Gipuzkoako pentsiodunen osagarriak ere Lanbideren gain geratuko dira

Laguntza jaso dezaketen herritarren datuak bidaliko dizkio diputazioak Lanbideri, izapideak has ditzan

Erredakzioa
Donostia
2012ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Pentsiodunen laguntza osagarrien inguruan sortutako ika-mika konpondu zuten atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Donostian egindako bileran. Bizkaiko eta Arabako diputazioek aurretik egin bezala, Gipuzkoakoak ere Lanbideren esku utzi du laguntzaren kudeaketa. Horretarako, laguntza hori jaso dezaketen herritarren datuak igorriko dizkio aldundiak Lanbideri, izapideak has ditzan.

Larunbatean, 3.100 pentsioduni laguntza osagarria kentzea leporatu zion Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak aldundiari. Diputazioak, berriz, «polemika artifiziala» sortzea egotzi zion, besteak beste laguntza horren eskumena Lanbiderena delako gaur egun —diru sarrerak bermatzeko errentaren barruko laguntza osagarri bat da, pentsiodunei dagokiena, 307 eta 533 euro artekoa—. Orain arte beste laguntza bat jasotzen zuten diputaziotik, banakako laguntza ekonomikoa, 51 eta 143 euro artekoa.

Aldundiak argitu du laguntza jaso dezaketenak 1.600 pertsona inguru direla, eta ez 3.100. Haien datuak jaso ostean, pentsiodunokin harremanetan jarriko da Lanbide, eta «banan-banan euren eskubideen berri» emango die, «etxetik mugitu behar ez izateko moduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.