Gipuzkoako errepide sareko segurtasuna hobetzeko obrak egiteko, 9,3 milioi euro erabiliko ditu datozen hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bide Azpiegituren diputatu Larraitz Ugartek egin zuen atzo jakinarazpena. Esplikatu zuen hainbat tankeratako lanak egingo dituztela, eta istripu kontzentrazio handiena duten tokiak lehenetsiko direla. Ohartarazi zuen, hala ere, soilik obra horiek ez direla aski izango segurtasuna areagotzeko. «Ezbeharren kausa nagusia gehiegizko abiadura izaten da», azaldu zuen. Abiadura apaltzeko neurririk eraginkorrenak «hertsagarriak» izaten direla onartu zuen, eta, horregatik, radar gehiago jartzearen aldekoak direla. Gogorarazi zuen horren eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela, ordea, eta hark ez duela aintzat hartu aldundiaren esana. «Eskatu izan dugu radarrak jartzeko, baina Jaurlaritzak erantzun izan du ez dagoela aurrekonturik horretarako».
Lurzorua hobetzeko, seinaleak berritzeko eta errepide inguruetako hesiak eusteko sistemak egokitzeko izango dira 5,5 miloi euro; AP-8, AP-1, GI-20 eta N-1 bideetan egingo dituzte lanik gehienak errepide sare nagusian. Bigarren mailako errepide sarean, berriz, era horretako lanetarako 1,2 milioi euro erabiliko dituzte.
Erreparatu diete, baita ere, sarri bidegurutzeetan gertatzen diren istripuei, eta, horregatik, milioi bat euro jarriko dituzte horiek hobetzeko. Bergaran, Berrobin, Iruran, Urnietan, Alegian eta Antzuolan ariko dira lanean. 1,1 milioi euro, berriz, hiriguneetan zirkulazioa «lasaitzeko» lanak egiteko izango dira; helburu hori duten aldaketak egingo dituzte, esaterako, Bergaran, Deban, Ibarran, Gabirian eta Ereñotzun (Hernani). Aparteko obra batzuk egingo dituzte, baita ere, hainbat tokitan, oinezkoen segurtasuna hobetzeko eta motorzaleentzako hesiak ipintzeko. Oinezkoen beharrak aintzat hartuta, hainbat lan egingo dira Beasainen eta Ormaiztegin; motorzaleentzat, berriz, GI-627 errepidean.
Lan batzuk jadanik martxan dira, eta beste batzuk datozen hilabeteetan egingo dira. Urtea amaitu bitartean egitea da asmoa. Lanen inbertsioaren zati bat —6,6 milioi euro— aldundiak zuzenean egingo du, eta beste 2,7 milioi, berriz, Bidegi sozietate publikoaren bitartez egingo dira.
«Alarma gorririk» ez da
Larraitz Ugartek esan arren radar gehiago jartzea komenigarria litzatekeela, aitortu du Gipuzkoako errepideetan gertatzen den istripu kopurua ez dela «alarma gorria» pizteko modukoa. «Errepide gehienak, oro har, seguruak dira». Azken urteotan istripuetan hildakoen kopuruak behera egin du —2002tik 2012ra %76ko jaitsiera izan zen—, baina, aldundiko agintarien ustez, ezinbestekoa da adi egotea eta segurtasunean hobetzen jarraitzea. Iaz, esate baterako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, 22 lagun hil ziren zirkulazio istripuen ondorioz Gipuzkoan, eta igoera bat egon zen: 2012an baino bost gehiago izan ziren. Erne jarraitu behar dela erakusten dute, beraz, datuek ere.
Horregatik nabarmentzen du Ugartek garrantzitsua iruditzen zaiela radarrak jartzen jarraitzea. «Gainerakoan, nekez lortuko da errepideetako segurtasuna hobetzea». N-1 errepidean, bat gehiago jarri nahi lukete; A-8 autobidean, berriz, hiru. Ez dute zehaztu zein tokitan kokatu nahi dituzten. Denak tarteko radarrak lirateke; hain justu, Ordizia eta Irura artean jarri zutenaren antzekoak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohartarazi du radar gehiago behar direla errepideetan
9,3 milioi euro jarriko ditu bide segurtasunerako.Jaurlaritzari esana dio abiadura kontrolatzeko gailuak ugaritzeko, baina ez du baietzik jaso
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu