Bilduk eta Aralarrek aurkeztutako mozioa atzera bota dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Europak maiatzean hondakinak kudeatzeko eman zuen agindua —zabortegiak ixtea eta birziklagarri dena ez erraustea— babesteko eskatzen zuen Bilduren eta Aralarren mozioak. Europan Talde Popularrak eta Talde Sozialistak babestu zuten aholkua, baita EAJko parlamentari Izaskun Bilbaok ere. PPk, PSE-EEk eta EAJk ez dute, ordea, ekimenarekin bat egin Batzar Nagusietan. Bihar dira eztabaidatzekoak Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa, eta horren atarian egin zuten mozioaren eztabaida, atzo.
«Europako Parlamentuaren eskakizunak agerian uzten du errauste plantak ez duela ez zentzurik ezta etorkizunik ere», adierazi du Rebeka Ubera Aralarreko batzarkideak. Bilketa selektiboa handitu egin behar dela zehaztu du Uberak; hala egiten bada, oso zabor gutxi geldituko dela eta hori tratatzeko «makroazpiegiturarik» ez dela beharko erantsi du.
Errausketa Europako Parlamentuak emandako aholkuen kontrako bidean doala nabarmendu dute Bilduko batzarkideek Batzar Nagusien bileraren ostean. EAJk, PPk eta PSE-EEk hondakinei buruzko eztabaidari «boikot» egin diotela uste dute koalizioko batzarkideek, nahita beste eremu batera eraman dutelakoan eztabaida.
EAJk, berriz, salatu du foru aldundia dela Europako aholkuen aurka doana, zabortegi berriak irekitzeko gomendioari aurka egin diolakoan. Hondakinen kudeaketa plana «hankaz gora» jarri du Bilduk, EAJren esanetan, eta horri buruzko eztabaida Batzar Nagusietara ez eramatea «lege iruzurra» dela adierazi du.
«Anbizio handiko» plana
Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen kudeaketarako aurkeztutako plana baloratu zuen atzo Eguzki talde ekologistak. Kezka agertu du hondakinak baletan biltzeko eta harrobiak betetzeko proposamenarekin. Baina planak alde positiboak dituela zehaztu du: birziklatze helburuak «anbizio handikoak» direla, merkeagoa dela, errauste planta baztertzen duela eta materia organikoaren tratamendu «serioa» proposatzen duela nabarmendu du.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek ez dute babestu zaborren Europako aholkua
Bilduren eta Aralarren mozioak ez du aurrera egin; EAJk ohartarazi du zabortegiak irekiz ez dela beteko aholkua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu