Gipuzkoak Uemaren eta Kontseiluaren lana aitortu du, elkarlan itunak eginda

Diputazioak euskararen «arnasguneak» babestu eta indartzeko akordio bana izenpetu du Uema eta Kontseiluarekin

Maren Belastegi Uemako presidentea, Martin Garitano ahaldun nagusia eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, akordioa sinatzen, atzo. J. URBE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Elkarlanean aritzeko hitzarmen bana sinatu dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Elkarrekin arituko dira herrialdean euskarak dituen «arnasguneak» babesteko eta indartzeko asmoarekin. Lanaz gain, ordea, badute beste alde bat bi akordioek: diputazioak aitortza egin die Uemak eta Kontseiluak egiten duten lanari.

Hitzarmenak atzo sinatu zituzten hiru erakundeek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkari, Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Zigor Etxeburua Euskara zuzendariak hartu zuten parte ekitaldian; Uemaren izenean, Maren Belastegi presidentea eta elkarteko herrietako hainbat hautetsi joan ziren; eta Kontseilutik, Paul Bilbao idazkari nagusia.

Euskara indartzea «lehentasun» gisara hartua du Gipuzkoako Diputazioak, eta hori lortzeko pausoa da Uemarekin eta Kontseiluarekin elkarlanean hasteko erabakia, Garitanoren esanetan: «Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde egin nahi dugu, gure hizkuntzari lehentasuna emanda eta euskaraz bizi ahal izatea bermatuta. Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du».

Euskaraz bizi diren herriak, «arnasguneak», hartuko dituzte eredu bide horretan. «Herri horiek onuragarriak dira gure hirientzat eta Euskal Herri osoarentzat ere, euskara hain zabalduta ez dagoen tokientzat eredu eta arnasa direlako», nabarmendu du Garitanok. Uemako kide diren herriekin hasiko dira lanean; 61 herri daude mankomunitatean, eta Gipuzkoakoak dira erdiak pasatxo: 34. «Babes berezia behar dute», esan du ahaldun nagusiak.

Hiru alor zehatzetan arituko dira Uema eta diputazioa: euskara planak egiten lagunduko diete herriei, euskaratik gaztelaniara itzuli beharreko testuak taxutzen lagunduko diete, eta herri erakundeen planek inguru euskaldunetan duten eragina aztertu eta behar balitz zuzenduko dute.

Herri euskaldunek daukaten garrantzia hartu du hizpide Uemako presidenteak: «Biziko bada, euskarak nagusi izango den guneak behar ditu. Euskal Herrian egoera minorizatuan egonda ere, euskara nagusi da udalerri euskaldunetan, eguneroko harreman arruntetan behintzat». Euskara indartzeko «heldulekuak» dira inguru horiek, Belastegiren iritzian. «Lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie gune horiei». Uemak 59.000 euro jasoko ditu zeregin horretan jarduteko. Ahaldun nagusiak adierazi du mankomunitateak «garrantzi handiko» ekarpena egiten duela euskara normalizatzeko bidean.

«Dinamika koordinatu bat»

Kontseiluarekin ere gisa bereko lana egingo du diputazioak. «Dinamika koordinatu bat» jarriko du abian, euskaraz bizi diren inguruek daukaten inportantzia gizarteratzeko eta gune horiek egituratzeko. Udalen hizkuntz politika taxutzen Kontseiluak eginiko lana goraipatu du Garitanok, eta berretsi du euskalgintzako eragileekin elkarlanean aritzea «lehentasun» duela diputazioak. 15.000 euro emango dizkio Kontseiluari, lan horretan segitzeko.

Euskararen «arnasguneak» zabaldu beharraz aritu da Paul Bilbao idazkari nagusia. Kontseiluak martxan daukan Euskaraz bizi nahi dut ekimenarekin lotu du diputazioarekin sinatutako hitzarmena: «Ideia hori eguneroko bizitzan txertatzeko, nahitaezkoak dira arnasguneak». Herritar bakoitzak zein hizkuntza darabilen inguruak berak ere baldintzatzen duela ekarri du gogora, eta, horrenbestez, «arnasguneak» direla gune aproposak euskaldunak euskaraz bizi ahal izateko.

Inguru horien garrantzia zabaltzen egingo du ahalegina Kontseiluak. Haietan bizi direnak duten «arduraz» ohartaraziko dituzte, erakundeen ekimenek izan ditzaketen ondorioei buruzko gogoeta sustatuko dute, eta «arnasguneen eredua» zabalduko, «euskaraz bizitzea posible dela erakusteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.