Zekorketak nahi dituztela. Zestoako (Gipuzkoa) herritarrek hori erabaki zuten herenegun egindako kontsultan. Aukera zeukaten 3.012 pertsonetatik erdiak pasatxo (1.527) joan ziren botoa ematera. Argia izan da emaitza: zekorketak bertan behera uzteko eskatu dute 542 herritarrek (%36), eta egiten jarraitzeko 963k (%64). Iragarria zuenez, udalak bere egingo du herritarren eskaria, nahiz eta, lege aldetik, erabakia ez den bete beharrekoa —udalarentzako eskariak sartu zituzten kutxetan, zekorketen aldekoak edo aurkakoak—. Leire Etxeberria alkateak herritarren parte hartze handia nabarmendu du, eta gustura agertu da.
Zekorketen alde herritar gehienak.
Edozer gerta zitekeen; ez genekien zein emaitza izango zen. Soilik nahi genuen ahalik eta jende gehienak parte hartzea eta ahalik eta gehienen iritzia jasotzea. Guretzat gai korapilatsua zen urtero batzuek eskatzea antolatzeko eta besteek ez antolatzeko. Orain, badakigu zer nahi duen gehiengoak.
Parte hartze handia izan da: aukera zeukatenen erdiak baino gehiago.
Gutxienez herritarren %33 joatea jarri genuen muga gisa, eta jendeak esaten zigun ez ginela iritsiko. Erdira iritsi gara. Batzuek esaten zuten gaiak ez zuela interesik sortuko, baina ikusi da baietz.
Kanpaina izan duzue azken asteetan, zezenketen alde eta kontra. Ika-mikarik izan da? Giroa gaiztotu da?
Ez, ez. Kanpainan errespetuz jokatu dute bai alde batekoek eta bai bestekoek. Ez da gorabeherarik egon. Eztabaida egon da, baina eztabaida sanoa. Ez da liskarrik edo giro txarrik sortu. Ez zen hori gure helburua. Udalak hartu izan balu erabakia bere kabuz, orduan bai, sortuko zen giro txarra.
Gehiengo handia agertu da zekorketen alde. Irmoagoa da erabakia?
Errazagoa da guretzat. Esan genuen %33ko parte hartzea bermatuz gero errespetatuko genuela irabazlea, alde handia edo txikia izan. Alde handia izanda, errazagoa da, zalantzarik gabe.
Zekorketen gaia itxitzat joko duzue?
Gure legealdian ez dugu berriro galdetuko. Denborak erakutsiko du. Orain, gehiengoak nahi du zekorketak egitea, hori ikusi da, eta errespetatu egin behar da.
Udalen egoera ekonomikoa ez da onena oraintxe. Askok gutxitu egin dute jaietarako aurrekontua. Zekorketen aldeko erabakiarekin, eskuak lotuta zaudete gastuak gutxitzeko?
Zerbaitek kezkatzen bagaitu, horrek kezkatzen gaitu. 11.000 euro dauzkagu festetarako, eta ikusiko dugu. Azkenean herriak badaki zein den egoera. Jendeak zer nahi duen ikusi dugu. Orain, kontsekuente izan behar du jendeak.
Posible litzateke zekorketak egin arren gutxiagotan egitea?
Begiratu beharko genuke, hitz egin, festa batzordearekin egon...
Sortutako ikusmina eta izandako parte hartzea ikusita, kontsulta gehiago egiteko atea zabaldu da?
Ez da galdeketa bat izan: jendeak udalari eskatu dio gauza bat antolatzeko, edo ez. Herriarentzat intereseko gai bat dagoela ikustean ikusiko genuke.
Leire Etxeberria. Zestoako alkatea
«Giroa txartuko zen udalak erabaki balu zekorketetaz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu