GIPUZKOAKO UR HORNIKUNTZA. Gipuzkoarren erdien ur hornikuntza airean dago Añarbeko ubidearekin

Añarbeko urak Oarso eta Donostia aldera daramatzan ubide bakarra kaskartuta dago, eta hura konpontzeko laguntza eskatu dute

mikel p ansa
Donostia
2009ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Ubide bakar batek eramaten du ura Añarbetik Petritegiko araztegiraino (Astigarraga). Ez dago beste biderik. Ubideak huts egingo balu, urik gabe geldituko lirateke gipuzkoarren ia erdiak, 307.000 lagun inguru. Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Urnieta, Usurbil eta Astigarragako bizilagunak ubide horren egoeraren mende daude. Eta ubidea ez dago onenean. 1960an eraiki zen, eta «49 urtetan narriadura iraunkorra jasan du», Añarbeko Urak Mankomunitateko ordezkariek diotenez. Ubidea «edateko uraren hornidura sarean matxuratzeko arrisku handiena duen elementua» dela ere ohartarazi dute.

Urtegitik araztegiraino 11.642 metro egiten ditu urak ubidetik: 3.698 metro hormigoizko ubidean barrena, 6.728 tunelean eta 1.216 metro sifoi esaten zaien hodietan zehar. Bide osoan, berrehun leku baino gehiagotan, ura kanpora isuri edo barrura filtratu egiten da; iragazten den lekuetan hormigoia kaltetzen ari da; zuhaitzen sustraiak ubidean sartu eta trabak sortzen ari dira... Ia 20 urte dira Mankomunitatea ubidearen egoerarekin kezkatzen hasi zenetik. Hainbat azterketa egin dituzte urteotan.

Konpontzea ez da samurra, ordea. Egin beharko liratekeen lanek eskatuko lukete egungo ubidea ixtea. Baina hori ur hornikuntza etetearen pareko da. Hortaz, alternatiba bakarra ikusten du Mankomunitateak: ordezko ubidea eraikitzea. Hartara, egungo ubidea lehortu eta behar diren konponketak egin ahal izango lituzkete, ur hornikuntza eten beharrik izan gabe. Lanek 19 milioi euroko kostua izan dezaketela uste du, ordea, Mankomunitateak eta adierazi du ezin duela gastu hori bere gain hartu.

Añarbeko Urak Mankomunitateko lehendakari Enrique Noain Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan zen, joan den martxoaren 18an, ubidearen egoera azaltzeko. Eskaera zehatza egin zuen orduan: Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak, erdibana, lanen %75 finantzatzea eta Mankomunitateak %25a. PSE-EE alderdiko Batzar Nagusietako taldeak eskaera jaso eta proposamena aurkeztu du. Datorren maiatzaren 7an eztabaidatuko dute.

Zer erantzun jasoko, zain dago Noain: «Uste dugu oso zentzuzkoa dela hiru aldeen artean horrelako esfortzu bati ekitea». Gipuzkoako beste leku batzuetan «Aldundiak eman duen laguntza bera» jaso nahi dutela adierazi du Noainek: «Ez dugu eskatzen ohiz kanpokoa edo desegokia den ezer». Uraren Euskal Agentziarekin orain arte izandako bilerak onak izan direla jakinarazi du Noainek, nahiz eta ez duten akordiorik itxi. Agentziak jakinarazi du erabateko prestutasuna duela eseri eta behar diren konponbideak aztertzeko.

Diputazioaren lehentasunak

Gipuzkoako Diputazioko Ingurumen diputatu Carlos Ormazabalek bestelako lehentasunak ikusten ditu: «Gipuzkoako oinarrizko azpiegiturak bukatzen ari gara; horiek gipuzkoar guztientzako martxan dauzkagunean, beste lehentasun batzuk markatu beharko ditugu». Añarbeko mankomunitateak egin duen eskaera mantenimendu lana dela iruditzen zaio Ormazabali, eta horren aurretik bestelako lanak ikusten ditu: «Guri gustatuko litzaiguke denari aurre egitea, baina ez gaude une egokienean; hori egiteko, zer kendu behar dugu?». Ingurumen diputatuak uste du Gipuzkoan oinarrizko ur hornikutza bermatzeko lana bukatu behar dela bestelako lanei ekin aurretik.

Iazko azaroan Donostiako bigarren sahiesbidea egiteko lanetan ezbehar bat gertatu eta lurra jausi zen ubidearen gainera. Zenbait orduz etenda egon zen ubidea, nahiz eta garaiz konpondu zuten, eta ez zen ur hornikuntza eten beharrik izan. Martxoko azken asteburuan, ordea, beste ezbehar batek urik gabeko utzi zituen Lasarte-Oriako 6.000 bizilagun.

Ezbehar horiek ardura eragin dute Mankomunitatean, «ubidearen egoera eskasa agerian» utzi dutelakoan. Noainek dioenez, ubidea itxita ere, Donostiak 56 orduko autonomia du, eta gainerako herriek 24 ordutik gorakoa. Hala ere, ezinbesteko ikusten du beste ubidea eraikitzea, halakoak gerta ez daitezen, eta uda alderako akordio baterako oinarria lortuko dutela espero du..



Donostiako ur depositu guztiak zaharberritu dituzte

Donostiako 35.000 bizilagunei zerbitzua emango dien Oriabentako ur depositua inauguratu zuen, apirilaren 2an, Añarbeko Urak Mankomunitateak. 20.000 metro kubo hartzeko lekua du depositu berriak, eta, horrekin, Donostiari zerbitzu ematen dioten ur deposituak berritzen bukatu du Añarbeko Urak.



2,5

Añarbeko Urak Mankomunitatearen inbertsioa, milioi eurotan. Aurten inbertsioak egiteko 2,5 milioi euroko aurrekontua prestatu du Añarbeko Urak Mankomunitateak. Lastaolako indar etxea erosi eta egungo ubidearen sifoietako batzuk konponduko dituzte horrekin.



Bilbo aldeko ur zikinak batzeko hodi bat jarriko dute

Bilbo eta Barakaldo aldean, euri jasa handienetan, batez beste, 130 milioi litro ur galtzen direla uste dute. Ur zikin hori ez galtzeko, bi kilometro luze den hodi bat eraikiko dute Barakaldoko azpiko aldean. Hodiak ur zikinak jaso eta depositu moduan lan egingo du, eta Galindoko araztegira eramango ditu urak.



Añarbeko uren kontsumoa iaz

Iaz kontsumitutako 31.698 milioi ur litroetatik %93 Añarbeko urtegitik heldu ziren; gainerakoa udalerrien deposituetatik. Oiartzunek ez zuen hartu iaz Añarbeko urik.

Herria. Biztanleak. Milioi litro Añarbetik. Milioi litro udalerritik. Litroak egun eta pertsonako


Donostia. 183.050. 18.069. 0. 270,44


Errenteria. 38.250. 3.539. 0. 253,52


Hernani. 19.100. 1.880. 88. 282,28


Lasarte-Oria. 17.650. 1.814. 0. 281,57


Pasaia. 16.150. 998. 166. 197,47


Oiartzun. 9.850. 0. 1.617. 449,81


Lezo. 6.000. 592. 84. 308,76


Urnieta. 6.000. 1.339. 141. 676,19


Usurbil. 5.700. 528. 279. 387,50


Astigarraga. 4.400. 563. 0. 350,80


Guztira. 306.150. 29.322. 2.375. 283,66




CHC konfederazioaren egitasmoak Gipuzkoan

CHC Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa arduratzen da Espainiako Gobernuaren lanez Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ipar isuriko eremuetako ibai eta ur hornikuntzaz. CHCk hainbat egitasmo ditu bere gain Gipuzkoan: Loiolako araztegia eraiki zuen, eta baita Monpasko (Donostia) ur azpiko emisarioa ere. Orain, Usurbil eta Lasarte-Oriako estolda nagusia eraikitzeko lanean ari dira. Lanak bereganatzeko lehiaketa otsailean atera zuten jendaurrera, 27,2 milioi euroko aurrekontuarekin. Loiola eta Monpas arteko hoditeria eraikitzeko lanean ere ari dira, eta aurten Epeleko araztegia (Urolan) eta Zubillaga-Epeleko estolda nagusia eraikitzeko asmoa dute.



Ibiurren eraiki dute Gipuzkoako ur biltegi handienetan bederatzigarrena. Tolosaldeko 60.000 biztanleri ur hornidura ziurtatuko die urtegi berriak. Larrialdi plana osatu bezala, aurten betetzen hastea espero dute.

Azken urtegi handia

M. Peruarena. Donostia

IIazko ekainean bukatu zuten, Baliarraingo lurretan, Ibiurko presako horma nagusia, uraren mailatik gora 63 metro luze den hormatzarra-zatirik garaienean 232 metroko luzera du-. Neurriz kanpokoak dira Gipuzkoan eraiki den azken urtegi handiaren zenbakiak: 200.000 metro kubo hormigoi, 16 urte lanak egitea erabaki zenetik, 40 milioi euro...

Gipuzkoako bederatzigarren urtegi handia da Ibiur -Añarbekoa ere horien artean zenbatu ohi da, berez Nafarroako lurretan egon arren, Donostia baita haren jabea-. Añarbe, Ibai-Eder eta Urkullu urtegien atzetik, Ibiur da lurraldeko laugarren urtegi handiena. Añarbek 44 hektometro kuborentzako lekua du, Ibai-Ederrek 11rentzako, Urkulluk 10entzako eta Ibiurrek 7,6 hektometro kubo har ditzake.

Abendurako lan handienak bukatu zituzten, eta larrialdietarako plana osatzeko zain daude orain, urtegia betetzen hasteko. Kantabrikoko Ur Konfederazioak dioenez, aurki hasiko dira urtegia urez betetzen, eta urtebete beharko dute, gutxi gorabehera, guztiz betetzeko -beti ere, egingo duen euri kopuruaren arabera-. Gipuzkoako Foru Aldundiaren uste du urtea bukatu aurretik hasiko dela urtegia betetzen. 2010ean zerbitzua eskaintzeko moduan egongo da, hortaz.

Tolosaldeko 12 herriri, eta bertako 60.000 biztanleei, emango die ura Ibiurko urtegi berriak: Aduna, Alegia, Altzo, Andoain, Anoeta, Asteasu, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Tolosa, Villabona eta Zizurkil. Uda batzuetan urik gabe egon izan dira herri horietako batzuk, udaberri edo negu lehorrak izan direnean. Oria ibaiaren emaria eta ur kalitatea hobetzeko balioko duela ere espero dute.

Obra luzea

Euria egin du, Espainiako Gobernuak Ibiurko urtegia egiteari oniritzia eman zionetik. 1993an gertatu zen hori, eta harrezkero egindako euriak ez dira, behintzat, Ibiurren gelditu. 1997an lanak nork egin ebatzi zuen Gobernuak, eta 1999an hasi ziren lanean. Baliarraingo alkateak, ordea, geldiarazi egin zituen lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiak herriari eman behar zion ordaina ez zelakoan iritsi. Geldialdi luze samarra eragin zuen horrek; lanak berriro eman behar izan zituzten eta, azkenean, 2004ko otsailean hasi ziren, berriro, urtegia eraikitzen.

Urtegiaren inguruan parke ludikoa, ur bizien kanala, erregatentzako eremua eta aisialdirako zenbait egitasmo egon dira urte horietan guztietan mahaiaren gainean. Urtegiaren bueltan pista bat egiteko asmoa egon badago, baina gainerako eskaera eta egitasmoak ez dira, oraingoz behintzat, egingo. Diputazioa Ibiurko ura Tolosaldean banatzeko azpiegitura prestatzen ari da; araztegia eta ur biltegiak eraikitzeko lanak martxan daude, urtegia zerbitzuan jartzen denerako, lanak amaituta egon daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.