hondakinak

Gipuzkoako beste 34 herritan atez ateko sistema martxan jarri nahi du Bilduk

Bihartik aurrera eskaera udalbatzarretara eramaten hasiko da. Koalizioa Nafarroan Sakana eskualdean ere ari da gaia lantzen.

2012ko otsailaren 22a
18:57
Entzun

Zaborren bilketarako atez ateko sistema datorren urtetik Gipuzkoako beste 34 herritan jarri nahi du Bildu koalizioak, eta bihartik aurrera hasiko da eskaera udalbatzarretara eramaten. 

Bihar udalbatzarra: Legorretan.

Otsailean eta martxoan: Lezo, Billabona, Zizurkil, Bergara, Astigarraga, Segura, Zestoa, Anoeta, Irura, Legazpi, Ormaiztegi, Lazkao, Oñati eta Zumaian.

Apirilean: Berastegi, Zaldibia, Asteasu, Alegia eta Azpeitian.

Maiatzean: Ibarra, Tolosa, Mutriku, Ataun, Mendaro, Eskoriatza, Aretxabaleta, Pasaia eta Zarautzen. 

Ekainean: Ordizia, Deba, Arrasate, Orio eta Getarian.

Gaur egun Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolan dago atez atekoa —laurak Gipuzkoan—, eta Bilduk adierazi du oso gustura dagoela. "Beste sistemekin %25 birziklatzen da eta atez atekoarekin %90. Zaborra kontrolik gabe sortu izan dugu eta atez atekoa da gaurko sistemen alternatiba bakarra", esan dute Bilduren izenean Ainhoa Zabalo Lezo alkateak eta Mikel Biain Oñatikoak gaur, prentsaurreko batean.

34 herri horietan ere atez atekoa onartuko balute, 38 herrietan Gipuzkoaren erdia bizi dela azpimarratu du Bilduk: 300.000 lagun.

Sakanan ere bai

Koalizioa Nafarroan ere ari da zaborren bilketa era hori jarri nahian; Sakana eskualdeko herrietan, hain zuzen. Mankomunitateak erabakia hartua du, eta aurten martxan jartzekotan da. Bideragarritasun plan tekniko bat prestatzen ari da orain; apiril bukaerarako egina espero du. Hori jaso bezala, sentsibilizazio eta parte hartze dinamikak hasiko ditu, Adolfo Araiz mankomunitateko presidenteak azaldu duenez.

Eskualdean materia organikoa tratatzeko azpiegitura bat jartzea nahi dute, eta hori negoziatzen ari da Nafarroako Hondakinen Kontsortzioarekin. Azpiegitura hori jartzea eta atez ateko bilketarekin hastea, biak paraleloan egin beharreko lanak direla adierazi du Araizek; atez atekoaren ezarpena, beraz, planta horren eraikuntzak ere baldintzatuko du. Baina mankomunitatea seguru dago erabakiaz, eta urtebete baino lehenago martxan egongo dela iragarri du.

Hamabost herri eta 21.000 biztanle ditu Sakanak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.