Susperraldi ekonomikoa finkatzea, gizarte ongizate eta kohesio eredua sendotzea, gauzatzeko dauden proiektuei ekitea, Gipuzkoako gobernua atzera asmatzea eta elkarbizitza finkatzea dira iazko irailean Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak onartutako 2015-2019ko Kudeaketa Plan Estrategikoaren ardatz nagusiak. “Legealdi osoa beharko dugu proiektu hauek garatu eta amaitzeko, baina berebiziko garrantzia zuen lehen urte honetan martxan jartzea”, esan du gaur Markel Olanok, Donostian, Denis Itxasorekin batera eman duen prentsaurrekoan. Azpimarratu nahi izan duenez, foru gobernuak "kudeaketaren erdigunean" jarri du alor sozioekonomikoa, helburu izanda ekonomia sustatzea eta gizarte desberdintasunak murriztea. “Lurraldearen lehiakortasuna bultzatzea eta gizarte justu eta orekatuago baten alde lan egitea mahai beraren bi hanka dira".
Diputatu nagusiak hainbat adierazle erabili ditu "alor ekonomikoan baikorra" izateko, baina aitortu du badaudela "puntu beltzak"; siderurgiaren sektorea, kasurako.
Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatu Itxasok, azpiegituren arloan, hondakinen arazoari "irtenbidea" emateko hartutako neurrien analisi positiboa egin du. “Atzean utzi dugu azterketa eta prozesuan fasean lokartzeko fasea, eta konponbidearen erreian jarri gara. Gure irtenbidea Europako herrialde aurreratuenek eta gehien birziklatzen dutenen berbera da”.
Olanok eta Itxasok aipatu dute “herritarrengana gerturatu eta gardenago izateko” ahaleginean ari dela aldundia. “Herritarrek gure erakundean eta etorkizunean konfiantza berreskuratzeko lanean ari gara, eta uste dugu lortzen ari garela”.
EAJk eta PSE-EEk osatzen dute foru gobernua.