auzitegiak

Gipuzkoako Ogasuneko Irungo zuzendari ohiari 11 urteko kartzela jarri diote

Jose Maria Bravori funts publikoak bidegabeki erabiltzea eta dirua zuritzea leporatu dio Gipuzkoako Auzitegiak. 1,9 milioi euro itzuli egin beharko dizkio Ogasunari, eta isun gisa beste bi milioi ordaindu beharko ditu. Haren emazte Rosa Cobosi hiru urteko espetxea ipini dio, eta bi milioiko isuna. Bravoren bazkide ohi Pedro Maria Atristrain absolbitu egin du auzitegiak.

2012ko uztailaren 23a
13:20
Entzun

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra jarri dio Jose Maria Bravo Gipuzkoako Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohiari. Haren emazte Rosa Cobosi, berriz, hiru urte eta lau hilabetekoa. Udaberrian egin zieten epaiketa eta, besteak beste, funts publikoak bidegabeki erabiltzea eta dirua zuritzea leporatu diete. 

Ogasuneko Irungo bulegoko zuzendari ohiak 1,9 milioi euro itzuli egin beharko dizkio Ogasunari, eta isun gisa beste bi milioi ordaindu beharko ditu. Horrez gain, datozen hamasei urteetan ezingo du edozein kargu edo lan publikotan aritu, eta Ogasunarekin lotutako lanetan ere ez 27 urteetan. Cobosi bi milioi euroko isuna ere ipini diote. Biei ondasunetan dituzten 1,6na milioi kenduko dizkiete.

Bravoren bazkide ohi Pedro Maria Atristrain absolbitu egin du auzitegiak.

Epaiaren arabera, 90eko hamarkadan Gipuzkoako Ogasunean egindako zortzi milioi euroko iruzurraren erantzule nagusia da Bravo. Ogasunarekin zorrak zituzten herritarrei diru kopuru bat eskatzen zien hark, zor hori ordaintzeko gai ez zirela argudiatzeko. Hori egitearen truke, 1,9 milioi euro eskuratu zituen Bravok. Akusazioak epaiketak esan zuenez, diru hori hainbat enpresaren bitartez zuritu zuen Bravok, Cobosen laguntzarekin.

Fiskalak eta akusazio partikularrak —Gipuzkoako Diputazioak eta Batzar Nagusiek— Bravoren aurka 24 eta 27 urteko espetxe zigorrak eskatu zituzten, hurrenez hurren. Cobosentzat, sei eta zazpi urte artekoa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.