Gipuzkoa Zutik-eko atxiloketen harira, hiru ertzain ikerketapean

Ekainaren 2ko atxiloketetan parte hartu zuten gainerako poliziak eta agindua eman zutenak identifikatzea galdegin dio epaileak Ertzaintzari

Ekainaren 2an, mugimenduko kideek babesa agertu zieten atxilotuei. G. R. / ARP.
Maite Asensio Lozano.
2016ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Zutik mugimenduko bi kide legez kanpo atxilotzea egotzita, hiru ertzainen aurkako ikerketa abiatu du DonostiakoInstrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak. Ekainaren 2an izan ziren atxiloketak, Donostiako Gipuzkoa lazan, errausketaren aurkako ekintzaileek bertan egindako bosgarren egunean: Ertzaintza plazan agertu zen goizez, eta identifikatzeko eskatu zien han zeudenei, baina protestaren partaideek uko egin zutela ikusita, bi lagun eraman zituzten poliziek, «indarkeria erabiliz», ingurukoek orduan salatu zutenez; hiru orduren buruan askatu zituzten. Kereila aurkeztu zuten atxilotuek, eta tramiterako onartu du epaileak.

Gipuzkoa Zutik-eko kideek salaketan deskribatutako ekintzak delitu izan daitezkeela adierazi du epaileak txostenean. Identifikatuta dauden hiru ertzainen jarduna ikertzeko diligentziak abian dira jada: azaroaren 2an epaitegira agertu beharko dute poliziek, kereilaren kopia bat jasotzeko. Dena den, harago heltzen saiatuko da epailea: Ertzaintzaren Kooperazio Zerbitzuen laguntza eskatu du, atxiloketan parte hartu zuten gainerako agenteak eta agindua eman zutenak identifikatzeko.

21 egunez plazan

Maiatzaren 29an hartu zuten mugimenduko kideek Gipuzkoa plaza, aldundiak Zubietan egin nahi duen errauste plantaren aurkako mobilizazio baten ostean. Azpiegitura hori sinbolo gisa hartuta, «sistema ekonomiko eta politiko osoaren» kritika egitea zuen xede mugimenduak. Protestak iraun zuen 21 egunetan tentsio une ugari izan zituzten poliziekin: ia egunero agertu ziren ertzainak zein udaltzainak kanpalekuan, protestariak identifikatzeko hasieran, eta plazatik edo Bulebarretik botatzeko gero.

Ekain amaieran, kanpalekua desegin eta herrietara zabaldu zuten mugimenduaren jarduna. Hain justu, asteon berriz ekin diete bilera irekiei, hilabete honen amaieran egin nahi duten Gipuzkoa Zutik Eguna antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.