Bakartxo Mendez. Legorretako alkatea

«Gipuzkoa 'zero zabor lurraldea' izateko bidean jarriko dugu»

Errauste plantaren egitasmoa «kaltegarria» izateaz gain «zaharkituta» dagoela erakutsi nahi dute Gipuzkoako hainbat udalek.

AIMAR MAIZ / GOIERRIKO HITZA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Gipuzkoan, datorren urtetik aurrera, gutxienez, 38 herrik bilduko dituzte hondakinak atez ate. Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan ari dira horretan, eta beste 34 herri gehituko zaizkie. Sistemarik «onena, eraginkorrena eta osasungarriena» delako aukeratu dute, Legorretako alkate Bakartxo Mendezek (Tolosa, 1978) dioenez. Legorreta izan da atez atekoa ezartzearen aldeko mozioa onartu duen lehen herria. Atzo izan zen, osoko bilkuran.

Datorren urtean hondakinen atez ateko bilketa jarriko duzue martxan. Erabaki garrantzitsua, ezta?

Bai. Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea bultzatu nahi ditugu, uste dugulako egokiena dela. Ondo egin nahi ditugu gauzak, eta zero zabor politikaren bidean jarri. Hauteskunde kanpainan Bildukook esan genuen errauste plantaren aurrean beste aukera batzuk aztertu eta jarri behar zirela martxan. Beraz, hartu genuen konpromisoari erantzuten dio erabaki honek.

Bide horretan jartzeko, zergatik egin duzue atez ateko bilketaren alde? Zergatik uste duzue hori dela bilketa sistemarik eraginkorrena?

Birziklatzeko orduan emaitza onenak ematen dituen bilketa sistemaren alde egin nahi dugulako. Gaur egun emaitza onenak ematen dituena da atez atekoa, hondakinen %90 birziklatzera irits gaitezkeelako. Urrutira joan gabe, Hernanin, Usurbilen, Oiartzunen eta Antzuolan lortu diren emaitzek erakusten dute hori. Oraingoz, dagoen aukerarik onena da; ez dago beste irtenbiderik. Hobeago bat egongo balitz, gu prest geundeke jartzeko.

Zergatik ez duzue jarri bosgarren edukiontzia?

Herri batzuetan jarri dute bilketa sistema hori, baina birziklatze maila, gehienez, %35 ingurura iritsi da. Beraz, uste dugu atez atekoa hobea dela. Dena den, sistema horretan parte hartzen ari diren herritarren jokabidea txalotu behar da, konturatu baitira arazo bat dagoela zaborrekin; behintzat, borondatea erakutsi dute konpontzeko.

Sistema ezartzeko prozesua herritarrekin partekatuko duzue?

Behin mozioa onartuta, herritarrek izango dute hitza; haiek izango dira protagonistak bide berri honetan. Izan ere, herritarren parte hartzea gure programako ardatz nagusia da. Hondakinena denek dugun arazo bat da, eta guztion artean eraiki beharko dugu konponbidea. Haiei gure asmoen berri azalduko diegu, zergatik uste dugun atez atekoa dela sistemarik egokiena zaborrak biltzeko. Behin hori eginda, haien ekarpenak jasoko ditugu. Prozesu guztian hartuko dugu kontuan herritarren iritzia.

Herritarren ohiturak aldatzea kostatuko dela uste duzu?

Uste dugu ohitura aldaketa txiki batekin gauza handiak lor daitezkeela; atez atekoa ezarrita daukaten herrietan hala frogatu dute. Ohitura aldaketa hori lortzeko, funtsezkoa da herritarrek zaborren arazoa ondo ulertzea eta zer lortuko dugun atez atekoa jarrita. Hori lortzen badugu, herritarrek erraz aldatuko dituzte beren ohiturak. Nahiz eta izango den baten bat kostatuko zaiona.

Zuekin batera beste 33 herrik jarriko dute atez atekoa Gipuzkoan. Lurraldean benetako aldaketa ekarriko du horrek zaborren bilketan eta kudeaketan, ezta?

Gipuzkoa zero zabor lurraldea izateko bidean jarriko dugu. Ziur gaude gure ostean beste herri batzuetan ere jarriko dutela atez atekoa. Lurraldea eredu izango da alor horretan. Beraz, aldaketa nabarmen bat izango da hondakinen kudeaketan. Aldundiak eta mankomunitateek egoera berri horri erantzun beharko diote.

Aurka daudenek auzitan jarri dute sistemaren bideragarritasuna. Garestia dela diote, eta konpostatze planta gehiago jarri beharko direla. Zer erantzun horri?

Ekonomikoki bideragarria ez balitz ez genukeela martxan jarriko. Gainera, sistema hori epe luzera merkeagoa da. Izan ere, birziklatzeagatik diru gehiago jasoko dugu, eta tonako gutxiago kobratuko digute. Herritarrei ere hobariak emango zaizkie autokonpostatzeagatik. Beraz, ikuspegi ekonomikotik ere egokia da.

Uste duzue zuen erabakiak baldintzatu egingo duela ekainean errauste plantaz hartuko den erabakia?

Legorretak bakarrik hartuko balu, agian ez. Baina 34 herrik egingo dugu horren alde, eta espero dugu hori aintzat hartzea. Izan ere, zaborren kudeaketa modu iraunkor eta osasuntsuan egin daitekeela frogatuko dugu. Hala, konturatu beharko dute errauste plantaren egitasmoa zaharkituta dagoela eta egungo errealitatea beste bat dela. Errauste plantaren mehatxurik gabe, hondakinen kudeaketa eredugarri bat egin nahi dugu. Errausteak kalte handiak eragiten ditu osasunean eta ingurumenean.

Zer esango zenieke aurka dauden herritarrei?

Herritar horiei galdera pare bat egingo nizkieke: zuk sortzen duzun zaborrarekin norbait gaixotzen ari dela jakinda, berdin jokatuko zenuke? Eta bestea: prest al zaude birziklatzeko? Garbi dago inork ez duela eskubiderik gure hondakinekin besteen osasunari eta ingurumenari kalte egiteko. Udal tasa bat ordaintzeak ez digu eskubiderik ematen gure hondakinak era desegokian tratatzeko. Azkenean, tratamendu txar horrek guztiongan eragiten baitu. Beraz, herritar hori, kezka guztiak aldenduta, proba egitera animatuko nuke. Konturatuko da erraza dela eta abantaila izugarriak dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.