Batzar Nagusietako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Batzordean onartu dute ebazpen proposamena, aldeko hamar boto eta aurkako hirurekin. Proposamen bateratua aurkeztu duten hiru alderdiek (EAJk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k) bozkatu dute alde, eta PSE-EE eta PPk aurka.
Ebazpenak hiru puntu hartzen ditu bere barnean. Lehen puntuan, fiskalaren eskaeraren inguruan "erabateko desadostasuna" adierazi dute, eta gaitzetsi egin dute "kasua neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezin batera" iritsi izana. Bigarrenean, elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideekiko "konpromiso irmoa" azaldu dute. Hirugarren eta azken puntuan, jaso dute "Nafarroako Probintzia Auzitegiaren motibazioa babestea" egitateak terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela dioenean.
Altsasuko sei gaztek 50 urteko zigor eskaerak dituzte, 62 urtekoa zazpigarrenak, eta hamabi urte eta erdikoa azkenak. Horren aurrean, EAJko Maria Eugenia Agirrezabalagak azaldu du gazteek "egin zutenaren araberako zigorra" izan behar dutela, "ez etsaiaren aurkako epai bat". EH Bilduko Xabier Olanok bide beretik jo du, eta "azpijoko polizial, judizial eta mediatikoa" salatu du batzordearen bileran. Ahal Dugu-ko Imanol Gudek ere fiskaltzaren erabakiarekiko desadostasuna adierazi du, "independentzia falta" argudiatuta. Bestalde, zigor horiek "beste garai batzuetakoak" direla salatu du.
PSEko Arritxu Marañonek ere auzia Nafarroako auzitegietan epaitu behar dela nabarmendu du, baina ebazpen proposamenarekin bat egiten ez duela gehituta. "Gertatutako ekintza biolentoak ez gaitseztea eta biktimekiko elkartasunik ez izatea" izan dira aurka bozkatzeko argudioak. PPko Juan Carlos Canok, berriz, ebazpena onartzea "presio politikoa" egitea dela salatu du, "hastera doan prozedura judizial baten aurrean".