864 pertsona. Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo emandako datuen arabera, horiek dira herrialdean zahar etxeren batean onartuak izateko zain dauden andre eta gizonak. «Hilero-hilero gora doa kopurua», aitortu zuen atzo Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak. «Eta horrek esan nahi du ehunka familia daudela egoera zailean: jabetzen gara». Eta, hain justu, sendi horien egoera hobetzen laguntzeko asmoz abiatu nahi duten «estrategia» aurkeztu zuen atzo Gizarte Politikako diputatu Maite Peñaren ondoan. Besteak beste, azaldu zuten 2019. urtera bitartean beste 300 leku sortuko dituztela zaharrentzako egoitza eta eguneko zentroetan.
Leku berriak sortzeaz harago bestelako neurriak ere martxan jarri nahi dituztela nabarmendu zuten foru agintariek, eta horiek erabakitzeko SIIS ikerketa zentroak egin berri duen ikerketa bat oinarri gisara hartuko dutela. Azterlan horren arabera, egun 6.000 leku inguru dituzte Gipuzkoako adinekoentzako zentroek. Batez beste, 65 urtetik gorako ehun biztanleko lau leku daudela nabarmendu zuen SIISeko zuzendari Joseba Zalakainek, eta apal samarra dela portzentaje hori. Frantzian, esaterako, ehun biztanleko bost daude; Belgikan, zazpi. Hala ere, Gipuzkoan leku horiek eskaintzen dituzten egoitzen izaera —«ardura publikokoak dira gehienak»— aski egokitzat jo zuen Zalakainek; hain justu, %12 bakarrik dira erabat pribatuak. Izaera horri eutsi nahi diotela nabarmendu zuen Olanok. «Nagusiki, hirugarren sektorearekin dugu harremana». Sendientzako laguntzak ere handitu egin nahi dituzte. Nolanahi ere, populazioa zahartzea «erronka» arazotsua dela aitortu zuen diputatu nagusiak. «Gizarte arazo larri bat da».
Gipuzkoan beste 300 leku sortuko dituzte adineko pertsonentzako zentroetan
Olano diputatu nagusiak ohartarazi du populazioa zahartzea «erronka» zinetan arazotsua dela. Hirugarren sektoreari lotuta jarraitu nahi dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu