Gipuzkoako Diputaziorako 119 lanpostu kolokan daude, euskara eskakizunen aurkako helegite batengatik

LAB sindikatuak jakinarazi du lanpostuak egonkortzeko prozesuan parte hartu duten izangaien izendapena airean dagoela, eta helegitearen kontra egitera deitu du; protesta bat egingo dute ostiralean, ELA sindikatuarekin batera.

Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Donostian, joan den hilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Oldarraldi judizialaren aurkako protesta bat, Donostian, joan den hilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko otsailaren 13a
12:00
Entzun

«Euskal Herrian euskaraz bizi eta lan egiteko erabakia hartu duen euskal komunitatearen aurkako eraso berri baten atarian gaude». LAB sindikatuak egin du iragarpena, prentsa ohar baten bidez: adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundian langileak egonkortzeko abian den prozesuaren barruan 119 administrariren izendapena airean dagoela. Euskaraz B2 edo C1 ezagutza egiaztatzeko eskea ezarri zen lanpostuak eskuratu ahal izateko, baina, horren kontrako helegite baten ondorioz, kolokan dago orain euskara ezagutza egiaztatu duten langileek lortu ahal izango duten postua.

LABen arabera, lanpostuak egonkortzeko onartu ziren oinarrien kontrakoa izan da propio helegitea. Azaldu duenez, aurka egiteko argudioa izan da euskara lanpostu «guztietan» eskatzen dela. «Oldarraldi berri baten atarian gaude, beraz», deitoratu du sindikatuak. Kritikatu du, gainera, helegite hau lanpostuak egonkortzeko prozesuaren «amaieran» heldu izana: «119 langile euskaldun horien behin betiko zerrenda argitaratu eta gero».

Prozesua ia bukatuta, gertuan ikusi dute deialdian parte hartu duten horiek lanpostua. Baina, LABen arabera, orain ez da segurua. Euskararen aurkako oldarraldi judiziala hain nabarmena den garaiotan, helegite horren harira ebazten den sententzia euskararen normalizazioaren aurkakoa bada, aurrez izan diren beste askoren gisara, izangai horietako askok ez dute lortuko postua. Guztiz kritikagarria da hori, LABen iritziz. Izan ere, langile horietako hainbatek, «lanpostua eskuratu ondoren», eskatu zaizkien baldintza guztiak bete eta gero ere, «utzi» egin beharko dute, eta aurrea hartuko diete euskara ezagutzarik egiaztatu gabeko izangaiek.

Horren aurka egin behar dela esan du LABek. «Herritarren eta lankideen hizkuntza hautua errespetatuko ez duten langile elebakar erdaldunak» administrazioko egonkortze prozesuetan sartzeak euskararen normalizazioari begira ekarriko dituen zailtasunez ohartarazten ari dira hainbat eragile, eta euskara ezagutza egiaztatua duten langileei egin dakiekeen «kaltea» ere kritikatu du propio sindikatuak.

Ekintzaren bidea ere hautatu du LABek: auzitarakoa. Jakinarazi du kodemandatu gisa aurkeztu dela helegite horren aurka. Egonkortze prozesuan parte hartu duten eta «kaltetuak» izan diren izangaiei hori bera egiteko eskea egin die. Eta mobilizazioen bidea ere abiatuko dute. Langile kaltetuak, helegitearen aurka dauden bestelako eragileak eta euskalgintza kalean bat egitera deitu ditu LABek. Ostiralerako egin dute deia: 10:00etan egingo dute, Gipuzkoa plazan, Gipuzkoako Diputazioaren parean, ELArekin batera. «Euskaraz lan egin eta bizitzeko» eskubidea aldarrikatuko dute mobilizazioan, eta euskararen aurka hilabeteotan oldartu den «amesgaiztoa» amaitzeko eskatuko dute.

Soka luzea

Euskararen normalizazioa eragotzi nahi duten epaien eta auzibideen soka luzea izan da iragan hilabeteotan. Tankera askotako ebazpenak izan dira: horietako asko arlo publikoan lanean jarduteko ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka. Esanguratsuenetariko batek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izan zuen aurrez ere lotura. Iazko martxoan, hain justu ere, Uliazpi fundazioan lanean aritzeko ezarri ziren hizkuntza eskakizunen kontrako epai bat eman zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko oposizioa antolatu zuen; euskarazko B2 titulua ezinbestekoa zen horietako 32 postutan, eta meritua beste bitan. Baina betekizun hori bertan behera utzi zuen sententzia batek, enplegu publikoa eskuratzeko eskubidea urratzen zuela argudiatuta.

Uliazpi Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakunde publiko bat da. Era guztietako desgaitasun neurologikoak edo fisikoak dituzten herritarrekin eta haien senideekin egiten du lan. Ebazpenaren berri izan eta gero, langileek protesta egin zuten; «epai euskarafoboa» zela salatu zuten. Defenda ditzagun hizkuntza eskubideak lelopean bildu ziren fundazioaren egoitza nagusiaren aurrean, ELA eta LAB sindikatuek deituta orduan ere.  Sententzia horretan erabilitako argudioak erabili dituzte gerora epaileek tankerako beste hainbat auzibidetan ere.

Azaroaren 4an, Kontseiluak deituta, manifestazio jendetsu bat egin zen Bilbon oldarraldi judiziala gaitzesteko. 70.000 pertsona elkartu ziren. Oldarraldi judiziala bera eta sakoneko beste hainbat arazo bideratze aldera, euskararen inguruan «akordio soziopolitiko berri bat» ardaztea ezinbestekoa zela esan zuen orduan Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.