Michel Terestchenko. Aix-en-Provenceko Filosofia irakaslea

«Gizarteak du torturari erantzuteko boterea eta erantzukizuna»

Segurtasunaren izenean gizarteak tortura justifikatzen duela dio Terestchenkok, eta horrek zalantzan ezartzen dituela demokraziaren oinarriak. Gaiaren inguruko zinezko eztabaida bultzatu nahiko luke.

ISABELLE MIQUELESTORENA.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Moraltasunaren gainetik, torturaren eraginkortasunaz ere eztabaidatu beharko litzateke, Michel Terestchenkoren arabera (1956, Londres). Hori baita gizarteak bortxa justifikatzeko darabilen argudioa, baina erabat gezurrezkoa, frogatu denez. AEBetako kasuak aztertu ditu, batik bat, eta horren inguruan mintzatu zen atzo arratsaldean Baionan, torturaren inguruko jardunaldietako bigarren hitzaldian. Bezperan hartu zuen BERRIA.

Gizarteak tortura justifikatzen duela diozu. Zergatik?

Erran gabeko onarpen bat dago, inplizitua. Torturarena, baina baita orokorrean terrorismoaren aurkako borrokan erabili diren politika guziena ere. Gaur egun, adibidez, droneena dago: arazoa ez da jada torturatzea; orain, hiltzea da arazoa. Gizarteak praktika horiek onartzen ditu segurtasunaren izenean, eta politikan zigorgabetasuna dago: isilean egiten dituzte politika horiek; AEBetan, eztabaidagarria den legaltasun batean; eta, funtsean, eskubideak urratuz. Tortura debekatua baitago, halere! Baina herritarrek isilpean onartzen dute, eta kontrol falta bat dago.

Nola irits daiteke gizarte bat tortura justifikatzera?

Terrorismoaren aurkako borrokak gizartea aldatzera darama, eta praktika horien onarpenak gizartea eraldatzen du berriro. Gainera, ez da bakarrik estatu demokratikoetatik at dagoen aldaketa bat; barne aldaketak ere eragiten ditu. Hori da harrigarria: demokrazien barneko oinarriak zalantzan jartzen ditu, eta, halere, onartu egiten dugu.

Adibidez, zaintza elektronikoari dagokionez, eskubide indibidualak eta bizitza pribatua mugatzen ditu. Estatuaren burujabetza emendatzera darama, segurtasunaren izenean, herritarrek onartzen baitute beren eskubideak kolokan ezartzea. Jendea ados dago tortura, drone eta zaintzarekin, ohartu gabe segurtasunik eza orokortzen dutela.

Tortura eraginkorra dela pentsa zitekeen, baina ezta hori ere, ez?

Hori erakusten du Etxe Zuriak 2014ko abenduan publiko egindako txostenak. Lehenik, tortura ez dela batere eraginkorra: ez du sekula atentaturik eragotzi. Eta hori zen, berez, justifikazioa. Aldi berean, erakutsi du CIAk zigorgabetasun osoz jokatu ahal izan duela; [George] Bushi gezurrezko informazioa emanez, gainera. Eta hedabideetan agertu baldin bada ere, ez du inolako protesta esanguratsurik sortu. Informazioa dugu, baina eztabaidarik ez: kezkagarria da.

Zergatik ez dago eztabaidarik?

Idatzi berri dudan L'ère des ténèbres [Ilunpeen aroa] liburuan [George] Orwell aipatu dut. Espainiako gerlaz egiten duen gogoetan honela dio: «Nola da posible herritarrek ez erantzutea, pertsekuzioak, hilketak eta deportazioa daudela jakinda?». Erantzuna: ez dagokiola garaiko giro politikoari. Interesgarria da erantzuna, egungo giro politikoa segurtasunarena baita. Eta praktika horiek zalantzan ezartzea izanen litzateke beren helburuak kolokan ezarri eta etsaien jokoan sartzea bezala. Terrorismoaren aurkako borrokan adostasun giro bat dago, edozein izanik ere horretarako erabiltzen diren bitartekoak.

Begira zer pasatu den Koachi anaiekin. Gizarte osoak bat-batean heriotza epai bat eman zien. Baina nazismoko kriminal okerrenak ere epaitu zituzten eta! Justizia bazterrera utzia da erabat. Eta egunkarietan ere horrela ageri da. Figaro-n ikusi nuen: «Frantziak jihadistak ehizatzen ditu». Ehizatu eta garbitu. Eta gero eta okerrago goaz: Bushek torturatu egiten zuen; [Barack] Obamak, aldiz, hil egiten du. Bost aldiz biderkatu du droneen erabilera! Ehunka eta milaka biktima eragin ditu.

Baina ez zaio inori iruditzen arazo bat denik; beraz, ez dago gehiago justiziarik. Zuzenbidearen arauei burla egiten zaie, eta inork ez du protestarik egiten.

Gizartea aldatu da, edo lehen ere gertatzen zen?

Irailaren 11 mugarria izan zen: egunetik biharamunera bitarteko guziak egokiak ziren. Txundidurari ergelkeriaz erantzun genion: erantzunik ergelen, alferrikakoen eta eraginkortasun gutxienekoa eman genuen, gorrotoa elikatzen duena, eta ez du ezer geldiarazi. Aski da terrorismoak azken hamabost urteetan izan duen garapenari so egitea: ezin da erran mugatu dutenik; alderantziz.

Epaileek ere ezin dute deus gehiago egin. Atsekabetuak dira zuzenbidearekiko mespretxu hori ikusita. Gure eta haien arteko logika manikeista batean gaude, non kolpe guziek balio duten. Eta horregatik ez da bukaerarik ikusten: ez dagoelako estrategiarik, ez ikuspegi politikorik.

Zein da estrategia egokia?

Lehenik, eztabaida publikoa sortzea, inork ez baitu ezer ulertzen.

Herritarren esku dago, beraz?

Politikak gure izenean egiten dira, baina gure bizkar. Inplikatzen gaituzte, eta, beraz, erantzukizuna dugu eztabaidatu eta erantzuteko. Ez bakarrik ikusteko ea moralki ados gauden, baita eraginkortasunaren aldetik ere. Herritarrok kontuak eskatzeko betebeharra dugu, eta gobernuek, erantzutekoa. Baina estatuei baino lehen herritarrei egin behar zaie galdera, zinezko boterea izan baitezakete: boterea oso hauskorra da. Erraz jartzen dituzte halako politikak martxan herritarren pasibotasunari esker. Ulergaitza da: ez dugu ikusten muturren aurrean duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.