alkateen soka luzea plazan: Mendoza, aginte makila eskuetan, guztien buru, eta jarraian alkateak, herrien izenen ordena alfabetikoaren arabera. Gipuzkoaren aniztasun politikoa, eskuz esku helduta. Batzuek irribarre lasaia; besteek irribarre urduria. Zapatilak eta sandaliak oinetan, plazako galtzada harrietan ezustekorik ez izateko.
Sokatik askatu, eta Mendoza bakarrik dantzatu da. Bostehun bat lagun begira. «Ohore bat eta ardura handia izan da», azaldu du ekitaldia amaitutakoan. Ez dela dantzaria eta ez dakiela dantza egiten aitortu du: «Nahiz eta dantza xumea izan den, asko kostatu zait». Gustatu zaio ekitaldia, besteak beste «sokak irudikatzen duelako guztiok soka berekoak garela eta komunitate indartsua eta sendoa garela». Duela mila urtekoa da Gipuzkoaren lehen erreferentzia idatzia: «Orduan dagoeneko baginen komunitatea».
«Sokak irudikatzen du guztiok soka berekoak garela eta komunitate indartsua eta sendoa garela»
EIDER MENDOZAGipuzkoako diputatu nagusia
Soka dantzak jarraitu du. Alkateetako batzuek dantza egin dute herritarrei begira. Batzuek era batera, besteek bestera: «Bere herriko eran dantza egiten ari da bakoitza», argitu du ikusleen arteko aditu batek. Ikusleek txalo egin dute alkate talde bakoitzaren dantza saioa bukatutakoan.
Politikariak dantzan baino lasaiago aritu dira atrilaren aurrean. Ospakizunen leloa ekarri du gogora Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak: Ipuskoa: Izanetik izena 1025-2025. «Izenaren aurretik baginelako eta orain garena izenari lotuta dagoelako», mintzatu zaie entzuleei. Gaurko ospakizunak balio du, haren iritziz, «komunitate bat garela adierazteko, elkarri lotuta gaudela erakusteko, eta herri batek behar du komunitate sentipen sustraitua». Euskarak trinkotutako komunitate bat: «Euskarak egin gaitu, batu ere bai».
Auzolana eta elkartasuna
Ezeizabarrenak Gipuzkoaren hiru ezaugarri nabarmendu ditu: berdinzaletasuna, euskara eta herri ikuspegia. Berdinzaletasunari dagokionez, gogoan izan du Tolosaldeko eta Goierriko uholdeetan agerian geratu dela herritarren eta erakundeen auzolana eta elkartasuna.
Mendozak, hasteko, dantzaren garrantzia eta sinbolismoa nabarmendu ditu: «Pirinioen bi aldeetara kantatzen eta dantza egiten duen herria da gurea. Gipuzkoarrok dantzaren bidez ospatzen dugu gure izana eta izena. Dantzak gogorarazten digu elkarri loturik gaudela, elkarrekin osatzen dugula komunitatea; gutako baten arazoak guztionak direla; elkarrekin lan eta bizi egin nahi dugula. Eta elkarrekin ospatu nahi dugula».
«Gaurko ekitaldiak balio du komunitate bat garela adierazteko, elkarri lotuta gaudela erakusteko, eta herri batek behar du komunitate sentipen sustraitua»
ANDU MARTINEZ DE RITUERTO Tolosako alkatea
Herrialdearen hiru balio errotzen jarraitu behar dela uste du diputatu nagusiak: euskara, elkartasuna eta autogobernatzeko «borondate irmoa». Joxe Azurmendi filosofoak euskarari buruz esandako esaldi bat ekarri du gogora: «Euskararen hautua herri desegin bat berregiteko hautua da». Euskarak konpromisoa behar duela uste du, «atzerakadaren arriskua uxatzeko».
Sinboloen garrantzia
Ekitaldi sinbolikoa izan da gaurkoa, eta sinboloen indarraz aritu da Mendoza: «Gaurkoan, herri honen nortasuna irudikatzen duten sinboloak aldarrikatu nahi ditugu, adierazten dutelako nondik gatozen, zer garen eta zergatik».
Et Incarnatus orkestrak eta abesbatzak Benito Lertxundiren Oi lur eta Xabier Leteren Izarren hautsa interpretatu dituzte. Agur jaunak-ekin amaitu da ekitaldia. Alkateen lasaitua. Gaurkoa ez da estualdia izan Alazne Txurruka Debako alkatearentzat eta Kepa Zubiarrain Lazkaokoarentzat. Txurruka dantzaria izan zen, eta Zubiarrainek herriko jaietan dantza egiten du. «Goizeko entseguarekin moldatu naiz», azaldu du Zubiarrainek. Ekitaldia baino lehen egin duten entsegua. Bestela, bakoitzak bere kontura moldatu behar izan du. «Hunkigarria izan da», Txurrukaren ustez.
Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren balkoitik zintzilik geratu dira hiru oihal gorri, eta, horietako batean, Gipuzkoako armarria. Ondoko eraikinetako balkoietan, historia eta distira askoko oihalik ez; etxekoen arropa esekita, eguerdi eguzki berotan lehortzen. Ospakizuna eraikin batean; eguneroko martxa besteetan. Herrialde bat, komunitate bat, soka berean.