Gipuzkoan unean uneko akordioak lortzeko prest daude Bildu eta PSE

Bilera egin dute bi alderdiek, eta posible ikusi dute fiskalitatean eta gizarte politikan akordioak lortzea Gipuzkoako AldundianDonostian EAJrekin ituna egin nahi duela esan du Gascok, Bildurekin batzartu ostean

Bilduren eta PSE-EEren ordezkaritzen arteko bilera, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ  / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bilduk eta PSE-EEk posible ikusten dute arlo batzuetan unean uneko akordioak lortzea Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bi alderdiek aitortu dute programa aldetik «diferentzia garrantzitsuak» dituztela, baina prest agertu dira legealdian akordioak lortzeko, besteak beste, zerga sisteman eta gizarte politikan. Hala jakinarazi zuten atzo bi alderdiotako zerrendaburuek, bilduta egon ondotik. EAren Donostiako egoitzan ordubetez elkartuta egon ziren Bilduko eta PSE-EEko ordezkaritza bana Gipuzkoako Foru Gobernuaren eraketaz hitz egiteko. PSE-EEtik, Miguel Buen ez ezik, Miguel Angel Morales, Susana Corcuera eta Julio Astudillo ere egon ziren, eta Bildutik, Martin Garitano, Iñaki Agirrezabala, Ander Rodriguez, Idoia Ormazabal eta Lohitzune Txarola.

Batzarra giro onean egin zuten, Miguel Buenek jakinarazi zuenez. Mahai gainean Bilduren programa izan zuten sozialistek atzoko bileran, eta aurretik jakina zena berretsi zuten bi aldeek: lurraldeko azpiegitura handietan eta hondakinen kudeaketan bi alderdien arteko «desadostasunak handiak» direla. Horregatik, inbestidura akordioa lortzea baztertu egin zuten, baina zenbait alorretan akordio zehatzak lor ditzaketela azaldu zuen Buenek.

Hori esanda, hautagai sozialistak baieztatu zuen bere burua aurkeztuko duela Gipuzkoako ahaldun nagusirako, eta EAJrekin erakunde guztietara zabaldutako ituna lortzen ez badute Markel Olano hautagaiari ez diotela babesik emango.

PSE-EErekin foru gobernua osatzeko dituzten desberdintasunak «gaindiezinak» dira Bildurentzat ere, baina sozialistekin negoziatzeko ateak zabalik izango ditu koalizioak, Garitanok azaldu zuenez. Horrez gain, koalizioaren hautagaiak jakinarazi zuen sozialistek «interes berezia» erakutsi zutela Euskal Herriko normalizazio prozesuarekin. «PSE-EE erabakigarria da garai politiko berri honetan, egiteko garrantzitsua duelako», azaldu zuen Garitanok. Bildu sozialistekin hitz egiteko eta lankidetzan aritzeko prest agertu zen, «bakea eta normalizazioa lortzeko».

Donostiako Udala

Gipuzkoako Aldundian ez ezik, Donostiako Udalean gobernua osatzeko bilera ere egin zuten atzo Bilduk eta PSE-EEk. Bilduk «herritarren aldaketa nahia» errespetatzeko eta herritarren artean «izua eta ezinegona» sor ditzaketen adierazpenak ez egiteko eskatu zien sozialistei. Juan Karlos Izagirre Bilduren hautagaia buru zela, Rikardo Burutaran, Jon Albizu eta Nora Galparsoro izan ziren batzarrean koalizioaren izenean. PSE-EEtik, berriz, Ernesto Gasco, Susana Garcia Chueca, Marisol Garmendia eta Enrique Ramon sozialistak egon ziren.

Bilduk jakinarazi zuen bi aldeen arteko lehen bileran koalizioaren programaren inguruan aritu zirela baina ez zela «eztabaida sakonik» egon. Koalizioaren ustetan, berari dagokio Donostian «aldaketaren gobernua» osatzea eta «ziklo politiko berriaren mesedetan» jartzea.

Bileratik «kezkatuta» atera ziren PSE-EEkoak, udal gobernua Bilduk gidatzen badu «ahula»izango delako, Gascoren iritziz. Halaber, EAJk PSE-EEri jarri dion «betoa» ez dela zentzuzkoa salatu zuen PSE-EEren hautagaiak, eta «logikoena» EAJrekin akordioa lortzea dela erantsi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.