95 egun daramatzate greban jadanik Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, pasa den irailaren 19an berriz ere lanuzteak hasi baitzituzten ELA sindikatuak deituta. Manifestazio jendetsua egin dute gaur goizean Zaintzaileak zainduz, bizitzak zaindu lemapean, Donostiako Kursaaletik abiatu eta Saguesen amaituz. Zinemaldira sartzeko ilaran zeudenekin nahastu dira kamiseta moreak soinean zituzten beharginak.
Txomin Lasa ELAko ordezkaria izan da ekintza horrekin salatu nahi izan dutena azaltzeko arduraduna: "Horrenbeste glamour duen Woody Allen, Penelope Cruz eta abarren Donostia horretan badira beste errealitate batzuk ere, tartean, zahar etxeetako langile eta erabiltzaileek jasaten duten prekaritatea". Dagoeneko urtebete luze daramate lan itunaren aldeko mobilizazioetan eta, aurreko ikasturtean 88 greba egun egin ostean, berriz ere lanuzteak egiten ari dira urriaren 18 bitartean.
Euren egoera salatzeko, "Zaintzaldia" ere antolatu dute. Ekimen horren asmoa da "kultura aldetik Zinemaldiari beste ikuspuntu bat ematea, eduki ezberdinak erakustea —gai sozialagoekin— eta Kursaaletik ere gure oihuak entzutea". Jaialdi alternatiboa antolatzeko ere Donostiako Udalak jarri dizkien trabak ere gaitzetsi ditu Lasak, zortzi toki ezberdin eskatu eta, "Zinemaldiaren aitzakiarekin", ez baitiete baimenik eman ia inon. Proposatu zituzten beste kokalekuak —Bulebarra, Alderdi Eder, Katalunia Plaza...— gaur hutsik daudela kritikatu du. Azkenean Saguesen jarri dute karpa, baina, "Udalarengatik balitz, itsasoan barrena jarriko genuen" amaitu du ELAko ordezkariak.
Erakundeen jarrera
Erakunde publikoek eurekiko duten jarreraren aurka agertu da Lasa: "Kasu honetan Donostiako Udalak jarri dizkigu trabak; hala egiten du Foru Aldundiak guri lan baldintza duinak ez eskaintzeko ere; eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, kalitatezko zerbitzua ematea ahalbidetzen ez duen dekretua onartu berri du". Ondorioz, Lasaren ustez, "erakundeen aliantza kriminala begibistakoa da, langile klasearen, emakumeen eta berdintasunaren aurka".
Gipuzkoan, 5.000 langile inguru ari dira sektorean, eta ia denak emakumezkoak dira. ELA eta LAB sindikatuak banatuta ari dira protestetara deitzen. ELAk du langileen ordezkaritzarik zabalena: %60. Apalagoa da LABena: %20. Patronalak eta sindikatuek ez dute aurrerapausorik eman negoziazio mahaian elkartzen hasi zirenetik, eta badira bi urte baino gehiago. Gaurko manifestazioan izan dira Bizkaiko zahar etxeetako zenbait langile ere, Gipuzkoakoei babesa eskaintzen; haiek ere epe luzez egin zituzten grebak.