Bilboko gizarte zerbitzuek "ondo" funtzionatzen dute, baina, "neurri batean, gainezka" daude. Hala aitortu du Iñigo Pombo Gizarte Ekintza zinegotziak. Urtarrilaren 18an Otxarkoagan izandako hilketaren harira eman ditu azalpenak, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Batzordean. Atxilotutako bi adingabeetako baten inguruan ustez gizarte zerbitzuetako langileek idatzitako txostenaz galdetu dio PPk; hedabide baten arabera, neurri bereziak eskatu ziren 2012an. Zinegotziak ez du ez baieztatu ez gezurtatu adingbaeei buruzko informaziorik ez dutela ematen. Baina gizarte zerbitzuen funtzionamendua azaldu dio.
Bilbon gizarte zerbitzuetako 11 bulego daude, hirian sakabanatuta. Horietan, 55 gizarte langilek egiten dute behar. Bulego bakoitzak bere koordinatzailea du. 23 administrari laguntzaile dituzte, 71 gizarte hezitzaile, 15 psikologo eta eskolara huts egiten dutenekin lan egiten duten beste 11 bitartekari. Pomboren esanetan, Eusko Jaurlaritzak onartutako ratioak betetzen dira. Zinegotziak aitortu du auzotik auzora ezberdina dela egoera. Otxarkoagakoan sei gizarte langile dituzte, koordinatziale bat buru dutela, eta beste bederatzi gizarte hezitzailek laguntzen diete. Aitortu du "ezinean" ibiltzen direla sarri.
Oposizioko alderdiek kritikatu egin dute Bizkaiko Diputazioak adingabeekin egiten duen lana. Pombok ez du horretaz iritzirik eman nahi izan, baina erakunde guztiekin batera gogoeta egiteko prest agertu da. Gizarte zerbitzuak hurrengo adjudikatu behar direnean protokolo berriak osatu beharko direla esan du.