Gipuzkoan eta Bizkaian, itsasotik hogei metrora eraiki ahalko da

Kosta Legearen erreforma onartu dute Madrilgo Kongresuak, soilik PPren aldeko botoekin

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Talde ekologisten arabera, kostaldea «pribatizatuko» duen Kosta Lege berria onartu zuen atzo Madrilgo Kongresuak. Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean, itsasbazterrean etxeak egiteko babesa 100 metrotatik 20 metrotara pasatu ahalko da, udalek hala eskatuz gero. Hainbat adituk esan dutenez, horren ondorioz zaila izango da kontrol bat edukitzea, eta kostaldean libre gelditzen diren eremuak «zementuz gotortu» egingo dituzte.

Soilik PPren aldeko botoekin egin zuen aurrera erreformak. 1988. urtekoa zen aurreko legea. CIU abstenitu egin zen, eta gainontzeko alderdi politikoek kontra bozkatu zuten.

Espainiako Ingurumen ministro Miguel Arias Cañetek esan du erreformarekin tresna «indartsuagoak» izango direla «hirigintza astakeriak» egiteko. Federico Ramos Ingurumen estatu idazkariak, berriz, iragarri du «aliatuak» bilatuko dituela hotel eta txosnetako jabeen artean, «ingurumena zaintzeko».

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, herenegun, PSE-EE, EAJ, Aralar eta Bildu lege erreformaren aurka azaldu ziren. Espainiako Gobernuari proiektua bertan behera uzteko eskatzeko zuzenketa bat onartu zuten. «Hirigintza-ustiapen ereduan atzera egiten du erreformak, gizarteak eskatzen duen ekologia eta ekonomikoa orekaren aurka joz», salatu zuen PSE-EEko batzarkide Mikel Duranek.

45 urte gehiago Petronorri

WWF, SEO/BirdLife, Ekologistak Martxan, Oceana eta Greenpeace talde ekologistek legearen erreforma kritikatu dute, eta ingurumenaren babesari begira «atzera egitea» dela esan dute. Legearen aurka protesta egiteko asmoz, Greenpeace taldeko zortzi ekintzailek ekintza ikusgarria egin zuten Madrilgo Kongresuan. Haietako hiru kongresuko eraikinaren gora igo ziren. Poliziak berehala atxilotu zituen, eta arratsaldean Auzitegi Nagusira eraman zituzten. Greenpeaceko kide Pilar Marcosen arabera, 25 urteko babesari amaiera eman diote erreformarekin: «Babestu beharreko leku bat ustiapenerako toki bihurtu dute, eta Barcenasen paperetan agertzen diren interes pribatuei kostaldea oparitu diete». Europako Batzordean kexa bat aurkeztuko du taldeak, zuzentarauak hautsi diren iker dezan.

Ekologistak Martxan taldeko Carlos Alonsok BERRIAri azaldu dionez, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean eragina izango du lege berriak: «Kostaldeak babes txikiagoa izango du». Lege erreformarekin, kontzesioak 75 urte arte luzatuko dira. «Horrek, adibidez, Petronorren instalazioei eragingo die. Enpresak 2018ra arte zuen kontzesioa, eta orain beste 45 urte izango ditu. Beraz, bere egoera luzarorako legeztatuko du».

Eusko Jaurlaritzak lurralde plan bat du, kostaldearekin lotutakoa. «Horri esker, babes handiagoa egon daiteke gure kostaldean. Baina, hala ere, Madrilgo legeak nabarmen malgutuko du kostaldean eraikitzeko aukera», nabarmendu du Alonsok. «Hondartzetan txosnak eta publizitate kartelak jartzeko aukera ere erraztu egingo du legeak». Padurak, itsasadarrak, gatzagak eta arrain haztegiak pribatizatzeko aukera zabaltzea, halaber, «larria» iruditzen zaio talde ekologistako kideari.

Ekologistak Martxan-ek salatu du PPren gobernuak ez dituela teknikariak, gizartea eta natura kontuan hartu lege erreforma egiteko orduan.

Honako hauek dira lege berriaren aldaketa garrantzitsuenak:

75 urteko kontzesioak

Kostaldeko lur publikoetako eraikinen jabeei kontzesioak 75 urte arte luzatuko dizkiete — egun 30 urtekoak ziren—. Eraikin batzuk 2018. urtean eraisten hasi behar zuten, baina lege berriak bertan behera utziko ditu eraisketak.

Babes muga txikiagoa

Itsasbazterrean etxeak egiteko babesa 100 metrotik 20 metrora pasatuko da, udalek hala eskatzen badute. Itsasotik gertu eraikitako etxeek kontrolak gainditu beharko dituzte lanak egitean, udal eta erkidegoen arauak betez.

Hondartzak

Hondartzetan dauden negozioek lau urterako kontzesioak lortuko dituzte; lehen, urtebetekoak ziren. Txosna handiagoak jarri ahalko dituzte, eta elkarren artean gertuago ere bai. Hirietako hondartzetan festak egiteko aukera ahalbidetuko du lege berriak, «interes turistikoaren» arabera. Bestalde, eguzkitako estalkietan ez da aldaketarik izango; estalki kopurua udalek arautu ahalko dute, lehen bezala.

Klima aldaketa

Legeak lur publikoetako eraikinei eustea ahalbidetuko du, baldin eta itsasora iristen ez badira edo iristeko arriskua ez badute. Eremua arriskuan badago, Espainiako Gobernuak lanetan esku hartu ahalko du. Bestalde, ikerketa bat egingo dute, klima aldaketak kostaldean duen eragina aztertzeko.

Lanak geldiarazi

Klausula berezi bat sartu dute legearen erreforman. Horren arabera, Espainiako Gobernuaren ordezkariek udal planak eta eraikuntzen lanak geldiarazi ahalko dituzte. Klausularekin, Cabo de Gatako (Espainia) El Algarrobico hotelaren gisako adibideak galarazi nahi ditu gobernuak. Erkidegoen eskumenen aurka jotzen duela salatu du oposizioak.

Eremuen pribatizazioa

Padurak, arrain haztegiak,itsasadarrak eta gatzagak pribatizatzeko aukera zabaltzen du legeak. Horrek babesik gabe utz ditzake itsasbazterreko hainbat eremu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.