EUSKARA

Gipuzkoako 39 erakundek euskara irizpideak ezarriko dituzte lehiaketa publikoetan

Diputazioak hasitako bidearekin bat egin dute 36 udalek, Uemak eta Urola Kostako Mankomunitateak, eta iragarri dute hizkuntz irizpideak ezarriko dituztela obra kontratuetan nahiz zerbitzuetako kontratazioetan. Bateratutako irizpide batzuk proposatu dituzte, nahiz udal bakoitzak egokituko dituen bere egoerara.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urtarrilaren 30a
19:02
Entzun

Gipuzkoako 36 udalek, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Urola Kostako Mankomunitateak ezarriko dituzte hizkuntz irizpideak kontratazioetan. Lantalde bat aritu da irizpideak bateratzeko lana egiten, eta orain bat egin dute harekin udalek; oraindik falta dira udalak zerrendan, eta jakinarazi dute bat egiteko aukera badagoela.

Zigor Etxeburua Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendariak adierazi du "hutsune bat betetzera" datorrela neurri hori. "Aurrerantzean, toki administrazioek beste tresna bat izango dute erabiltzeko moduan, hizkuntzaren normalizazioan". Nabarmendu du enpresentzat ere abantaila izango dela hizkuntz irizpide estandarizatuak izatea erakundeetan: "Errazagoa izango da haientzat, erakunde asko logika berean arituko baikara. Merkatu berri bat sortuko da haientzat".

Zehazki, honako hau arautuko dute erakundeek kontratazio publikoetan: zerbitzu hizkuntza zein izango den, zerbitzu kontratuetan enpresako langileei eskatuko zaien hizkuntz gaitasuna, hizkuntz paisaia zein hizkuntzatan izango den (errotuluak, oharrak...), herritarrei harrera nola egingo zaien eta administrazioarekin harremana zein hizkuntzatan izango den. "Elebitasuna bermatuko duten baldintzak proposatzeaz gain, beste bide bat ere urratu nahi da; hau da, euskarazko bidea", adierazi du Gari Berasaluze Zarauzko zinegotziak. Hots, prestazioaren berezko ezaugarriek kontratua euskaraz gauzatzea eskatzen badute, horrela egiteko baldintzak eskatuko dira. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak urrian jakinarazi zuen hizkuntz irizpideak txertatuko zituela lehiaketa publikoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.