Inkestek ez dute asmatu Gipuzkoan: EH Bilduk erraz irabazi du, eta duela lau urteko foru hauteskundeetan baino bost batzarkide gehiago erdietsi ditu. EAJ, aldiz, nabarmen jaitsi da; hamazazpi batzarkide izango ditu, orain arte baino hiru gutxiago. Horrenbestez, EH Bilduk buelta eman dio azken bi agintaldietan EAJk izan duen nagusitasunari. Ordea, ikusteko dago norentzat izango den Gipuzkoako aginte makila, Maddalen Iriarterentzat —EH Bilduko ahaldungaia— edo Eider Mendozarentzat —EAJren hautagaia—: EH Bilduk eta EP Elkarrekin Podemosek ez lukete gehiengo osoa lortuko, baina EAJk eta PSE-EEk ere ez. PPren hiru batzarkideen esku dago balantzak alde batera edo bestera egitea.
EH Bilduk «pozez» hartu dituemaitzak. Iriarte: «Zirrara konpartitu bat esan genuen, eta hau gipuzkoar guztiekin konpartitu nahi dudan zirrara da». 2019ko foru hauteskundeekin alderatuta, igo egin da boto kopuruan, ehunekoetan eta batzarkide kopuruan: 120.578 boto lortu dituzte (%36,64), orain lau urte baino 4.380 boto gehiago.
EAJk azken zortzi urteetan izan duen nagusitasuna galdu du, nabarmen jaitsita. Orotara, 105.437 boto jaso dituzte, azken foru hauteskundeetan baino 25.000 boto gutxiago.
PSE-EE izan da hirugarren indarra, baina jaitsi egin da hori ere: 51.591 boto eskuratu dituzte. Hori horrela, zazpi ordezkari izango dituzte Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Orain arte bederatzi eduki dituzte.
PPk, berriz, aurrea hartu dio EPri, eta laugarren postuan geratu da. Hiru batzarkide izango dituzte —bakarra zuten orain arte—, eta igo egin da boto kopuruan ere: orain lau urte baino 3.000 boto gehiago eskuratu dituzte. Orotara, 20.574 gipuzkoarren babesa jaso dute.
Beherakada jasan du EPk ere. koalizioak ordezkaritzaren erdia galdu du: lau batzarkide izatetik bi izatera pasatu dira. 32.858 boto lortu zituzten aurreko bozetan; orain, aldiz, 21.283. Gainerako hautagaitzek ez dute ordezkaririk lortu.
Gobernua zalantzan
Gehiengoa osatzeko 26 ordezkari behar dira; ikusteko dago zer gertatuko den. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ituna eginda, 24 batzarkide izango lituzkete. Beste horrenbeste izango lituzkete EAJk eta PSE-EEk orain arteko itunari eustea lortuta. Beraz, PPk izan dezake giltza, lortu dituen hiru eserlekuei esker. Iriarte prest agertu da negoziatzeko: «Gipuzkoak erabaki du gobernu aurrerakoi bat izatea, EH Bilduren lidergoa izango duena. Bihar [gaur] bertan nik neuk lideratuko ditut gobernu hori osatzeko negoziazioak, Gipuzkoak garaiko erronkei erantzun ahal izateko gobernu zabal eta aurrerakoi bat izan dezan». EAJk ere Mendoza aurkeztuko du. «Inork ez dauka gehiengo osorik, eta gutxieneko adostasun batzuk beharko dira, batzuekin eta besteekin. Ikusten dugu Eider Mendoza prozesu hori gidatzeko prest», esan du Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarrek.
Parte hartzea jaitsi egin da: %40,07 koa izan da abstentzioa, orain lau urte baino ia zazpi puntu gehiago. Gainera, 5.941 pertsonak bozkatu dute zuri, eta 4.097 boto baliogabe egon dira.
Udal eta foru hauteskundeak. Gipuzkoa
Gipuzkoan EH Bilduk irabazi du, eta bost ordezkari gehiago lortu
EAJk, PSE-EEk eta EPk batzarkideak galdu dituzte: hiru EAJk, eta bina PSE-EEk eta EPk. Ez dago argi ahaldun nagusia nor izango den, inork ez baitu gehiengo osorik lortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak