Hona hemen Jonan Fernandezen esan batzuk, aurrerapen modura:
- "Guretzat, aurrebaldintzarik ez dago euskal presoak gerturatzeko. Legeagatik, senideengatik eta giza ikuspuntu batetik gertu egon behar dute. Baina hori esanda, gogoeta autokritiko batek lagunduko luke kartzela politika aldatzen".
- "Izugarrizko akatsa iruditzen zait Eusko Legebiltzarreko Memoria eta Bizikidetza lantaldean akordio bat egiteko aukera ez aprobetxatzea. Horko akordioak baldintza berriak sortzea ahalbidetuko luke".
- "[Espetxe politika berria] Gure proposamenaren jasotzaile nagusia Espainiako Gobernua zen, eta une batean elkarrizketarako gune zuzena lortu genuen; ematen zuen aurrerapauso bat izango zela aldaketa progresibo baterako, baina, gero, Kataluniako egoera aitzakiatzat hartuta edo ez, bertan behera gelditu zen gunea".
- "Zaila da egutegian zerumuga bat ezartzea, baina bidea argi dago: presoen gizarteratze prozesua bultzatu behar da, eta, horretarako, lan ildo bat aurreikusita daukagu, programekin eta. Gizarteratze prozesurako, alde batetik, adostasuna behar da ezker abertzalearekin eta EPPKrekin, eta, bestetik, Espainiako Gobernuarekin".
- "Gure estrategia diskrezioz gauza asko egitea da. Baina, bide batez, aitortu behar da emaitzak oso urriak izan direla".
- "[Herenegun programa] Polemikaren ondoren, 32 ekarpen desberdin jaso ditugu. Orain aldaketak sartzen ari gara. Agindutakoa betetzen ari gara, eta espero dugu azaro erdialdean edo bukaeran bideoak ikusteko moduan egotea".