ELA sindikatuak deituta, agerraldia egin dute gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean herrialdeko zahar etxeetako langile ugarik, eta agerian utzi dute greban jarraitzeko asmoa. Gaur amaitu dute hilabete osoko greba bat, eta beste hilabetean behintzat segitzeko asmoa agertu dute: martxoaren 8ra arte. «Mingostasunez eta haserre» eman dute mezua; izan ere, 2018ko irailetik ari dira herrialdeko lan itun baten alde egiteko mobilizazioetan, eta dagoeneko 207 egun daramatzate greban. ELAk du gehiengoa sektorean, baina ez da grebak egin dituen bakarra: LAB sindikatuak deituta ere hainbat mobilizazio eta greba egin dira.
«Argi eduki dezatela ez garela geldituko», adierazi dute langileek. Gatazka hasi zenetik patronalak langileekiko «prepotentziaz» jokatu duela argudiatu dute, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ez diela inolako babesik erakutsi. Erakunde horrexen aurrean egin dute agerraldia, hain justu, auzian duen erantzukizuna gogora ekartzeko; izan ere, zahar etxeetako toki gehienak erakunde horrek itundutakoak dira, eta neurriak eskatzen ari zaizkio langileak. Gaur ere egin diote galdera: «Gipuzkoako Foru Aldundiak ez al du ezer esateko eta egiteko ere? Jarraituko al du estaldura ematen jarduteko modu horri?».
Ez da ezustekoa izan gaurko deialdia. Urtarrilaren 23an egin zuten azken bilera sindikatuek eta patronalak, eta langileen ordezkariek argi utzi zuten orduan gatazka gordintzeko arriskua zegoela. Patronalaren proposamen bat jasotzeko esperantzarekin joan zirela adierazi zuten, baina «onartezina» izan zela enpresetako ordezkariek erakutsitako jarrera: salatu zuten patronalak ez zituela kontuan hartu nahi langileen eskerik oinarrizkoenak ere. Hain justu, proposamenean 2019-2022 urteak hartzen ziren aintzat: 2017. eta 2018. urteak galduta daude. Sindikatuek usu utzi dute agerian ez daudela prest «marra gorri» hori onartzeko, eta, horregatik, adierazi zuten kalean jarraitu beharko zutela: «Greba gehiago izango dira: seguru. Eta egoera ikusita, gainera, luzerako izango da». Gaur mezu hori bera berretsi dute: «Ez dago beste biderik».
Gatazka hasi zenetik, langileen lan baldintzak hobetzeko neurri bakar bat egon da, baina herabea izan zen, eta herrena: iazko azaroaren 8an UGTk soldaten gaineko itun bat hitzartu zuen enpresekin, baina langileen ordezkaritzaren %10 besterik ez du sindikatu horrek sektorean, eta beste sindikatuek ez zuten ontzat jo. ELAko ordezkariek gaurko agerraldian adierazi dutenez, hainbat enpresak «akordio miserable» hori ere ez ezartzea erabaki dute, eta patronalaren jarrera agerian uzten du horrek.
Horiek horrela, hilaren 12rako deituta dagoen negoziazio mahaira ez direla joango esan dute ELAko ordezkariek. Langileen oinarrizko eskabideak aintzat hartzen ez dituen proposamen «serio» bat mahai gainean jartzen ez den bitartean bilerak «antzerki» hutsa izango direla adierazi dute, eta ezin dela horietan parte hartu.